No time for love
http://notimeforlove-istimeforpeace.blogspot.com/
Bide batez, hemen uzten det azken udal hauteskundeen atarian Oarsoaldeko Hitzan idatzi nuen zutabetxoa. Kuraiari kendu nion izenburua.
Udaberri azidoa
Udaberriak udal berria ekarriko du Pasaiara. Pozik nago, egia esanda, Pasaian ez ezik, Lezon, Oiartzunen eta Oreretan ere halaxe gertatuko delako, beste hainbat lekutan bezala. Izango dugu aukerarik beraz bakoitzari berea emateko, lotsagabeki gure botere politikoa lapurtu zuten horiek dagokien lekuan jartzeko. Badakit baldintza ezin okerragotan iritsi garela hautes-lehiara, eta ez dela borroka garbia izango, proportzio berean banatuta baitaude hauteskunde hauen eta lapurren kontzientziaren garbitasuna. Ez dut uste nahikoa indarrez sentiarazi diegunik lotsa publikoa, salbuespeneko demokrazia honen erasoei aurre egiten itota ibiliko ginelako seguruenik, edo ausazko prozesu demokratikotik gehiegi espero genuelako igual, baina ez nuke pentsatu nahi politikaren ikuspegi zerutiarrari eutsi egiten diogula oraindik, gertatzen ari dena ikusita. Nago askoz ere gehiago zorroztu beharko ditugula gure politikagintzaren tresnak, prozesuak eta pertsonak, gainera datorkigunari aurre egin nahi badiogu behintzat.
Loreen sasoi honetan, ordea, neguko lorea da gurea, udaberria ez baita leku guztietara iritsi. Ez leku guztietara ezta pertsona guztiengana ere, dena zerrenda batean hasi eta bukatzen dela ematen duelako: Ertzaintzaren zerrenda, PPren zerrenda, Auzitegi Nagusiaren zerrenda, udaletxerako zerrenda, atzoko manifestaziora joateko autobusaren zerrenda… Zerrenda amaigabea akaso, gure gatazka bezalakoa…
Udaberria zaharren eskutik datorkigu oraingoan, ANVren eskutik, ziztuan gaztetu zaigun arren. Ez zait arrotza egiten ANV. Aita ere ANVkoa nuen, kuota behintzat ordaintzen zuen, eta bere karneta etxetik ibiliko da seguruenik, auskalo non; hori da zerrendak ez egitearen arriskua, gero gauzak bere aldetik ibiltzen direla, inolako ordenarik gabe, libre. Kontatu didatenez, 1931ko hauteskundeetan ANVk irabazi zuen Antxon, eta orain ere halaxe gerta daiteke. Zeinek esango zigun? Arrazoi izango dute gero kristauek Jainkoaren bidezidorrak asmagaitzak direla esaten dutenean, legez kanpokoak ziren garaiko kontuak izango dira… Baina antxotarron inguruan ibiltzen diren estereotipoei ahaztu egiten zaie aipatzen gure izaeraren ezaugarri garrantzitsua: autoritatearen eta larderiaren kontrako kultura, erresistentziarako joera, soslai ideologiko argirik erakusten ez duen arren, oso nabarmena dena.
Baina hauteskundeak irabaztea ez da nahikoa, lehenengo urratsa baizik gauzak aldatzen laguntzeko udaletxeak ematen duen indarrarekin. Eta, egoera horretan ere, nahiko latz, gure kontura negozioa egin behar duten horiek gogor ari baitira gure eskualdea galbidera eramaten haien besaulkitan ez kabitzeko. Nork jarri dezake Pasaia norabide zuzenean?
No comments yet
Leave a reply

RSS - Posts