Powerpoint aginpidea: 10/20/30

powerpoint-20032

Adierazgarria da powerpointak gure bizitzan hartu duen garrantzia: ia denetarako erabiltzen dugu denok edozein egoeratan. Hiru  faktorek ekarri gaituzte egoera honetara: ofimatika software ezberdinen eskuragarritasun “unibertsala”, software horien guztien erabilerraztasuna eta kultura bisualaren gorakada testuaren ordez.

Powerpointaren erabilera orokortu den arren, oso gaizki erabili ohi da, batez ere aspektu teknologikoak nagusitu zaizkiolako, ez hainbeste komunikazioari dagozkionak. Sarritan gertatzen den bezala, ez gara konturatzen teknologiak ez direla neutroak bere semantika historikoan nahiz kulturalean, eta teknologia guztiek dakartzatela aldean “jite pertsonal” bat.

Baina, hona galdera: powerpointaren gorakadak bat egiten badu kultura bisualaren gorakadarekin, eta hura azken honen zordun bada, zergatik erabiltzen da powerpointa word dokumentuen copy/paste laburtu eta buletdunak erakusteko, hau da, testua erakusteko? Non daude irudiak?

Izan ere, hauxe da powerpointaren erabilera okerraren punturik aipagarriena egun, hala unibertsitatean nola eremu profesionalean ere. Unibertsitatearen kasuan, bai irakasleak baita ikasleak ere akats berdin-berdina egiten dute. MUko Huhezin irakasle jardun dudan epe laburrean, powerpoint ikasgaia zeukaten nire ikasleek (halaxe deitzen zioten behintzat) ikus-entzunezko komunikazioan, eta trantsizioak-estekak-multimedia txertaketak eta abarrekoak ondo ikasita iristen zitzaizkidan arren, powerpointaren erabilera ikaslearen kalterako izaten zen normalean, eta puntuazioa jaisteko motiboa nota jartzeko garaian: ez al gaude ba ikus-entzunezkoen karrera batean?

Galdera, berriz: powerpointak esaten duena eta hizlariak esaten duena gauza bera badira, hau da, powerpointa hizlariaren hitzen bertsio idatzia besterik bada, ez al dago bietako bat soberan?

Hizlari baten lana zubigintza-lana izaten da, bera eta entzuleen arteko komunikazio-lana. Ezin da ahaztu zuzeneko emanaldi bati buruz ari garela, hori da komunikazio-egoera horren alderik garrantzitsuena, Joxerra Gartziak behin eta berriz gogorarazten digun bezala. Komunikazioa, hau da, elkarrizketa ez da soilik gertatzen hitzaren bidez, ezta hitza indargintza erretorikoaren bidez gaiztotzen denean edo egia logikoki borobilak botatzen ditugunean. Zuzeneko komunikazio egoera batek benekotasuna eta konexio emozionala behar ditu komunikazioa gerta dadin. Konexio emozionalik gabe ez baitago komunikaziorik. Brandinak erakutsi digun bezala, marka sendorik gabe ez dago komunikaziorik, eta, hain zuzen, horregatik esaten da marka konexio emozionalen konjuntoa dela, eta brandina, hartara, markaren esanahien kudeaketa estrategikoa.

Beste galdera bat: irudi batek mila hitz baino gehiago balio baditu, zergatik ez dugu erabiltzen gure aurkezpenetan?

Entzuleekin konektatzea da kontua, beraz, eta entzuleak ez du nahi soilik bertso on bat entzun, esperientzia oso bat eraman nahi du etxera. Horretan datza espektakulua. Bertsolaritza jarri det adibide, kontrapuntu lehorra delako azaldu nahi dudan puntu honetan. Izan ere bertsolaritzan hitza da nagusi. Pasa den asteartean Oiartzunen izan nintzen, Etxeraten urteroko bertso-saioan. Esan gabe doa Bizkaiko Txapelketaren finalean baino hobe pasa nuela. Baietz asmatu.

Guy Kawasakiren aburuz, powerpoint on batek 10/20/30 araua bete behar du, alegia: ez du izan behar 10 diapo baino gehiago, aurkezpenak ezin du 20 minutu baino gehiago iraun eta letra tipoak ezin du 30 baino txikiagoa izan. Bere iritzian esan nahi duzuna ez bazaizu kabitzen 10 diapotan, horrek esan nahi du ez daukazula argi esku artean daukazuna. Hauxe da berak proposatzen duen hezurdura:

  1. Arazoa
  2. Planteatzen duzun soluzioa
  3. Negozio-eredua
  4. Oinarrizko magia/teknologia
  5. Marketina eta salmenta
  6. Konpetentzia
  7. Taldea
  8. Aurreikuspenak eta mugarriak
  9. Egoera eta epeak
  10. Laburpena eta ekintzarako deia

20 minutu dauzkazu zure hitzaldia botatzeko, kontutan hartuta saioa berandu hasiko dela, arazoak izango dituzula proiektorearekin eta jendeak goiz alde egin nahiko duela. Gainera, 40 minutu eman beharko zenituzke eztabaidarako, entzulea inteligentetzat hartzen baduzu behintzat.

30eko tipografiarekin malgua da Kawasaki, baina zera esaten du: kalkula ezazu entzule zaharrenaren adina eta bitan zatitu, hortxe izango duzu tipografia egokia.

Seth Godinek ere badu zeresana honen gainean, really bad presentation delakoarekin gora eta behera ibili baitzaigu aspaldian, eta bere arau propioak ematen ditu.

  1. Ez erabili sei hitz baino gehiago diapo batean
  2. Ez erabili kalitate txarreko irudirik
  3. Trantsiziorik ez diapoen artean
  4. Ez erabili soinu efekturik, ez behintzat zuk zeuk prestatu ez badituzu asmo zehatzen batekin (inoiz ez programak berak eskaintzen dituenak)
  5. Ez ezazu banatu powerpointaren kopiarik paperean entzuleen artean. Aurkezpena emozionala da eta kopia horrek ez du funtzionatuko zu ondoan ez bazaude.
Eta bukatzeko Garr Reynolds daukagu zen, jazz and creativity postan ematen dizkigun 21 lezioekin datorkiguna:

  1. Estrukturan askatasuna eta bat-batekotasuna daude.
  2. Murrizpenak eta mugak askatasun handia eman dezakete.
  3. Ez ezazu inoiz egoera bortxatu. Naturala izan behar duzu beti.
  4. Asmo onak dira gakoa. Egiazkotasuna da errege.
  5. Ez da zuri buruzko ezer.
  6. Entzun, hitz egin baino gehiago.
  7. Hitz egin ezazu soilik zerbait esateko daukazunean, eta orduan ere erarik ekonomikoenean egin ezazu.
  8. Zure enfokea zuzena eta fina izan daiteke aldi berean.
  9. Beldurra naturala da (eta gizatiarra), baina zeharkatu behar duzu eta gainditu. Ez utzi beldurrari oztopo izaten.
  10. Akatsak hortxe daude beti (ez zaitez kezkatu).
  11. Unearen indarra baliatu.
  12. Teknikak garrantzia du, baina ez da elementurik inportanteena.
  13. Ez zaitez itxurakeriatan erori.
  14. Barre egin ezazu hala sentitzen baduzu. Zergatik ez?
  15. Konpartitu ezazu zeure burua besteekin; egin ekarpen bat.
  16. Soiltasuna ikaragarri ederra da, baina oso zaila da hori lortzen.
  17. Hutsunea eta isiltasuna adierazpide indartsuak dira.
  18. Baztertu nahaste-borrastea, argitasunaren alde ahalegindu zaitez.
  19. Pentsatzen baduzu menderatzen duzula, zure gainbehera hasi da.
  20. Ikasi beti. Ikasi beti. Ikasi beti.
  21. Jakinmina zure oparirik handiena da, elikatu ezazu (zuregan eta besteengan).

Bitxia da bigarren puntua, askotan entzun baitiet hori bertsolariei. Mugak askatzaileak dira!

Oro har, beraz, hitzak marginala izan behar du beti, eta irudia nagusitu behar da. Irudiek esanguratsuak izan behar dute BETI, zinemagintzaren urrezko irizpideari jarraiki: planoan badago zerbaiterako da, bestela soberan dago. Irudiak lortzeko baliabideak barra-barra daude sarean, irudi bankuak esaterako, batzuk doakoak, baina askotan nahikoa da Google, Flickr eta antzekoekin (Cooliris gehigarria Firefoxen instalatzea gomendatzen dizut gogoz bilaketa intentsiboak egiteko), bilatu itzazu eta zure gogokoenak aukera itzazu pixkanaka. Irudiak kalitatezkoak ez badira zu ere ez zara kalitatezkoa izango. Kalitatezko ez den irudia erabiltzeko sakoneko arrazoia behar duzu.

Powerpointaren edukia testuan oinarritzen baduzu, audientziarekiko deskontsiderazio galanta erakusten duzu, eduki berdina bi aldiz prozesatzea eskatzen diozulako. Gainera, motelagoan irakurtzen entzuten baino, eta horrek desinkronizatu egingo zaitu zure audientziarekin. Powerpointa euskarri multimedia da, zu ez bezala, eta horretarako baliatu behar duzu, zure hitzen laguntzaile eta biderkatzaile izan dadin, komunikazioaren intentsitatea handitzeko. Baina, kontuz, “irudi batek mila hitz baino gehiago balio” dituela esaten dugunean, ez ezazu ahaztu irudia eta hitza konbinatzen direnean hitzak eusten diola karga informatiboari batez ere, eta irudiaren karga emozionala ere zure baitakoa dela. Aprobetxatu ezazu bat-batekotasunaren eta zuzenekoaren indarra; sor itzazu egoera faborableak etengabe; kitzika ezazu jendea; konektatu ezazu entzuleekin. Azken batean, ez dago araurik jendaurrean hitz egiteko, mezua zu zeu baitzara une eta egoera jakin horretan.

Powerpoint on bat egiteko betetzen den akats handienetakoa hauxe da: zuzen-zuzenean joan ordenagailura, piztu eta powerpointa egiteko programa piztu. Hori egiten baduzu galduta zaude, teknokrata txiki bat zara, sinisten baituzu teknologiaren erabilerak ordezkatuko duela zutaz audientziak espero duena. EZ. Powerpointak egiteko programan sartu aurretik ideiak antolatu behar dituzu, eta, horretarako, funstezkoa da zer ez duzun esango erabakitzea. Komunikazio ekintza guztiak hilketa bat dira, ideia asko baztertu behar baitira sikiera ideia bat modu argian iristarazi nahi badiezu entzuleei. Horretarako nire arma sekretua mapa mentalak dira (nik mindmanager erabiltzen det, Mac-erako).

Hemen adibide bat, aurtengo hitzaldi baterako power pointa egiteko prestatu nuena. Ideiak maparatu egiten ditut lehenbizi (inventio), ordenatu eta euren arteko harremanak egiten ditut ondoren (dispositio) eta ideia bakoitza ilustratzeko irudi-bideo-audioa aukeratzen ditut ondoren (elocutio). Gero lasai aski joan zaitezke powerpointak egiteko programara. Hemen mapa horretatik sortutako powerpointa.

Ez pentsa hemen bukatzen denik dena. Oraindik memorizazio lana gelditzen zaizu zure jarduna eta powerpointaren arteko sinkronizazioa ahalik eta perfektuena izan dadin (memoria). Horretarako entseatzea komeni zaizu, bizpahiru aldiz gutxienez (nik lau aldiz egiten det), egoera erreala simulatuz, eta ariketa horiek aprobetxatu behar dituzu zure aktina prestatzeko (actio). Hemen adibide bat, aurtengoa ere, Koldo Saratxagarekin batera eman behar izan nuen hitzaldi baterako prestatu nuena, Di-Dak antolatua Abadiñon.
Hemen beste adibide bat, iazkoa, bezero batentzako prestatu nuena, jardunaldi batzuen aurkezpena egiteko.

5 responses on “Powerpoint aginpidea: 10/20/30

  1. Aupa Yussef. Zer, motorrak (Kawasaki) saltzen?

    Fuera bromas, post interesgarria. By the way: badira pare bat urte HUHEZIn power point irakasten ez dela…

  2. Nere postekin loturak: PowerPoint — konektikat·

  3. Nere postekin loturak: Ted Sorensen: komunikazio aholkuak diskurtso onak egiteko « neure (h)egitik·

  4. Kaixo, Joseba:
    Lagun batek helarazi dit zure testua eta oso gustura irakurri dut. Uste dut lagungarria izango dela nire lankide batzuentzat eta baita niretzat ere. Interesgarria da idazten duzun dena

Iruzkina egin

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s