Tweenbots: bada esperantzarik

Luzea da gizakia eta makinaren arteko harremanaz idatzi dena, gehien-gehienetan zentzu negatibo eta katastrofiko samarrean. Ludismoaren eragina gure egunetaraino etorri da, eta askotarikoak dira egun ere Interneten eragin kaltegarriez ohartarazten gaituztenen argudiobideak.

Teknofobia, azken batean, xenofobia mota bat besterik ez da. Baina beheko bideoan ikusten denak itxaropena piztu dit, laguntzeko joera nagusitu egiten zaiolako gorrotoari? Zer esango luke antropologo batek hor ikusten denaz? Gizakiaren goi izpirituaren bondadeak goratzeko aitzakia izan daiteke, aste santua pasata… Askotan arrazismoa bukatu da egiten “beste horien” umeekin parkean jolasten hasten garenean, haien babes beharrak gureganatzen ditugunean.

Baina Gatozen harira. Tweenbotak robot txikiak dira, gizakien menpekoak, eta hirian zehar doaz jendearen laguntzaz, abiadura konstantean eta zuzen-zuzen. Banderatxoan idatzita daukate norako helbidea, eta jendearen laguntza behar dute haraino iristeko. Hauen babes beharra ere bereganatuko du jendeak? Iritsiko al dira helbidera? Asmo frikia da, bai, baina samurra ere bada.

Via adverblog

No comments yet

Leave a reply