Edozein erakundeko militante edo aktibista bazara, berdin dio zein motatakoa, seguru nago behin baino gehiagotan esan edo entzun duzula hori: agerian utzi behar dugu egin dutena. Erakunde batzuetan esaera hori sistematikoa da, eta batzuek gainera horretan oinarritzen dute bere ekinbide osoa.
Horrela bada, eta horrela dela seguru nago, jakin ezazu pentsamendu eta ekinbide hori abandonatu egin behar dezula lehen bait lehen, ondoko arrazoiengatik:
- Zure aurkariaren agendan sartzen zara, eta ezin duzu zure agenda ezarri.
- Ondorioz, beti egongo zara defentsiban, atzetik, arnasestuka. Hori da egoteko dagoen leku txarrena.
- Eta iniziatiba beti dago zure aurkariaren esku.
- Aurkariari erantzuten ematen duzun denbora guztian, zure jendea abandonatuta daukazu.
- Ezingo duzu ezarri zure pentsamendu-eskema eta horren azpian dauden baloreak eta mundu-ikuspegia gizartean, beti ibiliko baitzara besteak zedarritzen duen mundu-ikuspegiaren barruan.
- Zure jendea kondenatzen duzu bere etsaien pentsamendu-eskemen barruan bizitzea, eta, horrela, denbora kontua da zure jendea haien lerroetara pasatzea.
- Zure indar-metaketa zure etsaiaren pentsamendu-eskemen araberakoa da. Alegia, zure etsaia indartzen ari zara.
- Esanahien eremua galdutzat jotzen duzunez, kopuruen eremuan irabazi nahi duzu. Adi: aldaketa soziala ez da kopuruen arteko borroka, ezta norgehiagoka. Zergehiagoka da (onartzen bazait), estrategia pertsuasiboen arteko borroka.
Agerian uzteko kemenak, pentsatzeko eta positiboki ekiteko alperkeria/arduragabekeria izkutatzen du. Ez da ez zuzena ezta jatorra ere jendeari edo herriari begira.
Facebooken eta Twitterren jende askoren laguna edo jarraitzailea izango zara. Horien artetik zenbatek osatzen dute bere jarduera ia guztia aurkariek esaten dutenarekin, hau eta beste hori salatzen?
Berriz diot: ez da sinesgarritasuna irabazi behar dena, ez da erakutsi behar zein gaiztoak diren besteak. Ez galdu denborarik ezta indarrik horretan. Jendearen konfiantza da irabazi behar dena. Konfiantza eraiki behar da, hortik fideltasuna eta epe luzeko egitasmoak. Bide batez esanda, sedukzioa bide okerra da beti.
Moralki gainera onartezina da. Estrategia guztia agerian uzte horretan oinarritzen bada, eta kasu askotan horrela da herrigintzan, horrek eskatzen du lehenbizi kolpea hartzea eta horren gainean lan egitea agerian uzteko zein gaiztoak diren besteak. Onartezina da hori aktibisten aldetik, eta onartezina da zure jendea zigor psikologiko eta sarritan errepresibo horren baitan uztea.
Ekinbide irabazleak behar ditugu, ez aldez aurretik garaituak (galtzaileak).
Agerian uzteko lana egunkariena da, edo wiki-leaksena, alegia kazetaritzara dedikatzen diren aktibistena. Ez da zure kasua, ekin lanari eta ondo bereiztu bi esparru horiek, bestela zure ekinbide osoa prentsaurrekoak egitera mugatuko da… Edo, okerrago, besteen prentsaurrekoak salatzera.

Nere postekin loturak: Sortu eta lortu « neure (h)egitik
Nere postekin loturak: Inpaktuaren falaziak « neure (h)egitik
Nere postekin loturak: Aldarrikapena eta Salaketa | neure (h)egitik
Nere postekin loturak: Berri onak euskalgintzan | Komunikazioaren (h)egia