Gizarte Mugimenduak ez daude aldarrikapenera edo salaketara mugatuta edo “kondenatuta”. Gizarte Mugimenduek garaipenak lor ditzakete.
Gizarte Mugimenduei errealitatea aldatzeko indarra aitortu behar zaie, bi arrazoiengatik: bat, halaxe delako; bi, hala aitortzen ez bazaie inoiz ez dutelako rol hori beteko. Hortik aurrera, Gizarte Mugimenduak rol hori betetzeko “armatu” behar dira praktikan. Aitortza teorikoak edo filosifikoak ez du balio.
Indar hori aitortzen ez bazaie, normala da “propagandaz” aritzea eta ez hainbeste komunikazioaz. Alegia, normala da salaketak eta aldarrikapenak ahalik eta gehien hedatzeko ahaleginetan agortzea haien “komunikazio” lana. Eta normala, ohiko irakurleek asmatuko zenuten bezela, horren guztiaren emaitza kopuruetan islatu nahi izatea.
Ordea, errealitatea aldatzeko zeregina aitortzen bazaie, orduan komunikazioari eskatzen zaiona ez da soilik “propagazioa”, baizik eta iritzi publikoaren moldaketarako estrategiak lantzea, aurkariaren aukerak itotzea e.a. Gizarte Mugimenduek ekintza sublimatu beharko lukete, ekintza positiboa eta estrategikoki antolatuta, ekintza delako Gizarte Mugimenduen funtsa, ekintzen bidez gauzatzen baitira estrategiak. Eta estrategiek taktikak behar dituzte, eta abar… Mobilizazioak ere horren baitakoa izan behar du!
Itxoin, galdera bat: zertara jarrita dago zure antolakundea, mobilizaziora edo garaipenera?
Aldarrikapena, salaketa, agerian utzi, jendetza bildu zen, inpaktuaren bilaketa… ezpal bereko zura dira: asko mugitzeko eta gutxi aurreratzeko formato burokratizatuak.
Arrazoia izatearen eta garaipenaren artean bide bat dago egiteko.
Kontutan hartuta gizarte mugimenduek ez dutela izaten ez enpresen ezta erakunde publikoen babesik, erraza da konturatzen jendea dela (iritzi publikoa, besteak beste) haien aliatu “bakarra”. Gauzak horrela ikusita, komunikazioak duen garrantzia estrategikoa eta komunikazioan jarri behar diren baliabideak hobeto dimentsionatu daitezke.
Bukatzeko, Gizarte Mugimenduak “komunikazio-erasoen” helburu direnean, ez dute biktima gisa jokatu behar. Jarrera “deportiboa” behar dute, konstruktiboa, eta aztertu noiz/non/nola utzi duten flanko hori babesik gabe. Duintasuna funtsezkoa da, bai, baina ez “irredentismora” (ekintza ezara) jotzeko, baizik eta lanean jarri eta komunikazioaren esparruan bertan garaipena lortzeko.
Eta ez bota kulpa kazetariei, mesedez… Zure komunikazioaren kontrola zure erantzukizuna da.

Nere postekin loturak: Berri onak euskalgintzan | Komunikazioaren (h)egia