Joseba Zulaikak dio amaitu dela sakrifizioen garaia; Zygmunt Baumanek dio amaitu direla betirako konpromisoak, kultura likidoa delako orain, iheskorra; Richard Sennetek dio amaitu dela Max Weber-en “burnizko kaiolak” ematen zuen segurtasun sentsazioa eta funtzio bat betetzen genueneko harrotasuna (nortasuna). Eta abar.
Gauzak horrela, ba al dago konpromisoa eskatzen jarraitzea lau haizetara? Konpromisoak kulturan lekurik ez badu, konpromisoa izan al daiteke zure komunikazioaren hari bakarra?
Erantzun laburra: ez. Lehen okerkeria bat zen hori egitea, militante mailako eskaintza bat eta bakarra egiten zitzaielako publiko guztiei. Orain okerkeria hori handitu besterik ez da egin.
Eta, hala ere, konpromisoa beti bezain garrantzitsua da. Nola kudeatu egoera hau erakundeen barruan eta kanpoan?
Gerta daiteke oso publiko zehatza izatea aukeratu duzuna, oso konprometitua dagoena zure kausarekin, eta orduan zure komunikazioa konpromisoaren inguruan antolatzea logikoa izan liteke. Baina, itxoin, dagoeneko konprometituta badaude, zertarako egin hori?
Zure komunikazioa konpromisora eta borrokara mugatzen baduzu, pentsa ezazu, agian eta konturatu gabe, burokrazia bat antolatu duzula. Energiak konprimitzea aukera bat da, egokia kasu askotan, leninistek eta beste batzuek erakutsi diguten bezala; baina ez da aukera bakarra, eta beti taktikoa izan behar du. Energiak askatzea da beti gakoa, herritarrekin interakzio ahalik eta zabalena lortze aldera. Nola dakizu ordea burokrazia bat egiten ari zarela? Hiru pista:
- Ezintasuna denean zure sentimendu zabalena.
- Energiak desplegatu beharrean konprimitu egiten dituzunean, beti eta sistematikoki.
- Zure borrokaren funtsa diren helburu estrategikoak zure komunikaziotik desagertu direnean, konpromisoak eta borrokak ordezkatuta.
OHARRA: frente bat baino gehiago kudeatzen baduzu, gauzak konplikatu egiten dira, eta horrek beste post bat eskatzen du.