Mezu ideologikoak edo mezu praktikoak? postaren barruan idatzita zegoen parte hau, baina bertatik atera eta hona ekarri det, bata bestearen baitakoa delako.
Post horren azkeneko paragrafoak zera esaten du:
Hau da: jendearen bizimoduan zentzua izango duten mezuak sortu behar ditugu, trakziorik gabeko teokrazia bat izan nahi ez badugu.
Eta, hain zuzen, puntu honetan kritikoa da kulturgintzaren egitekoa. Kulturgintzak “distantzia kulturalak” laburtzeko indarra dauka, eta, ondorioz, euskaltzaleen asmoak ulertarazten lagun ditzake distantzia hori gehiegizkoa denean.
Adibidez: Euskal Herrian gezur zikina dena, goi mailako edukazio onaren adierazle izan daiteke Asian, baloreen artikulazio ezberdin baten ondorioz. Ikusi, adibiderako, 47 ronin-en istorioa. “Etengabe gezur esaten dute Txinan” esango dizu bidaiariak. Txinatarrentzako, ordea, edukazio zarpailekoak gara gu mendebaldarrak, beti dena publikoki aztertu eta hitz egiteko joera lotsagabearen ondorioz. Shock kultural hori murrizteko eta bideratzeko funtzioa du kulturgintzak orain eta hemen.
Izan ere, baloreen arteko distantzia handia denean, bi aukera dauzkagu:
a) genero artistikoak erabili, batez ere unibertsalak direnak, ezagunak direlako eta horrek laguntzen duelako distantzia laburtzen.
b) kontakizunaren teknika erabili, kontzeptuak askoz hobe ulertzen direlako bizitzaren gazi-gozo unibertsalen/ezagunen bidez. Hona Hego Amerikako kulebroiek zergatik funtzionatzen duten hain ondo Asian: maitasunaren eta klase arteko borroken inguruko istorio gazi-gozoen oihartzun kulturala.
Hau da, zinemak edo antzerkiak, adibidez, ikuspegi ezberdinak azaleratu eta ulertarazten lagun ditzakete, genero horien mintzaira unibertsala delako, eta, horrela, kulturartekotasunari ateak ireki. Baina zinema edo antzerkia esaten dugun bezala, esan dezakegu komunikazioa, publizitatea, harreman publikoak e.a., batez ere komunikazioa kontakizunean (storytelling) oinarritzen bada, ez hainbeste aldarri autoafirmatiboan.
Baloreak ez badira errekonozitzen edo ulertzen, genero artistikoen eta kontakizunen ezagutza unibertsala erabili genezake, distantzia kulturala murrizteko.
Hortaz, kulturgintzaren eta komunikazioaren arteko kudeaketa estrategikoak emaitza ikaragarri onak eman ditzake.
Hipotesirako: euskalgintzaren arazo asko kulturartekotasun arazoak dira, eta ez soilik euskaldunak ez diren beste jatorri nazionaletako pertsonekin, Euskal Herrian bertan nekeza egiten baitzaio bere ikuspegia ulertaraztea.

Kaixo!
Oso interesgarria artikulua. Dena den, nik esango nuke euskalgintzaren arazoa kulturaren ustiatze eza dela, hau da, euskal kulturako paradigmak erabili baino erdarazkoak hartu eta sasi-moldatu egiten dira.
Bai eta ez Ziortza. Kultura bat eta bakarra da munduan, hainbat adierazpide dituena, baloreen artikulazio ezberdinaren ondorioz. Kultura guztiak azpikulturak dira, nolabait esanda, eta ikuspegi honek bentaja handiak ditu komunikazioan. Hortaz, “erdal” eta “euskal” ez dira hain kategoria arrotzak beraien artean. Areago: erdal kultura moldatzea edo sasi-moldatzea ez da batere ideia txarra erdaldunak erakarri nahi badituzu, horrek trakzionatzeko aukera ematen dizulako. Beste gauza bat da zure buruaz beste egitea, hala zure nortasuna ahaztuz nola zure irudia ez kudeatuz. Eta hortxe dago koska: nortasuna eta irudia bi-biak kudeatu behar dira, bakarra kudeatuz gero beti hanka-motz ibiliko baitzara.
Ongi etorri eta eskerrik asko komentarioarengatik Ziortza.