Berriki Berriak “Euskal Komunikazioa eta Sare Sozialak” elkarrizketa-sorta argitaratu zuen. Aste honetan #sarekohizkuntzak jardunaldia antolatu du EMUNek, enpresei zuzendua. Bietan hartu dut parte eta bietan arazo bera ikusten det: ulertzen det atzean dagoen asmoa, baina ez diet zentzurik ikusten, ez formulatu diren terminoetan behintzat.
Zer da “euskal komunikazioa”? Non hasi eta bukatzen da? #sarekohizkuntzak al dira gaia enpresa batean, hori al da bere egitekoa?
Nago formulazio horiek ez direla anekdotikoak, euskararen promoziorako arazo bihurtu den ikuspegi/praktika baten adibide baizik.
Euskara modu ia obsesibo batean kudeatzen dugula ematen du, beste gairik inporta ez balitzaigu bezala, Francisco Umbral zenak “quiero hablar de mi libro” ospetsu hura bota zuen antzera: besterik ez zait axola “nere liburua” ez bada, eta nere liburua da gauza guztien neurria. Horrek atera zuen Umbral gizartetik eta barregarri utzi: umeari bezala, zuri zure gauzak bakarrik interesatzen bazaizkizu, eta negar-protesta egiten baduzu nahi duzun bezainbesteko arreta egiten ez zaizulako, orduan barregarri geldituko zara eta gizartetik kanpo geldituko zara (zure negar-protestari arrazoiak falta ez bazaizkio ere).
Gaurko adibidera itzulita, esaten badidazu aztertu nahi dezula hizkuntzen erabilpenaren inpaktua enpresa batek interneten garatzen duen marketing-estrategian, orduan bai, orduan ulertzen det zertaz ari zaren eta zentzua hartzen diot gaiari.
Izan ere, euskara jokoan jarri duzu kontestu jakin batean, kasu honetan enpresaren marketing estrategia, eta hortik enpresak (gizarteak) ondorio batzuk atera ditzazke. Alegia, zure ahaleginak balio soziala lortzen du eta, gainera, zure komunitatea indartzen duzu.
Baina euskara inguruan dauden beste elementuekin jokoan jarri ordez, modu obsesibo eta sistematikoan aldarean jartzen baduzu, orduan gizarteari ihes egingo diozu eta euskara edo zu gurtzeko egoera sortuko duzu, unean uneko modazko tenpluan: gaur sare sozialak, bihar…
PS:
1/ Ikuspegi idelogikoei ez bazaie ikuspegi estrategiko bat gehitzen, erraza da teokrazian, fanatismoan edo ridikuluan erortzea; finean, erraza da gizartetik at geratzea.
2/ Euskararen profesionalek lobby euskaltzale teokratikoaren inkonsistentziak identifikatu behar dituzte. Enpresa/egitasmo errentagarriak lortu behar dira, eta, gainera, enpresa/egitasmo horiek balio soziala aportatu behar dute, baina ez soilik “euskara” terminoetan.
Nere postekin loturak: Enpresek sarean zelan? - Garaigoikoa·