Archive for the ‘internet’ Category
Michael Wesch: gure gizatasuna beldurrik edo antsietaterik gabe bizitzeko askatasuna dugu orain
Ostiralean juerga egin nuen Oreretan. AEKren txoznan boletoak jarrita zeuzkaten salgai (zer ez duten asmatuko hauek gure diruarengandik bereizteko!), eta, zoriona, boleto sariduna egokitu zitzaidan: besarkada bat! Inguruko guztiak besarkada ematen hasi zitzaizkidanean Free Hugs kanpainarekin gogoratu nintzen.
Kanpaina horrek erakusten duen gizatasuna da hunkitzen nauena, eta YouTuben bidez hedatu izana ez da nolanahiko kontua, YouTube, Internet 2.o esaten zaion hori guztia bezala, UGC edo erabiltzaileak sortutako edukiak egiten duelako, batez ere. Hartzaile izatetik esatari izateko aukera eman digutenean, zer egin dugu? Gure barrua erakutsi! Eta heroi anonimoak nonahi sortzen hasi dira, benekotasunaren bila, nortasunaren bila. Inori ezer/inor inporta ez zitzaion garaitik, edozer gauza axolagarri egingo zaigun garaira igarotzen ari omen baikara, eta horretarako edozein bide erabiltzeko prest gaude. Ezin det bideoaren musika aipatu gabe utzi: Sick Puppies taldea da, eta kantaren izena All The Same.
Pazientzia badaukazu ondoko bideoa ikusteko, uste det Interneti buruz eta teknologiari buruz daukazun ikuspegia aldatu egingo zaizula (akaso gizakiari buruz ere bai). Berriki kontatzen nuen nola jende askorentzako Facebook-en eta antzekoetan txorakeriak besterik ez direla entzuten/ikusten: “ze inporta zait neri non egon zaren oporretan?” aurpegiratzen dizute. Bada bideo horretan ematen den ideia baten sendotasunak harritu nau, eta apartekoa iruditu zait: “gure gizatasuna beldurrik edo antsietaterik gabe bizitzeko askatasuna dugu orain”.
Teknologiak eta medioek ez gaituzte urruntzen edo isolatzen, beste modu batean harremantzeko aukera ematen digute, eta batzuetan urrun sentiarazten bagaituzte ere, harremana inoiz baino sakonagoa da askotan.
Eta zergatik da hau dena garrantzitsua?
- Pertsonen arteko harremana eta komunikazioa ez dagoelako gutxi batzuen esku
- Ez delako norabide bakarrekoa
- Ez delako masarentzako sortua, baizik eta komunitateak komunitatearentzako
- Ekintza kolektiboaren abiapuntua delako gizabanakotik hasita
- Gure burua ezagutzen dugulako besteen bidez
- Inoiz baino errazagoa delako komunitateak sortzea
Gogoratu Clay Shirky.
EGUNERAKETA: Mikel Arbeloak Facebooken egindako iruzkin bati esker, El caparazón-en ikusi det badagoela Michael Wesch-en hitzaldiaren powerpointa ere. Hemen uzten dizuet. Gainera, lerro hauek idazterakoan atzean gelditu zitzaidan alderdi bat ere gogorarazi dit Dreig-ek, lanabesei buruzkoa. Lanabesak ez dira neutroak, askotan esaten den bezala pistola bat edo telebista adibide jarrita. Lanabesek moldatu egiten dute gizakia bere horretan, erabileraren kontua gora-behera. Kuriosoa egin zait bi puntutan bat egin dugula, izenburuan eta hiriaren aipamena egiten dugunean gaia testuinguratzeko.
Internet: aurreiritziak, datuak eta zereginak ezartzeko pistak
Askok eta askok zalantzan jartzen dute Interneten garrantzia edo eraginkortasuna komunikazio zeregineterako. “Zu ta zu bezalako lau (friki) aritzen dira hor, nere bezeroak eta jende normala ez daude hor” esaten dizute. Beste batzuk “ni e-mailarekin konpontzen naiz, eta Facebook eta hori dena txoroek txorakeriak esateko besterik ez dira”. Ez naiz orain hasiko Facebooki eta Twitterri dagozkien kritikak hona ekartzen (komunikazio-eraginkortasunaren ikuspegitik), hori laster ekarriko det blogera, baina datu hauek interesgarriak iruditu zaizkit hainbat aurreiritzi arbuiatzeko eta interneten egin beharreko lanak nondik nora planteatu behar diren iradokitzeko.
Lehenengo irudian agertzen diren datuak ikaragarriak dira, batez ere Txinari eta Indiari dagokienean. Kalitatea kopuruaren emaitza bada, atera kontuak. Bestalde, AEBtan gertatzen ari dena ere adierazgarria da: populazioaren %75a da erabiltzaile une honetan, AEBko hauteskundeei buruz esan genuena etorri zait burura: 2008ko hauteskundeetan lehenengo aldiz gehiago izan ziren Internetera jo zutenak hauteskundeei buruzko informazioa hartzera, jo ez zutenak baino. Kasu hau, batez ere Obamaren kanpainaren kasua, Tribuei buruz esaten genuenaren adibide praktiko nabarmena da. Hemen daukazue gai hau ilustratzeko diapo bat, eta gogoratu beste post hau interneteko erregetzari buruz. E-maila izan omen zen lehenengo sare soziala, eta egungo sare sozialek e-maila hiltzen ari direla esan dute batzuek (ikus beheko irudia), baina Google Wave etorriko denean, zirkulua itxi egingo dela ematen du (probatu duten euskaldunei ere gustatu zaie). Zereginak iradoki eta gainera gaizki egiten ari zarena ere nola konpondu jakin nahi badezu, hemen pista batzuk 7 reasons your social media marketing failed (and how to fix it!). OHARRA: klikatu irudietan handiagoak ikusteko.
Via Fabio.com.ar > new scientist
Via Ivan Pino > ProBlogger – 22 Reasons People Go Online: which is your blog Connecting With? (hau bai galdera ona!)
Via Mashable
Sare sozial digitalek historia egin dezakete
Gizakiaren historian ezagutu den adierazkortasun hazkunde handienaren lekuko gara (We are witnessing the largest increase in expressive capability in human history.)
Marketinaren etorkizunaz
Azkeneko egunotan kostatzen ari zait zerbait blogaratzea, baina gaur Patxik gaztelumendi.org-n idatzi duen postak animatu egin nau. Hori du ona iPtxk. Gaztetxeen marketing estrategiak: fotokopietatik sare sozialetara. (Unai Maleskiren baimenarekin).
Gareth Keyk TalentZoo.com-en argitaratu zuen artikulua oinarri hartuta (The future of marketing), Gaztetxeen nahiz beste edozein herri mugimenduren komunikazioaz eta “marketinaz” zerbait idaztea bururatu zait, ohi dudan bezala.
Internetek eta teknologia berriek benetako iraultza bat ekarri diguten honetan, marketina eta komunikazioaren arloak errebisio sakon baten beharrean daude, eta lotsik gabe esan daiteke une honetan arlo honetan egiten ari garen guztia oso probisionala dela, ez baitago arau finkorik ezta eskola sendorik ere. Has gaitezen.
1. Markak daude marketinaren zentroan (herrigintzaren zentroan bezala), eta markak misio kultural eta sozialen gainean eraiki beharko dira etorkizunean (orain), eta ez proposizio komertzialetan. Alegia, marketina eta herrigintza gero eta gertuago egongo dira bere estrategietan. Ez gara inozoak, eta badakigu zein da zein, baina bi esparruen arteko kontaktua konfusioa sortzen hasi da. Iberdrola, McDonalds, Dove, Eroski, Repsol, Endesa eta beste hainbeste buru-belarri sartu dira bide honetan. Administrazioak esparru honetan egiten duen lana ere kontutan hartuta, komunikazio-continuum bat dago enpresa eta herri mugimenduen artean hainbat gai aldi berean lantzen (feminismoa eta ekologismoa batez ere). Hortaz, marketinaren gai zentral, historiko eta obsesibo bat, posizionamenduarena, birformulatzeko garaia iristen ari da pixkanaka, bere garrantzia aldatzen hasi delako.
2. Markak egiten duena garrantzitsuagoa (izango) da esaten duena baino. Ethos kultural baten baitako markak izate aldera, jokatzeko moduak egingo du marka besteen aurrean. Eta hau gertatuko da markaren esparru guztietan: banaketa, prezioa, komunikazioa, estiloa… Azken batean, The Cluetrain Manifesto-n esaten den bezala, “gehiago daki markaz jendeak, markak berak baino”, word of mouth delakoari esker, sare sozialen baitan gertatzen den ahoz ahokoari esker, alegia. Horregatik aldatuko da posizionamenduaren garrantzia zentrala eta pasako da erlatiboa izatera. Facebook-en gertatu dena erabiltzaileen informazioaren jabegoaz adierazgarria da, baita Digg-en eta Meneamen gertatu dena ere. BTW, hainbeste zalapartaren ostean, Facebooken erreferendumean erabiltzaileen %0,003 (bakarrik) hartu zuen parte, datuen pribatutasunari buruzko erreferendumaz ari naiz, apirilaren 16tik 23ra egin zena). Alegia, 60 milioi parte-hartzaile espero ziren arren, 640.000 erabiltzaile “soilik” parte hartu zuten, 200 milioien artetik (informazioaren iturria Pasion por el Marketing) Azen batean, Interneten marketina eta komunikazioa gauza bera dira.
3. Ideia txiki askoren garaia da, ez ideia handi bakar batena. Berriz ere posizionamenduaren garrantzia erlatibizatzera gatoz. Kontsumitzailea, botu-emailea edo laguntzailea, den-denak nomadak dira medioen kontsumoari dagokionean, eta honez gero ez dago ustezko segmentazio sozio-demografiko baten araberako medio-kontsumoan. Gauza ez baita jakitea non dagoen jendea, baizik eta gauzak egitea jendea zure mezuaren eramaile izan dadin (hau da marketin birala, ez besterik). Taktikak aldatu dira honez gero. Esparru kultural batean bizi eta esparru kultural baten elikatzaile izate aldera, kulturaren baitako dialektika eta kontraesanen mundua ezagutu eta kudeatu behar da, eta askoz ere zailagoa da hori, mezu berdina etengabe aireratzen ibiltzea baino. Horregatik, hobe da sute txikiak pizten ibiltzea ikusteko non dagoen erregairik, sute bakarra piztea baino.
4. “Primero, la gente” – Manu Chao. Hemen dago koska, beti bezala. Jendearekin, jendearengandik, jendearentzako… Markak elkarrizketa esparruak dira, eta zure intereseko jendearekin elkarrizketan hasteko haientzako interesgarriak diren gaien inguruan hitz egiten hasi beharko duzu.
Interneten rola 2008ko AEBko hauteskundeetan
The Internet’s role in campaign 2008 txosten interesgarria kaleratu berri du Pew Internetek.
Txostenaren arabera lehenengo aldiz gehiago izan ziren Internetera jo zutenak hauteskundeei buruzko informazioa hartzera, jo ez zutenak baino. Internauten %74ak erabili zuen sarea kanpainari buruzko informazioa hartzeko, AEBko helduen %55a, alegia.
Txostenak beste datu batzuk ere ematen ditu:
- Ia 5 erabiltzaileetatik 1ek (%18) iruzkinak, ideiak edo galderak sareratu zituen blog, sare sozial edo fororen batean.
- Internauten %45ak kanpainako spoten bat ikusi zuen Interneten.
- 3tik 1ek eduki politikoren bat birbidali zion beste norbaiti. Helduenen artean asko ugaldu zen eduki politikoak partekatzeko joera.
- Gazteak gero eta gehiago inplikatzen dira eztabaida politikoan sare sozialetan. Erabiltzaileen %83ak perfila dauka sare sozialen batean, eta hauen artetik bi herenek ekintza politikoren batean parte hartu zuten sare sozialen bidez.
- Adi, hauteskunde-lanetan aritzen zaretenak: Internetek egunkariak berdindu ditu eta irratiak bikoiztu ditu hauteskundeei buruzko informazio-iturri gisa.
- Hautesleak mugitzen ari dira, eta ihes egiten diete ikuspunturik gabeko webguneei; hobetsi egiten dituzte beren ikuspegi politikoekin bat egiten dituztenak.
Leave a Comment
Comments (6)


Comments (1)


RSS - Posts