Irakurtzeko plazerra
Thursday, June 19, 2008

Sustaturen bidez izan det egin:10 urte-ren berri, Egineko langile talde ohi baten bloga, egunkariaren itxieraren 10. urteurrenaren bueltan abiatu dena.
Sartu bezain pronto artxibo gizen samarra ikusi det, eta harritu egin naiz, horrek esan nahi baitu denbora pasa dela bloga abiatu eta ni haren berri izan dudan arte. Irakurtzen jarri naiz, eta ikaragarri gustatu zait, gozatu egin det irakurtzen, aspaldi ez bezala. Eta pentsatzen jarri naiz egunkaria irakurtzeko motibazio ezkutua ez ote dan izango testu ongi idatziek uzten duten satisfakzio borobil hori.
Baina, gainera, badago beste faktore bat asko gustatu zaidana, eta iraganarekin konexio emozional bat sentiarazi didana: testu mikatzak, azidoak; botereari buruz inolako errespeturik gabe hitz egiteko gaitasun askatzaile erabateko hori, beste inon ezin dana aurkitu.
Eta hauxe da nere drama: euskaraz irakurtzen gozatzen det, gazteleraz baino gehiago, eta horretarako Berria daukat, ikaragarri gustatzen baitzait, baina boterea eta dominazio-sistemari autoritaterik batere onartuko ez dion egunkaria irakurri nahi det nik, eta Berriak ez dit hori ematen, inondik inora; hori izatekotan, GARAk ematen dit, ez Eginek bezala, ordea, baina hortxe.
Eta honetaz ari nintzen pentsatzen, konturatu naizenean zer egin diguten azkeneko urteotan, Egin, Berria, Herri Batasuna eta abarrekoak itxi dituztenean. Indar askatzaileen marka-arkitektura ia osoa desegin dute espainolek, eta nere ustez ez zaio aspektu horri nahiko erreparatu. Markak izaten dira munduari buruz ibiltzen dugun ikuspegia adierazteko modurik sintetikoena, azkarrena eta eraginkorrena, gure ondokoen dispositibo razionalak aktibatu beharrean dispositibo sinbolikoak aktibatzen ditugulako erabiltzen ditugun marken bidez. Marka sendo batek edozein egitasmori ematen dion indarra neurgaitza den arren, gauza jakina da haiengan dagoela giltza, berdin dio Coca-Cola den edo AEK den.
Indar askatzaileen arkitektura-marka desegitearekin batera desegin dira, era berean, marka haiekiko lotura afektibo asko, eta hauxe da hain zuzen espainolen asmoetariko bat, errepresioak soratazten duen bildurrarekin batera, herritar asko posizio militanteengandik urruntzeko helburu duena. Lotura afektibo haiek indargabetu, eta ETAren biktimekiko lotura afektiboak indartzen saiatu, dena bat izan da azken garaiotan, ordezkapen sinboliko bat burutu nahian; azken batean bahiketa emozional bat besterik ez da, biktima batzuen mina hauspotu eta besteena desagertaraziz. Markaz aldatzera bultzatu nahi izan dute hainbat jende, horretarako hainbat marka merkatutik egotzita legeen bidez.
Alta, marka berriak sortzen joan dira, eta beste batzuk ez dira guztiz desagertu oraindik. Marka ezberdinen egoera ezberdina da espainolen erasoen ondoren, arrazoi ezberdinengatik. Interesgarria da ezker abertzalearen eta euskalgintzaren marken aurka egin diren saioak brandinaren edo markagintzaren ikuspegitik aztertzea, iruditzen baitzait ondorio oso integresgarriak atera daitezkeela.
Etsaiaren edo konkurrentziaren asmoen eta ekintzen aurrean erreakzionatzeko gaitasuna duen marka soilik izango du etorkizunean irauteko aukera, eta, horretarako, markagintzak ikuspegi sendoak ematen ditu.
Internet eta ekintzaile politikoak
Tuesday, February 19, 2008
Oso-oso interesgarria iruditu zait ekintzaile politikoen eta Interneten arteko harremanari buruzko post hau Ciberdemocracia en la campaña electoral de 2008 blogean.
Erreferendumak karteletan
Friday, February 8, 2008
Interesgarria iruditu zait Argiak eman duen diaporama hau, hona ekartzeko adina interesgarri behintzat.
Ikaragarria da ikustea nolako tipografiak, koloreak, irudiak, pertsuasio-estrategiak e.a. erabili izan ditugun. Gure herrian egin izan den komunikazio politikoaren adibide esanguratsua da. Portzierto, ez al zaizue iruditzen batzuk falta direla? Nire gogoan behintzat batzuk falta direla esango nuke.
Baina, hala ere, pena eman dit horrelako gauza ederra hain musika tristearekin batera ikusi behar izana, nahiz eta musika benetan polita iruditu zaidan. Horrelako revival bat beste musika alaiago batekin jarriko nuke nik, erakusten zaiguna ez baita drama, abentura baizik. Zesatezue zuek?





