Eztabaida bizi-bizia hondakinen kudeaketari buruz

14 07 2009

usrb

Eztabaida bizi-bizirik dago egunotan, irratian eta egunkarietan batez ere. Arduradun politiko nahiz instituzionalak, herritarrak, kazetariak, hedabideak eta beste eragile batzuk beren iritziak eta estrategiak erakusten ari dira, gero eta modu argiagoan, batez ere atez ateko bilketa sistemak aurrea hartu duelako eztabaida publiko honetan. Bederatzi hilabete nahikoak izan zaizkie atez atekoaren bultzatzaileei eztabaida osoa replanteatu eta egoera berri bat ekartzeko. Une honetan atez ateko sistema aitzindaria da, eta itxaropena piztu du jendearengan, zaborren arazoak konponbiderik baduela erakutsi duelako, gure osasuna arriskuan jarriko duen inolako erraustegirik gabe. Nola gertatu da hau, ordea? Badira faktore batzuk:

1. Usurbilgo herritarrek egin duten ahalegina, Usurbilgo Udalarekin eta San Markoseko Mankomunitatearekin batera. Lortu dituzten emaitzak ikusgarriak dira, lehenengo hilabetean %76a birziklatzea lortu bazuten ere, orain %80tik gora ari baitira. Jakinmina piztu du honek guztiak.
2. Erraustegiaren aurkako jarrera zabaldua Gipuzkoa osoan.
3. Gipuzkoarren eta, bereziki, San Markoseko Mankomunitatearen eremuko biztanleen jarrera positiboa birziklatzearen alde.

Eztabaida bizi-bizi zabaltzen ari dela ikusteko, nahikoa da hemen, hemen, hemen, hemen, hemen, eta, zabalago, hemen, klikatzea, mota guztietako iritziak ezagutzeko. Datozen hilabeteetan eztabaidaren bolumenak gora egingo du, seguruenik, San Markoseko Mankomunitateak azken asteotan egin duen kanpaina sendoak Usurbilgo atez ateko datuak jakitera emateko bazterrak harrotu dituelako, eta horrek erreakzio bat izango duelako, batetik; eta, bestetik, beste herri batzuk hasiko direlako atez atekoa ezartzen. Jakiteko dago oraindik San Markoseko Mankomunitatetik kanpoko beste mankomunitate batzuek zer egingo duten, baina nabarmena da mankomunitate horiek atez atekoaren egingo balute, horrek gauzak beste leku batera eramango lituzkeela Gipuzkoari dagokionean.

Nago atez atekoa bultzatzen ari direnen inteligentzia estrategikoa ondo funtzionatzen ari dela, oro har, baina Usurbilgo etapa gaindituta, mugimendu berriak behar direla pentsatzen det.





Telebista 2.0

21 04 2009

Ondoko bi bideoek Usurbilgo hondakinen atez ateko bilketa sistema dute hizpide. Bi kazetaritza-lan berdinak dira, generoaren aldetik, baina oso ezberdinak emaitzen aldetik. Zeinekin gelditzen zara zu?

Bestalde, kazetaritzaz besteko iruzkinik ere egin litekeela iruditzen zait.





Ze kubo politta

26 03 2009

gonbidapena-1

Berriki jende ona ta langilea ezagutu det, laneko kontu bat dela-eta (Usurbilgo atez ateko kanpaina). Egunak eman ditut haiengandik hartutakoa nolabait eskertzeko asmoarekin, baina ezin orain arte asmoa bete.

Kuña bat grabatu behar zela-eta jinglea egitea deliberatu genuenetik Pirritx, Porrotx eta Marimotsen laguntza izan degu, eta haien sarearen gainean lan egitea erabaki genuen, presak ere hartaratuak, besteengandik ikasteko eta gure ikusmugak zabaltzeko. Lotsik gabe aitor dezaket honek guztiak koska bat gorago jarri gaituela, eta pozik nago horregatik. Gainera, urte luzetan ikusi gabe nituen lagunekin, arazoekin, ikuspegiekin, asmoekin eta erdi galdua nuen nere nortasunaren parte batekin rekonektatzeko aukera eman dit jingle sinple honen grabaketak. Sareen eta talentoen arteko kooperazio honek jingle hau baino askoz ere gehiago eman duela uste dut, eta iruditzen zait aurrerantzean emaitza gehiago izango dituela. Hala sentitzen det.

Emaitza ona izan dela zalantzarik ez daukat, baina post hau idaztera bultzatu nauena eskerrak emateko gogoa da. Alde batetik, eskerrak eman nahi dizkiet gure pailazo maitagarrienei, Saroi Jauregiri, Unai Elizasuri, Xabier Zabalari, Garate estudioko Martxel Arkarazori, Kakiri eta Pintzari, eta Mal de Ojoko Adrian Perezi. Esan behar da, operazio guztiaren MC lanetan Porrotx ibili dela, eta gure gure admirazioa eta esker ona adierazi nahi diogula, erakusten duen lan gaitasunarengatik, eskuzabaltasunarengatik eta humiltasunarengatik.

Hona emaitza, sinplea, baina etorkizunez beteta datorren txinparta.

Euskaraz

Gazteleraz





Argia Sariak eta beste

2 02 2009

Aste bukaera mugitua izan nuen pasa den astean, ta gaur arte posteatu ezinik ibili naiz, hain da latza antxotarraren bizimodua ;-) .

3243752133_29d2ef8d8e_b

Argazkia: iMamon

Ostegun atsaldean .eus elkartea aurkeztu zen Durangoko Plateruenan, eta bertan egon nintzen euskal blogosferako hainbat eta hainbatekin, gustura eta harro samar, partizipazio txiki bat izan dugulako ekimen horretan (oso txikia). Izan ere, gure enpresan urtero egiten dugu lanen bat “baidefeis” kausa sozialen batentzako, eta iazkoa .eus-entzako egin genuen. Ekitaldi xumea eta elegantea iruditu zitzaidan, baina gauzarik inportateena da askatasun sentimendu bat nagusitu zitzaidala, sekretupeko ekimena publikoa delako behingoz, eta orain lasai aski dagoela berari buruz hitz egitea. Aspaldi ez nuen ikusten ekimen bat hain ondo taxutua eta zaindua bere alde guztietan, eta txororen batek edo bestek hitzartutakoa bete ez eta haserreren bat edo beste piztu badu ere euskal hedabide batzuen artean, dena ondo ateratzen ari dela esango nuke. Harreman publikoen indarra berriz mahai gainean, batez ere estretegikoki ondo definituta daudenean. Sare sozialetan eta e-mailetan azkar zabaldu da berria, eta jendea etengabe ari da sinatzen babesa emateko ekimenari.

b_419saridunak09handiaArgazkia: Argia

Euskal hedabideen haserrearen berri Argia Sarietan izan nuen, hurrengo egunean, ostiralean, urtero bezela Txitxardin Betzan egiten den bazkari-ekitaldian, nere mahaian eserita zeudelako Argiako kazetari batzuk (eskerrik asko zerbitzari ataundarrari pasarazi zizkigun une onengatik). Bigarren aldia da bertaratzen naizela, duela lau urte Argia Saria eman ziotelako Bertsozale Elkarteari 2005eko publizitate kanpaina onenari, eta ni izan nintzelako kanpaina hartako Komunikazio Burua. Oraingoan Usurbilgo Udalari eman diote 2008ko publizitate kanpaina onenari Argia Saria, argudio hauekin:

Aurten PUBLIZITATEko ARGIA SARIArekin saritu nahi dugu kanpaina oso bat, izan
duen eraginkortasunagatik eta herritarren parte hartzea bultzatzeko egin duen
ahaleginagatik.

Garapen jasangarria mundu guztiaren ahotan dabilen honetan eta zaborren kudeaketa geroz eta arazo zailagoa bihurtzen ari denean, formula berriak bilatzeko ahalegina egin dute eta erakutsi dute, publizitateak balio dezakeela kontzientzia ekologikoa sortzeko ere.

Enpresekin, dendariekin eta herritarrekin lan egin dute soinez soin, gertutik, kale-kaletik, helburua garrantzitsua delako: eguneroko ohitura txiki batzuk aldatuta, herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta naturarekin harreman hobea izatea.

Horregatik guztiagatik, 2009ko PUBLIZITATEko ARGIA SARIA irabazi du atez-ateko zabor bilketa sustatzeko USURBILGO UDALAK egin duen “MARGOTU EGUNAK” kanpainak.

berdeaKanpaina gure enpresak egin du, Harmanek, eta horregatik joan naiz aurten ere, pozik. Asko poztu nintzen, era berean, Librezalek jaso zuen sariarengatik.

Xabier Mikel Errekondo joan zen saria hartzera, eta aukera aprobetxatu zuen hitz luze samar batzuk botatzeko, aprobetxatuta bertan zegoela Gipuzkoako ahaldun nagusia, Olano, eta gauza jakina da Olanok, Ormazabalek eta konpainiak ez dutela ondo hartu Usurbilgo atez atekoa. Gainera, lagundu beharrean, traba besterik ez diote egiten Usurbilgo Udalari, ekonomikoki ito dadin. Pentsa, autokonpostagailuak ere ukau egin dizkio!!! Eta hori egiten dute gu guztion diruarekin… Xabier Mikel ondo aritu zen, eskua luzatu baitzien une oro, gauzak ondo bidera daitezen, baina, esan beharrekoak esanda.

Xabier Mikel Errekondo eta Andoni Egaña dira nere begi niniak “diskurtsoen idazle eta prestatzaile” naizen aldetik. Biak dira oso-oso diziplinatuak eta konfiantza osoa erakutsi didate beti. Ez dute inoiz ezer esan gabe uzten, eta ez dute paperik behar aurrean horretarako. Eta, hala ere, oso ezberdinak dira biak zeregin horretan. Beste egun batean arituko gera honetaz.

azkenezkdur

Argazkia: GARA

Azkeneko “saraoa” Durangon izan zen, berriz, Landakon. GARAren hamargarren urteurrena ospatzen zen, ta kolaboratzaile gisa gonbidatu gintuzten, hainbat kanpaina egin dizkiegulako azkeneko garaiotan, hamargarren urteurrenarena barne: LIBRE. Esan behar det ekitaldia xumea iruditu zitzaidala, ezberdina beste batzuekin alderatua, bestelako formato bat erabili zutelako, berria neretzako eta gogoan hartzekoa etorkizunerako. Oholtzarik gabeko ekitaldia izan zen, eta horrek dena baldintzatu zuen, eta oso inpaktantea izan zen 10 urteko portadak errepasatu ahal izatea: zer ez den gertatu urte hauetan guztitan!

imagen-1





Usurbil: osasuna atez ate

13 11 2008

usurbil-logo-osasuna