Mapak eta zalantzak

7 05 2009

Azkeneko garaitan mapa mentalaren adiera gero eta arrotzago egiten ari zait, baina horrekin ibili naiz denbora honetan guztian euskarazko beste ordain jatorragorik topatzen ez nuelako. Azkenaldian buru-mapa adiera zabaldu da, baina egia esan soluzio horrek ez nau betetzen, ezta adimen-mapa ere, ez baitut uste ondo adierazten dutenik ingelerazko mind horrek adierazten duena. Bi-biak fisikoegiak dira. Lehenari ez diot zentzurik ikusten, burua eta kaskezurrarekin zerikusi gutxi ikusten baitiot mapa mentalari. Bigarrenari ere, berdin, garunarekin lotuta ikusten dudalako, garunaren fakultate batekin. Alegia, ez diet bi soluzio hauei ingelerazko mind horrekin parekatzeko gaitasunik, mind hori hurbilago baitago gizakiaren softwarearekin hardwarearekin baino.

Beti bezala, maisua maisu, eta Joxerra Gartziak eman dit soluzioa, hemendik aurrera nere egingo dudana. Joxerrak gogo-mapa erabiltzen du Jendaurrean Hizlari bere azken liburuan, eta buelta batzuk eman ondoren uste dut eskura ditudan soluzio ezberdinen artean hauxe dela onena, egokiena eta zuzenena, Joxerraren estiloan esanda ;-) .

Zuk nola ikusten duzu? Zein da zure iritziz soluziorik hoberena? Botoa emateaz gainera, iruzkina ere uzten badezu, hobe. Ederra izango litzateke kontzeptu hau ere euskararentzako normalizatzea. BTW, gidoitxoaren kontua argitzea ere ez legoke gaizki.





Google eta mapa mentalak: Wonder Wheel

27 03 2009

Sarritan aipatu ditugu hemen mapa mentalak. Google-ekin ez dago bakerik, beti bada zerbait berria. Azkeneko asteotan emaitzak emateko beste modu berri bat gehitu dio bere bilatzaileari; ikusiko zenituzten esteka berri batzuk beheko aldean. Iradokizunak dira horiek, Googletik atera gabe egin dugun eskakizunarekin harremana daukaten beste aukera batzuk. Bada kontua da iradokizun horiek emateko modua mapa mental baten antzera ere ematen dituela Googlek (egiazki mapa kontzeptuala da, ez mentala, baina tira). Nik ez det lortu, baina igual zuek bai (kodigo bat itsatsi behar da helbide barran Googleen ingelesezko bertsiotik). Bideoa utzi dizuet, Google Blogoscoped-etik hartua. Bertazn dazkazue, nahi izanez gero ere, espeerimentuan parte hartzeko argibideak eta hainbat aalpen interesgarri. Horien artean intersgarriena, noski, emaitzak ematen dituen mapa “nabigagarria” dela, interaktiboa, flashen emanda, eta maparekin interaktuatzen hasiz gero, auskalo non eta noiz bukatuko duzun. Neri behintzat oso interesgarria iruditu zait, eta egun mapa artean ematen badet eguna, hemendik aurrera…

Via adseok





Ted Sorensen: komunikazio aholkuak diskurtso onak egiteko

26 03 2009

ted_sorensen

Ana Poloren Comunicación Politica blogari esker Theodor Ted Sorensen-en berri izan dut, aspaldiko partez. Copy/paste/itzul egingo det, azkar-azkar.

Sorensenen ustez, diskurtso on batek lau oinarri ditu:

  • Clarity. Egitura ona eta argia izan behar du.
  • Charity. Audientzia goretsi behar duzu, beti.
  • Brevity. JFKk (ez nahastu JKFrekin, hori ni naiz-eta ;-) ) beti esaten omen zuen dena esplikatu daitekeela 20 minututan gehienera jota.
  • Levity (arinkeria). Arruntkeriren bat botartzea beti da ona, umorearen bidez, esaterako.

Nola erakitzen da diskurtso on bat? Sorensenek bere teknika ematen digu:

  • Outline. Idazten hasi aurretik, egin ezazu eskema esan nahi duzun guztiarekin, punturik inportanteenekin. Ikus powerpointari buruz eta mapa mentalei buruz esaten genuena.
  • Headline. Zein da ematen ari naizen notizia? Zein da elementu berria? Euskaraz honek ez du azalpenik behar.
  • Front line. Zein da diskurtsoaren punturik garrantzitsuena? Zein da bilatzen duzun prentsa-titularra zure diskurtsoa jakitera emango denean?
  • Sidelines. Erabil itzazu zita historikoak. Cachet-a ematen du eta esaten ari zarena testuinguratzen laguntzen du. Gainera, olerki ezagun baten punturen bat ekar ezazu.
  • Bottom line. Bukaerak gogoangarria izan behar du.

Eta gogora itzazu Sorensenen “urrezko arauak”:

  • Less is always better than more. 15 minutuko hitzaldia egiteko aukera baduzu, ez zaitez ordu betez luzatu (luzitu?).
  • Choose each word as a precision tool. Izan zaitez beti zehatza, eta ahal duzun guztietan ekidin itzazu hitz luzeegiak (bi silabakoak hobeak dira hirukoak baino).
  • Use variety and literacy devices to reinforce memorability, not confuse or distract. Oratorian maisua zen/da Sorensen (bizi da oraindik, baina makalduta eta erdi itsua). “Reversible raincoat” delako figura “erretorikoa” askotan erabiltzen zuen: “let us never negotiate out of fear, but let us never fear to negotiate”; edo beste hau: “do not ask what your country can do for you, ask what you can do for your country”.
  • Employ elevated, but not grandiose, language. Entzuleen gogoa jasotzea da kontua, eskuraezinak diren gauzetan pentsatzen jarri behar dituzu, eta, ondoren, esaiezu denon artean eskuratu ditzazkegula (Yes, we can; bai, egongo gara…).
  • Substantive ideas are the most important part of any speech. Ideiarik ez baduzu, diskurtsoak huts egingo du, berdin dio ondo idatzita dagoen.

Zer esango luke bertsolari batek honi guztiari buruz?





Powerpoint aginpidea: 10/20/30

11 01 2009

powerpoint-20032

Adierazgarria da powerpointak gure bizitzan hartu duen garrantzia: ia denetarako erabiltzen dugu denok edozein egoeratan. Hiru  faktorek ekarri gaituzte egoera honetara: ofimatika software ezberdinen eskuragarritasun “unibertsala”, software horien guztien erabilerraztasuna eta kultura bisualaren gorakada testuaren ordez.

Powerpointaren erabilera orokortu den arren, oso gaizki erabili ohi da, batez ere aspektu teknologikoak nagusitu zaizkiolako, ez hainbeste komunikazioari dagozkionak. Sarritan gertatzen den bezala, ez gara konturatzen teknologiak ez direla neutroak bere semantika historikoan nahiz kulturalean, eta teknologia guztiek dakartzatela aldean “jite pertsonal” bat.

Baina, hona galdera: powerpointaren gorakadak bat egiten badu kultura bisualaren gorakadarekin, eta hura azken honen zordun bada, zergatik erabiltzen da powerpointa word dokumentuen copy/paste laburtu eta buletdunak erakusteko, hau da, testua erakusteko? Non daude irudiak?

Izan ere, hauxe da powerpointaren erabilera okerraren punturik aipagarriena egun, hala unibertsitatean nola eremu profesionalean ere. Unibertsitatearen kasuan, bai irakasleak baita ikasleak ere akats berdin-berdina egiten dute. MUko Huhezin irakasle jardun dudan epe laburrean, powerpoint ikasgaia zeukaten nire ikasleek (halaxe deitzen zioten behintzat) ikus-entzunezko komunikazioan, eta trantsizioak-estekak-multimedia txertaketak eta abarrekoak ondo ikasita iristen zitzaizkidan arren, powerpointaren erabilera ikaslearen kalterako izaten zen normalean, eta puntuazioa jaisteko motiboa nota jartzeko garaian: ez al gaude ba ikus-entzunezkoen karrera batean?

Galdera, berriz: powerpointak esaten duena eta hizlariak esaten duena gauza bera badira, hau da, powerpointa hizlariaren hitzen bertsio idatzia besterik bada, ez al dago bietako bat soberan?

Hizlari baten lana zubigintza-lana izaten da, bera eta entzuleen arteko komunikazio-lana. Ezin da ahaztu zuzeneko emanaldi bati buruz ari garela, hori da komunikazio-egoera horren alderik garrantzitsuena, Joxerra Gartziak behin eta berriz gogorarazten digun bezala. Komunikazioa, hau da, elkarrizketa ez da soilik gertatzen hitzaren bidez, ezta hitza indargintza erretorikoaren bidez gaiztotzen denean edo egia logikoki borobilak botatzen ditugunean. Zuzeneko komunikazio egoera batek benekotasuna eta konexio emozionala behar ditu komunikazioa gerta dadin. Konexio emozionalik gabe ez baitago komunikaziorik. Brandinak erakutsi digun bezala, marka sendorik gabe ez dago komunikaziorik, eta, hain zuzen, horregatik esaten da marka konexio emozionalen konjuntoa dela, eta brandina, hartara, markaren esanahien kudeaketa estrategikoa.

Beste galdera bat: irudi batek mila hitz baino gehiago balio baditu, zergatik ez dugu erabiltzen gure aurkezpenetan?

Entzuleekin konektatzea da kontua, beraz, eta entzuleak ez du nahi soilik bertso on bat entzun, esperientzia oso bat eraman nahi du etxera. Horretan datza espektakulua. Bertsolaritza jarri det adibide, kontrapuntu lehorra delako azaldu nahi dudan puntu honetan. Izan ere bertsolaritzan hitza da nagusi. Pasa den asteartean Oiartzunen izan nintzen, Etxeraten urteroko bertso-saioan. Esan gabe doa Bizkaiko Txapelketaren finalean baino hobe pasa nuela. Baietz asmatu.

Guy Kawasakiren aburuz, powerpoint on batek 10/20/30 araua bete behar du, alegia: ez du izan behar 10 diapo baino gehiago, aurkezpenak ezin du 20 minutu baino gehiago iraun eta letra tipoak ezin du 30 baino txikiagoa izan. Bere iritzian esan nahi duzuna ez bazaizu kabitzen 10 diapotan, horrek esan nahi du ez daukazula argi esku artean daukazuna. Hauxe da berak proposatzen duen hezurdura:

  1. Arazoa
  2. Planteatzen duzun soluzioa
  3. Negozio-eredua
  4. Oinarrizko magia/teknologia
  5. Marketina eta salmenta
  6. Konpetentzia
  7. Taldea
  8. Aurreikuspenak eta mugarriak
  9. Egoera eta epeak
  10. Laburpena eta ekintzarako deia

20 minutu dauzkazu zure hitzaldia botatzeko, kontutan hartuta saioa berandu hasiko dela, arazoak izango dituzula proiektorearekin eta jendeak goiz alde egin nahiko duela. Gainera, 40 minutu eman beharko zenituzke eztabaidarako, entzulea inteligentetzat hartzen baduzu behintzat.

30eko tipografiarekin malgua da Kawasaki, baina zera esaten du: kalkula ezazu entzule zaharrenaren adina eta bitan zatitu, hortxe izango duzu tipografia egokia.

Seth Godinek ere badu zeresana honen gainean, really bad presentation delakoarekin gora eta behera ibili baitzaigu aspaldian, eta bere arau propioak ematen ditu.

  1. Ez erabili sei hitz baino gehiago diapo batean
  2. Ez erabili kalitate txarreko irudirik
  3. Trantsiziorik ez diapoen artean
  4. Ez erabili soinu efekturik, ez behintzat zuk zeuk prestatu ez badituzu asmo zehatzen batekin (inoiz ez programak berak eskaintzen dituenak)
  5. Ez ezazu banatu powerpointaren kopiarik paperean entzuleen artean. Aurkezpena emozionala da eta kopia horrek ez du funtzionatuko zu ondoan ez bazaude.
Eta bukatzeko Garr Reynolds daukagu zen, jazz and creativity postan ematen dizkigun 21 lezioekin datorkiguna:

  1. Estrukturan askatasuna eta bat-batekotasuna daude.
  2. Murrizpenak eta mugak askatasun handia eman dezakete.
  3. Ez ezazu inoiz egoera bortxatu. Naturala izan behar duzu beti.
  4. Asmo onak dira gakoa. Egiazkotasuna da errege.
  5. Ez da zuri buruzko ezer.
  6. Entzun, hitz egin baino gehiago.
  7. Hitz egin ezazu soilik zerbait esateko daukazunean, eta orduan ere erarik ekonomikoenean egin ezazu.
  8. Zure enfokea zuzena eta fina izan daiteke aldi berean.
  9. Beldurra naturala da (eta gizatiarra), baina zeharkatu behar duzu eta gainditu. Ez utzi beldurrari oztopo izaten.
  10. Akatsak hortxe daude beti (ez zaitez kezkatu).
  11. Unearen indarra baliatu.
  12. Teknikak garrantzia du, baina ez da elementurik inportanteena.
  13. Ez zaitez itxurakeriatan erori.
  14. Barre egin ezazu hala sentitzen baduzu. Zergatik ez?
  15. Konpartitu ezazu zeure burua besteekin; egin ekarpen bat.
  16. Soiltasuna ikaragarri ederra da, baina oso zaila da hori lortzen.
  17. Hutsunea eta isiltasuna adierazpide indartsuak dira.
  18. Baztertu nahaste-borrastea, argitasunaren alde ahalegindu zaitez.
  19. Pentsatzen baduzu menderatzen duzula, zure gainbehera hasi da.
  20. Ikasi beti. Ikasi beti. Ikasi beti.
  21. Jakinmina zure oparirik handiena da, elikatu ezazu (zuregan eta besteengan).

Bitxia da bigarren puntua, askotan entzun baitiet hori bertsolariei. Mugak askatzaileak dira!

Oro har, beraz, hitzak marginala izan behar du beti, eta irudia nagusitu behar da. Irudiek esanguratsuak izan behar dute BETI, zinemagintzaren urrezko irizpideari jarraiki: planoan badago zerbaiterako da, bestela soberan dago. Irudiak lortzeko baliabideak barra-barra daude sarean, irudi bankuak esaterako, batzuk doakoak, baina askotan nahikoa da Google, Flickr eta antzekoekin (Cooliris gehigarria Firefoxen instalatzea gomendatzen dizut gogoz bilaketa intentsiboak egiteko), bilatu itzazu eta zure gogokoenak aukera itzazu pixkanaka. Irudiak kalitatezkoak ez badira zu ere ez zara kalitatezkoa izango. Kalitatezko ez den irudia erabiltzeko sakoneko arrazoia behar duzu.

Powerpointaren edukia testuan oinarritzen baduzu, audientziarekiko deskontsiderazio galanta erakusten duzu, eduki berdina bi aldiz prozesatzea eskatzen diozulako. Gainera, motelagoan irakurtzen entzuten baino, eta horrek desinkronizatu egingo zaitu zure audientziarekin. Powerpointa euskarri multimedia da, zu ez bezala, eta horretarako baliatu behar duzu, zure hitzen laguntzaile eta biderkatzaile izan dadin, komunikazioaren intentsitatea handitzeko. Baina, kontuz, “irudi batek mila hitz baino gehiago balio” dituela esaten dugunean, ez ezazu ahaztu irudia eta hitza konbinatzen direnean hitzak eusten diola karga informatiboari batez ere, eta irudiaren karga emozionala ere zure baitakoa dela. Aprobetxatu ezazu bat-batekotasunaren eta zuzenekoaren indarra; sor itzazu egoera faborableak etengabe; kitzika ezazu jendea; konektatu ezazu entzuleekin. Azken batean, ez dago araurik jendaurrean hitz egiteko, mezua zu zeu baitzara une eta egoera jakin horretan.

Powerpoint on bat egiteko betetzen den akats handienetakoa hauxe da: zuzen-zuzenean joan ordenagailura, piztu eta powerpointa egiteko programa piztu. Hori egiten baduzu galduta zaude, teknokrata txiki bat zara, sinisten baituzu teknologiaren erabilerak ordezkatuko duela zutaz audientziak espero duena. EZ. Powerpointak egiteko programan sartu aurretik ideiak antolatu behar dituzu, eta, horretarako, funstezkoa da zer ez duzun esango erabakitzea. Komunikazio ekintza guztiak hilketa bat dira, ideia asko baztertu behar baitira sikiera ideia bat modu argian iristarazi nahi badiezu entzuleei. Horretarako nire arma sekretua mapa mentalak dira (nik mindmanager erabiltzen det, Mac-erako).

Hemen adibide bat, aurtengo hitzaldi baterako power pointa egiteko prestatu nuena. Ideiak maparatu egiten ditut lehenbizi (inventio), ordenatu eta euren arteko harremanak egiten ditut ondoren (dispositio) eta ideia bakoitza ilustratzeko irudi-bideo-audioa aukeratzen ditut ondoren (elocutio). Gero lasai aski joan zaitezke powerpointak egiteko programara. Hemen mapa horretatik sortutako powerpointa.

Ez pentsa hemen bukatzen denik dena. Oraindik memorizazio lana gelditzen zaizu zure jarduna eta powerpointaren arteko sinkronizazioa ahalik eta perfektuena izan dadin (memoria). Horretarako entseatzea komeni zaizu, bizpahiru aldiz gutxienez (nik lau aldiz egiten det), egoera erreala simulatuz, eta ariketa horiek aprobetxatu behar dituzu zure aktina prestatzeko (actio). Hemen adibide bat, aurtengoa ere, Koldo Saratxagarekin batera eman behar izan nuen hitzaldi baterako prestatu nuena, Di-Dak antolatua Abadiñon.
Hemen beste adibide bat, iazkoa, bezero batentzako prestatu nuena, jardunaldi batzuen aurkezpena egiteko.




Hitzaldia HUHEZIn

18 12 2008

image2

Azkeneko egunotan bizpahirutan aipatu det Mondragon Unibertsitateko HUHEZIn eman nuen hitzalditxoa (bertako irakaslea izan naiz, Eskoriatzan). Ikus-entzunezko komunikazioan eta humanitateak eta enpresan lizentziatu berri direnen diploma banaketan egiten duten “azken lezioa” eman behar nuen, karrerako azken lezioa nolabait esanda, lizentziatu berriei aholku emateko hitzaldia-edo (glup!). Bi arlo nahiko ezberdin dira, eta hitzaldi bakarra, beraz bi arloon arteko ikuspegi transbertsala landu behar izan nuen. Bertako batzuek eta zuetako pare batek ere bertan esandakoa eskuratzeko modurik ba ote dagoen galdetu didazue, eta hementxe daukazue bertan esandakoen mapa-mentala. Han erakutsi nuen power-pointa mapa honen gainean egin nuen.

Esan nahi dudana da oso ariketa ona dela horrelako mapa mentala egitea power-point bat egiten hasi baino lehen, nere ustez power-pointa ez delako tarteko komunikazio-pieza operatiboa, baizik eta komunikazio-pieza osoa, bukatua. Mapa mentala, aldiz, tarteko lan operatiboa da oso lagungarria delako ideiak inguratzeko, antolatzeko, memorizatzeko, lan baten koherentzia osoa neurtzeko e.a.

Kontaktuaren gaia erabili nuen abiapuntu gisa, marka eta brandinaren lurraldea jorratu nuen gero, eta lizentzuatu berriei aholku batzuk eman ondoren (batere formalak izan ez zirenak, bide batean esanda), kontaktu faltaren gaiarekin bukatu nuen saioa, espetxean dauden Iban eta Josu gogora ekartzeko, biak izan baitira nire ikasle.

Mko hitzaldiaren mapa-mentala

EDIT: Hemen daukazue power pointa.





Mapa Mentalak

4 03 2007

Urteak daramatzat mapa mentalak erabiltzen nire ordenagailuan (ez nahastu mapa kontzeptualekin). Tony Buzan-en teorien haritik Tony Buzanek 60ko hamarkadan “mind map” kontzeptua erregistratu zuen eta iraganetik zetorren asmoa komertzialki bultzatu zuen. Mapen abantailak askotarikoak dira: pentsatzen laguntzen didate, ideiak antolatzen, pentsamolde holistikoagoa ibiltzen, ideiak konpartitzen, ideiak aurkezten… La prozesu osoa modu kreatiboan egiten launtzen dit, fase analitikoak barne. Horretarako MindManager erabiltzen det, nahiz beste soluzio asko ere badagoen, hala soft pribatiboaren arloan nola librearen arloan ere. Urte hauetan guztietan sarritan galdetu didate programari buruz, jendea txundituta gelditzen zelako hitzaldietan-eta mapak ikusten zituenean; eta halaxe ibili naiz, handik hona azalpenak ematen, agente komertzial baten antzera. Askotan gertatu zait hitzaldi batera joan eta mapen kotua bera izatea hitzaldiaren protagonista, hitzaldiaren gaiaren gainetik!

Orain on-line soluzioak iristen ari dira, horien artean Mindomo, onena dudik gabe, nahiz beta egoeran oraindik (mindmeister daukazue beste bat). Hezkuntzarako eta irabazi asmorik gabeko erakundeentzako soluzioak ere eskaintzen dituzte, hileroko ordainsari baten truke. Doakoa da, ordea, erabiltzaile arrunteentzako, nahiz eta publizitatea jasan beharko duzun.