Interneten rola 2008ko AEBko hauteskundeetan

21 04 2009

pulitzer saria 2008 Obama euripean

The Internet’s role in campaign 2008 txosten interesgarria kaleratu berri du Pew Internetek.

Txostenaren arabera lehenengo aldiz gehiago izan ziren Internetera jo zutenak hauteskundeei buruzko informazioa hartzera, jo ez zutenak baino. Internauten %74ak erabili zuen sarea kanpainari buruzko informazioa hartzeko, AEBko helduen %55a, alegia.

Txostenak beste datu batzuk ere ematen ditu:

  • Ia 5 erabiltzaileetatik 1ek (%18) iruzkinak, ideiak edo galderak sareratu zituen blog, sare sozial edo fororen batean.
  • Internauten %45ak kanpainako spoten bat ikusi zuen Interneten.
  • 3tik 1ek eduki politikoren bat birbidali zion beste norbaiti. Helduenen artean asko ugaldu zen eduki politikoak partekatzeko joera.
  • Gazteak gero eta gehiago inplikatzen dira eztabaida politikoan sare sozialetan. Erabiltzaileen %83ak perfila dauka sare sozialen batean, eta hauen artetik bi herenek ekintza politikoren batean parte hartu zuten sare sozialen bidez.
  • Adi, hauteskunde-lanetan aritzen zaretenak: Internetek egunkariak berdindu ditu eta irratiak bikoiztu ditu hauteskundeei buruzko informazio-iturri gisa.
  • Hautesleak mugitzen ari dira, eta ihes egiten diete ikuspunturik gabeko webguneei; hobetsi egiten dituzte beren ikuspegi politikoekin bat egiten dituztenak.

Via comunicación electoral





Zakilikundeak

2 03 2009

olariaga





Amatiño EAJren aurka?

22 02 2009

38

Gaur hartu det etxean EAJ-PNVren hauteskunde-propaganda. Ireki egin det eta hara non ikusi dudan ezker abertzalearen aldarrikapen historiko eta ikuspegi politiko oso bat bere egin duena: demokrazia parte-hartzailea. Harritua gelditu naiz, egia esan, hemen behin baino gehiagotan aipatu baitut nere nazka eta nere haserrea PNVren politikagintzarekin eta ikuspegiekin.

Hain harritua gelditu naiz, non EAJren webgunera jo dudan eta hauteskunde-programa deskargatu dudan, eta, hara non, sorpresa berriz: herrialde eskandinaviarrak aipatzen dira eredu.

Oportunismo nazkagarria iruditu zait. Eta horretan nengoen, Gaur8ko mila leihoei esker Amatiñoren blogarekin topatu naizenean, non esaten duen demokrazia errepresentatiboa sistemarik perfektuena dela. Areago: esaten du erreferendum partzialak-eta egitea ez dela demokrazia.

Amatiñok txorakeria asko esaten ditu, obsesionatua dagoelako ezker abertzalearekin, eta edozein barrabaskeria esateko gai da. Mundu guztia gorroto duela ematen du. Garzonen ikuspegien sortzaile eta animatzaileetako bat da: “dena da ETA”. Gorrotoaren mintzoa da, ez dakit nondik datorkion. EAJren benetako pentsamendu politikoa adierazi al du? Amatiño eta EAJren jokaera hauek Sorrentinoren Il Divo filma ekartzen didate gogora: nola eskatu daiteke botoa EAJren alde demokrazia parte-hartzailea aldi berean ukatuz eta babestuz?

Hauxe galdera, finean: Amatiño jokoz kanpo dago edo EAJ gezurti galanta da?

Eskerrak jende asko dagoena demokrazia botereduen monologotzat jotzen ez duena. Pasaitarrok badugu zer esana, ez ordea, zer erabakia, momentuz behintzat. EAJko hauek herriaren beldur beti.





Star Wars CNN telebistan

5 11 2008

Galdera bat dabil airean:

Teknologia berriak politikagintza berria?

Obama 2.0?

Politkari berriak?

Garai berriak?

Change has come?

Via mekate





Politika 2.0

3 11 2008

AEBko hauteskundeekin gora eta behera gabiltzan honetan, iazko ekainaren 12an GARAk argitaratu zidan artikulu batekin gogoratu naiz, Politika 2.0 izenburuarekin. Iratxe Esnaolak beste artikulu batean aipatzen zituen hainbat alderdi jorratzen zituen, hauteskundeak 2.0. Artikulua hona ekartzea erabaki det, hemen inon baino hobeto egongo delakoan. Egunotan, gainera, KDD baten berri izan det feisbuk-en, Politika 2.0 izenarekin, eta joango ez naizen arren, hemen uzten dizuet berari buruzko informazioa. Bloga ere badute.

Hona artikulua:

Iratxe Esnaolaren artikulua hizpide hartuta (GARA, 07.05.23), hainbat burutazio plazaratu nahi dut 2.0 teknologia eta politikagintzari dagokienez, bertan egiten zen deskribapenaz harago. Teknologiak, eta batez ere, Komunikazioaren eta Informazioaren Teknologiek (KIT), antsietatea sorrarazten diete alderdi politikoei. Informazio-iturriak biderkatu direnez, zailagoa da orain informazioaren kontrola. Azken batean, orain arte medioen kontsumitzaileak izatea beste erremediorik ez genuen; orain, ordea, gutako edozein izan daiteke medio. Informazioaren masa-jario bertikalak bide eman dio elkarrizketa zabalari; eta horrek eragina izango du ohiko medioetan ere, hauen gatekeeper funtzioa auzitan dagoelako erabat. Horregatik, hedabide klasikoen kazetaritza-ereduak mugitu egin behar du informazioaren monopoliotik elkarrizketa horren moderatzaile eta galbahe lanetara, elkarrizketa horren edukiak eta aktoreak esanguratsuagoak eta sinesgarriagoak direlako. Komunikazioaren egitura aldatzen ari den honetan, herritarren eta sistema politikoaren arteko harremana aldatzen ari da, eta alderdi politikoak oso motel dabiltza oraindik. «Webgunea behar dugu» diote, batez ere gauzak okertzen zaizkienean, Internetek kutsadura magikoaren botereak bere baitan bilduko balitu bezala: nola internetek sekulako indarra duen gaur egungo jendartean, webguneak botere transferentzia bideratuko du gugana, eta voilà, gu ere indartsu izango gara.

Internet: antolakundearen komunikazio-sistemaren bihotza? KITak zuzen-zuzenean daude lotuta antolakundeen komunikazio estrategikoaren beharrizanetara, eta, horregatik, «webgunea» egiteko orduan, hauxe da agertzen den lehenengo galdera: zer esango diogu jendeari webgunean? Galdera horrek antolakunde bat baino gehiago eraman du nortasun-krisira, gure antolakundeek denbora gehiegi eman dutelako beren publiko ezberdinekin inolako komunikazio jatorrik garatu gabe, lau hitz-joko estandarizatu egiteko ez bada. Hauxe da alderdi politikoen egoera ere, eta horrek eragin zuzena du sistema-politikoaren nolakotasunean eta herritarrok sistema-politikoaz dugun pertzeptzioan. Hortaz, KITak ez dira ez moda ezta teknologia kontua ere, estrategia kontua baizik: une honetan edozein antolakunderen komunikazio-sistemaren bihotza Interneten dago. KITak, beraz, helburu jakin batzuen barnean kontsideratu eta ezarri behar dira, komunikazio helburuen barnean, hain zuzen ere. Baina horretarako premisa bat bete behar da: komunikatu nahi izatea. Eta, kasu, ez da webgune kontu hutsa. «The Cluetrain Manifesto» delakoaren lehenengo sententziak ongi adierazten duenez, «merkatuak elkarrizketak dira».

Alderdiek komunitateak sortu behar dituzte. Alderdiek erabaki egin behar dute nola parte hartuko duten elkarrizketan: webgune baten bidez, komunitate baten bidez (Harley Davidson) edo sare sozial baten bidez (mySpace). Zalantzarik ez daukat puntu honetan: alderdiok komunitateak sortu behar dituzte, gu jakin bati nortasuna, leialtasuna eta taldekidetza-sentimendua emateko. Informazioaren kontrolari muzin egin behar diote alderdiek, eta mugatu behar dute eragina izaten saiatzera. Beste kontu bat da komunitatea sortua izatea eta berau baliatzen ez jakitea, PNVri gertatzen ari zaion bezala, seguruenik komunitatearen kontrol ezak sorrrarazten dion antsietatearengatik. Egun, zoritxarrez, alderdi batzuen zuzendaritza-estiloak «kaxa beltza»ren paradigma betetzen du: inork ez daki zertan ari diren eta zertarako, eta, gainera, inork ez du jakin behar, horrek arriskua ekartzen duelako… Askotan agertzen dira medioetan, baina ez dute ezer kontatzen, eta jendea pixkanaka telebista itzaltzen ari da: gazteen %70ak internet erabiltzen du informatuta egoteko. Ez du balio gero abstentzioa dela-eta kexu agertzea. Entzuteko ordua heldu da, aldebikotasuna, enpatia eta konfiantza lantzeko ordua. Alderdirik ausartuko al litzateke bere zuzendaritzaren bilerak grabatu eta «YouTube»-n erakustera?

Aspektu ideologikoak eta estrategikoak: ez nahastu. 2.0 teknologien aldeko hautua, beraz, bi hausnarbide ezberdinetatik egin daiteke: batean, aspektu ideologikoak nagusitzen dira, eta, ondorioz, lehenetsi egiten da parte-hartzea, kontsideratzen delako hori dela jendarte-eredu osasuntsu bati dagokiona. Oinarri ideologikoen errebelazioa da, nortasun oso bat definitzen duena, baita posizionamendu estrategiko oso bat ere; bestean, bigarren hausnarbidean, nagusitu egiten da zuzendaritza- eta kudeaketa-estilo eraginkor bat, eta uste da 2.0 teknologiak askoz ere eraginkorragoak izango direla antolakundearen helburuak betetzeko. Bi ikuspegiok legitimoak dira, nire ustez. Horrenbestez, aspektu ideologikoak eta estrategikoak bereiztea komeni zaigu. Batzuetan 2.0 teknologietara jotzen dugu inolako beharrik ez dagoenean, modaren modaz; eta, beste batzuetan, ahaztu egiten zaigu komunikazioaren baldintza modu eraginkor batean komunikatzea dela, eta horrek aldebikotasuna eskatzen duela. Gure alderdia eta gure publiko ezberdinen arteko elkar ulertze mailarik gorena eskuratzea da helburua, eta, horretarako, entzun egin beharra dago, input kualitatibo oso aberatsa delako. Softwaregintza soziala, beraz, harreman publikoen esparruan dago bete-betean.

Politikariek ez dituzte edukiak sortzen. Edukietan dago gakoa, edukietan eta erabiltzailearen erabilera-esperientzia emankorrean. Edukiek erakartzen dute internauta, eduki esanguratsuek. Edukiak interesgarriak izan behar du informazioaren kalitatearen aldetik, baina aspektu emozionalek ere badute garrantzia. Testua oraindik nagusi den arren, Internet ikus-entzunezkoetara jotzen ari da gero eta gehiago, eta, ondorioz, edukiek ikuspegi multimedia landu beharko lukete. Edukiek, bestalde, sinesgarritasun minimoa behar dute. Web 2.0 delakoa jarrera ere bada, konpartitzeko eta elkarrizketa batean aritzeko borondatea erakusten duena. Elkarrizketa horretan, estekatzea da elkarrizketa gai batetik bestera eramateko modua, eta inork ez zaitu estekatuko eduki esanguratsurik eta sinesgarririk ekoizten ez baduzu. Beraz, 2.0 teknologiek ezaugarri jakin bat exijitzen digute erabiltzaileoi emankor izango badira: komunikatzeko grina. Ostera, politikariek ez dute edukirik sortzen, salbuespenak gorabehera, eta kontuz ibili behar dute epe motzeko errentagarritasun-ikuspegiekin, min handia egin baitiezaiokete edozeinen sinesgarritasunari… Baina edukien auziarekin batera erabilera-esperientziarena dago. Ezin da ulertu Interneten arrakasta esperientzia emankorren ikuspegitik at. Interneten eduki gogoangarriak aurkitu eta haien berri ematea lagunei nahiz komunitate globalei, «YouTube» edo «Zabaldu» kasu, esperientzia asegarri eta gogoangarria da internautarentzat, komunitatearen barruan estatus jakin bat lortzeko bidea delako. Garrantzitsuena ez da edukia bera, edukiarekin «trafikatzeko» irrika eta esperientzia baizik. Saria ez da ekonomikoa, kasu bakan batzuk kenduta, baizik eta emozionala, meritokrazia bat ezartzen baita komunitatearen baitan. Eta, kasu, meritokrazia bedeinkatu horrek dinamizatzen du komunitatea, bestela jai; gehienok begiratu besterik ez dugu egiten (%80).

Internet ez da makina bat, gu gara internet. Pantailaren bestaldean jendea dago, pertsonak, zer edo zer gogoangarria entzun-irakurri-ikusteko gogoz daudenak. 2.0 teknologien ezaugarririk garrantzitsuena horixe bera da: pertsonak hurbildu dituzte; pertsonen arteko interakzioa ikaragarri bultzatu dute. Ez da kasualitatea softwaregintza soziala merkatuko liderra izatea edukiak kudeatzeko sistemen alorrean, blogak kasu, jakin badakigulako harreman estu-estua dagoela teknologia eta ideologiaren artean. ‘Software for social change’ delakoak komunitateetako kideen arteko harremanak eta informazio nahiz esperientzia trukaketak ahalbidetzen ditu, komunikazio horizontal eta kooperatiboak abantailak ematen baitizkigu herritarroi, liberalismoaren jario bertikal eta hipotesi indibidualisten aurrean. Inteligentzia kolektiboaren dimentsio berria?





Espainiako hauteskunde orokorren kobertura mediatikoa 2008

25 03 2008

Hemen uzten dizuet Nafarroako Unibertsitateko Francesc Pujolek egin duen azterketa 2008ko martxoko hauteskundeen kobertura mediatikoari buruz. Oso gai eztabaidatua izan da azken asteotan, eta akaso norbaiti interesatuko zaio bere iritzi propioa izatea.





Barak Obama indarrak mobilizatzen

3 02 2008

Black eyed peas taldearen kanta, Obamak Hegoaldeko Carolinan irabazi ondoren emandako hitzaldiaren gainean. Eskoriatzako ezker abertzaleak azkeneko hauteskunde munizipalen aurretik egindako kanpaina gogorarazi dit: bai, egongo gara.

Via barras y estrellas





PSOEren beste bideo elektoral bat

30 01 2008

Hemen PSOEren azken bideoa. Lakoff-en eragina? Lakoffek markoak sortu behar direla esaten du, etsaiaren joko-eremuan ibili behar ez izateko. Andoni Egaña eremu-semantikoaz aritzen da, antzeko ideia adierazteko.

EDITATUA: Oraintxe jakin det Junta Elektoral Zentralak erabaki duela ez direla gehiago egingo hiru minutuko hauteskunde-bloke publizitarioak telebistan, eta 30″ko spotak egin beharko direla hemendik aurrera. Alde batetik poztu egiten naiz, bloke horiek askotan jasangaitzak zirelako eta jendeak zappina egiten zuelako. Formato publizitarioa indartu egin beharko dute alderdiek, eta sormenak garrantzia handiagoa izango du. Bestalde, horrek kontzentrazio eta sintesi ahalegin bat eskatuko die alderdiei. Iruditzen zait publizitate agentziek gero eta protagonismo handiagoa izango dutela hauteskunde kanpainetan, eta espektakulu politikoa are gehiago indartuko dela, guztion kalterako.

Via Comunicacion Electoral





Bush Vs. Kerry

26 01 2008

Hau da 2004en Bushen lan-talde elektoralak sortu zuen bideoa Kerryren kontra, historiara pasa dena, eta Bushen garaipenean garrantzia handia izan omen zuena.





Un vasco en Nashville

25 01 2008

antxon.jpg

AEBko hauteskundeak segitzen ditut azken asteotan. Jarraipena egiteko erabiltzen ditudan blogen artean hauxe da bitxiena, batez ere blogaren izenburuarengatik: un vasco en nashville. Pentsa liteke euskalduna delako jarraitzen dudala, baina ez; bloga benetan ona da, eduki interesgarriak eta landuak ematen dituelako, eta, gainera, ezagutzen dudan onena delako. Lan oso profesionala iruditzen zait, kazetaritzaren aldetik.

Gaian interesatuta bazaudete, gustatuko zaizuela iruditzen zait.