Archive for the ‘marka’ Tag
Hitzaldia HUHEZIn
Azkeneko egunotan bizpahirutan aipatu det Mondragon Unibertsitateko HUHEZIn eman nuen hitzalditxoa (bertako irakaslea izan naiz, Eskoriatzan). Ikus-entzunezko komunikazioan eta humanitateak eta enpresan lizentziatu berri direnen diploma banaketan egiten duten “azken lezioa” eman behar nuen, karrerako azken lezioa nolabait esanda, lizentziatu berriei aholku emateko hitzaldia-edo (glup!). Bi arlo nahiko ezberdin dira, eta hitzaldi bakarra, beraz bi arloon arteko ikuspegi transbertsala landu behar izan nuen. Bertako batzuek eta zuetako pare batek ere bertan esandakoa eskuratzeko modurik ba ote dagoen galdetu didazue, eta hementxe daukazue bertan esandakoen mapa-mentala. Han erakutsi nuen power-pointa mapa honen gainean egin nuen.
Esan nahi dudana da oso ariketa ona dela horrelako mapa mentala egitea power-point bat egiten hasi baino lehen, nere ustez power-pointa ez delako tarteko komunikazio-pieza operatiboa, baizik eta komunikazio-pieza osoa, bukatua. Mapa mentala, aldiz, tarteko lan operatiboa da oso lagungarria delako ideiak inguratzeko, antolatzeko, memorizatzeko, lan baten koherentzia osoa neurtzeko e.a.
Kontaktuaren gaia erabili nuen abiapuntu gisa, marka eta brandinaren lurraldea jorratu nuen gero, eta lizentzuatu berriei aholku batzuk eman ondoren (batere formalak izan ez zirenak, bide batean esanda), kontaktu faltaren gaiarekin bukatu nuen saioa, espetxean dauden Iban eta Josu gogora ekartzeko, biak izan baitira nire ikasle.
EDIT: Hemen daukazue power pointa.
Irakurtzeko plazerra

Sustaturen bidez izan det egin:10 urte-ren berri, Egineko langile talde ohi baten bloga, egunkariaren itxieraren 10. urteurrenaren bueltan abiatu dena.
Sartu bezain pronto artxibo gizen samarra ikusi det, eta harritu egin naiz, horrek esan nahi baitu denbora pasa dela bloga abiatu eta ni haren berri izan dudan arte. Irakurtzen jarri naiz, eta ikaragarri gustatu zait, gozatu egin det irakurtzen, aspaldi ez bezala. Eta pentsatzen jarri naiz egunkaria irakurtzeko motibazio ezkutua ez ote dan izango testu ongi idatziek uzten duten satisfakzio borobil hori.
Baina, gainera, badago beste faktore bat asko gustatu zaidana, eta iraganarekin konexio emozional bat sentiarazi didana: testu mikatzak, azidoak; botereari buruz inolako errespeturik gabe hitz egiteko gaitasun askatzaile erabateko hori, beste inon ezin dana aurkitu.
Eta hauxe da nere drama: euskaraz irakurtzen gozatzen det, gazteleraz baino gehiago, eta horretarako Berria daukat, ikaragarri gustatzen baitzait, baina boterea eta dominazio-sistemari autoritaterik batere onartuko ez dion egunkaria irakurri nahi det nik, eta Berriak ez dit hori ematen, inondik inora; hori izatekotan, GARAk ematen dit, ez Eginek bezala, ordea, baina hortxe.
Eta honetaz ari nintzen pentsatzen, konturatu naizenean zer egin diguten azkeneko urteotan, Egin, Berria, Herri Batasuna eta abarrekoak itxi dituztenean. Indar askatzaileen marka-arkitektura ia osoa desegin dute espainolek, eta nere ustez ez zaio aspektu horri nahiko erreparatu. Markak izaten dira munduari buruz ibiltzen dugun ikuspegia adierazteko modurik sintetikoena, azkarrena eta eraginkorrena, gure ondokoen dispositibo razionalak aktibatu beharrean dispositibo sinbolikoak aktibatzen ditugulako erabiltzen ditugun marken bidez. Marka sendo batek edozein egitasmori ematen dion indarra neurgaitza den arren, gauza jakina da haiengan dagoela giltza, berdin dio Coca-Cola den edo AEK den.
Indar askatzaileen arkitektura-marka desegitearekin batera desegin dira, era berean, marka haiekiko lotura afektibo asko, eta hauxe da hain zuzen espainolen asmoetariko bat, errepresioak soratazten duen bildurrarekin batera, herritar asko posizio militanteengandik urruntzeko helburu duena. Lotura afektibo haiek indargabetu, eta ETAren biktimekiko lotura afektiboak indartzen saiatu, dena bat izan da azken garaiotan, ordezkapen sinboliko bat burutu nahian; azken batean bahiketa emozional bat besterik ez da, biktima batzuen mina hauspotu eta besteena desagertaraziz. Markaz aldatzera bultzatu nahi izan dute hainbat jende, horretarako hainbat marka merkatutik egotzita legeen bidez.
Alta, marka berriak sortzen joan dira, eta beste batzuk ez dira guztiz desagertu oraindik. Marka ezberdinen egoera ezberdina da espainolen erasoen ondoren, arrazoi ezberdinengatik. Interesgarria da ezker abertzalearen eta euskalgintzaren marken aurka egin diren saioak brandinaren edo markagintzaren ikuspegitik aztertzea, iruditzen baitzait ondorio oso integresgarriak atera daitezkeela.
Etsaiaren edo konkurrentziaren asmoen eta ekintzen aurrean erreakzionatzeko gaitasuna duen marka soilik izango du etorkizunean irauteko aukera, eta, horretarako, markagintzak ikuspegi sendoak ematen ditu.
The brand gap
Brandina zer den jakin nahi badezue, honako power point hau ikaragarri ona da. Liburuaren bila hasiko naiz.
EDITATUA: Javier Villak laburpen antzeko bat egin du.
Leave a Comment

Leave a Comment
Leave a Comment
RSS - Posts