San Fermin ‘09

3 07 2009

4770_109493187783_696207783_2949983_2079322_n





Pasaiako superportua

19 05 2009

Oarsoaldeko Hitzaren inkesta

Informazio gehiago nahi izanez gero klikatu hemen.





Ibarretxe: puntokumea zara gero

7 02 2009

“Gauzak motelegi joan dira orain arte, baina Pasaia birgaitu egingo da bai edo bai. Eta punto”. Hauxe erantzun omen zion Juan Jose Ibarretxek atzo Estitxu Sancho pasaitarrari “Madrilek zuei ukatzen dizuena ukatzen diezue zuek hemengo herritarrei” esan zionean. Hitzok Oarsoaldeko Hitzan irakurri ditut gaur. Ikusi gaiari buruzko beste lan batzuk El País-en eta El Mundo-n. Baina zein da Ibarretxe horrela oldartzeko herritar bati? Ez al zan ba joan galderak erantzutera Gipuzkoa Telebistara?

Haserre nago, noski. Pasaitarrok ingurune beltz honetan bizi baikara PNVk kondenatuta, estrategikoki sakrifikatu gintuztenetik.

Aspaldi ari naiz bueltaka PNVrekin gertatzen denari buruz. Nondik ateratzen zaio gorroto hori jendearekiko? “Think gaur euskadi 2020″ saio a priori egokiak, eta antzeko beste batzuk, atrezzo hutsa besterik ez direla ematen du, jakin badakielako notizien distribuzioaren monopolioa duela erkidego autonomoan, eta gezurra eta hutsalkeria ederresteko komunikazio-taldea sendoa eraiki duela gu guztion diruarekin. Nazkagaria eta lotsagarria izan da, esaterako, EITBko kazetariek inolako lotsarik gabe “Ibarretxe auzia” deitu izana TSJPVn izan den auziari, beste zazpi auzipetu zeudenean berarekin batera. Erakutsi duten oportunismoa ez da lehendakari batengandik espero daitekeena, gertuago egon behar baitu eskuzabaltasunagatik beste inondik baino. Ibarretxe ez dago bere karguaren alturan.

Pasaiari dagokionez, PNV kanpoko alderdi arrotz bat izango balitz bezla jokatzen du, Diputaziotik eta Eusko Jaurlaritzatik. 30 urte egin dituzte boteregune horietan, eta Pasaiaren  abandono lotsagarria PNVren eranztukizun politiko zuzena da. Zergatik fidatu behar dugu gure herria egoera tamalgarri honetara ekarri dutenekin?

Eta, Pasaiatik kanpo, PNVren barruan dagoen zatiketak ez du zerikusirik bakarrik autodeterminazioaren gaiarekin, baizik eta politikagintzaren ikuspegi jakin batzuekin. Ibarretxeren “eta punto” horrek harreman zuzena du Imazek berriki esan zuenarekin, Petronorreko planta berriaren harira: “no vamos a estar siempre a expensas de lo que digan los de la pancarta” (memoriaz ari naiz). Eta arazoa biderkatu egiten da Gipuzkoan, hemen esplikatzen nuen bezela.

Balenciaga, Irungo Ogasuna, selekzioaren auzia, Guggenheimeko lapurreta, Zabalgarbiko galera… PNVk ezin du herri hau egin bakarrik, eta herriaren autoorganizazioa funstezkoa da gizarte osasuntsua egiteko, hemen esaten den bezala.

Iritsi da momentu bat non PNV denarekin aztoratzen den, eta edozein kritikak, txikiena izanda ere, sekulako mina egiten diola dirudi. Ematen du PNVk ezin duela gehiago herri honekin.





Optimismoa antxotar eran

10 11 2008

Kanpotarren bat gurera etortzen denean, gure alderik onena erakusten saiatzen gera, eta hainbeste saiatzen gera non, egiazki, gezurraren atariraino iristen garen. Geure burua ederrestearen alde nago ni, noski, nahikoa pairatu behar izaten dugu bestala ere. Geure inguruan optimismoa su txikian sukaldatu behar denez, hamaikagarrenez kixkali ez gaitezen, errezetari segitzea izaten da onena.

Antxon alde ederrik ez, nonbait, eta ondoko herrietara eramaten ditugu kanpotarrak geure burua ederresteko, batez ere Donibanera, nik behintzat halaxe egiten det, hango ederrak gure bisitariaren gustukoak izango direlakoan, eta bide batez, baita gu ere.

Baina hara non azkenaldian topatzen ari naizen espezie berri bat gure eko-sisteman, konbentzitua dagoena Antxoren etorkizun oparoarekin, eta hori nahikoa txundigarria bada berez, txundigarriagoa iruditzen zait optimismo horren arrazoi nagusietakoa kanpotarrengan topatu izana, bizitza osoan horien guztien erdeinuaren jo-puntua izan ondoren, euren burua Antxora bizitzera hipoteka batek derrigortuta etorri direnak gustura omen baitaude Antxon, “bizitza” asko dagoelako eta bla. Arnasa hartu lasai, bai… Batek ez daki oso ongi zer egin horrelakoetan, batez ere ateoa bazera… Lagunekin errukitzea baino gauza nazkagarriagorik ez dagoenez, saiatu naiz ideia horiek arbuiatzen, lagunak laguntzearren, baina kontraeraso sinesgaitz batean, erantzun didate Antxok duen “bizitzarekin” eta Ibai-Ondo aldean egingo dituzten hirigintza-lanekin, herria oso-oso polita geldituko dela…





Nazka

20 06 2008

Atzo izan nuen Pasaiako Portuko Agintaritzaren eta Gipuzkoako Diputazioaren azken harribitxiaren berri Hitzaren bidez, eta, zabalago, Pasaian-en bidez.  Gauean ETB-2n ikusi nuen nola ematen zuten berria, eta kale-inkesta ere egin zuten, Trintxerpe-San Pedron, 70 urte inguruko pasaitarrei. Inkestaren benetakotasuna auzitan jar daiteke, noski, baina gaueko informatiboan kale-inkesta egin izanak erabat bermatzen du operazio osoaren intentzionalitate politikoa eta manipulatzailea, inkesta hori inkestaren legitimitzaile gisa erabili nahi izan baita, modu erabat koordinatuan. Despliegea ez da hor bukatu, ordea, eta Txabarriren deklarazio batzuk ere joan dira albistegian, hauxe esateko, oso modu inteligentean: ekologistek arrazoia daukate gauza batzuetan eta kanpo-kaia egingo dugu Europako aginduek esaten dutena errespetatuz. Kopeta galanta, gero. Duela bi egun Eusko Jaurlaritzak Pasaiako Zentral Termikoari baimena eman zion bere horretan segitzeko, EAEko CO2ren %40a aireratzen jarrai dezan, bestak beste, Udalaren eta herritarren erabakien aukra.

Pasaian-en berriari jendeak emandako erantzunak irakurri ditut, eta neureak egien ditut bertan esandakoak eta eskatutakoak, baina horren gainetik, bestelakoak dira nazka eta amorrua sortarazten didatenak.

Gipuzkoako Diputazioaren obsesioa da lidergoaren kontua, erraietaraino sartuta baitaukate Gipuzkoan eztabaida gehiegi sortzen den ideologia. Ideologia horren arabera, aurrerapenaren aurkako galga da eztabaidarako joera hori, auzitan jartzen duelako Gipuzkoaren lekua munduan, eta Bizkaia jarri ohi dute adibide gisa, han gauzak esan, eta ti-ta egiten direlako, “hainbeste komeriarik gabe”.  Horren adibide esanguratsua daukazue aste honetan bertan (08-06-16) Diario Vascok kaleratu duen aurrez-aurrekoa Olano eta Elorzaren artean. Eta egunkari hiorretan ideologia honen adibide asko eta asko daude, bera baita ideologia horren bultzatzailerik handienetakoa.

Lidergoaren ikuspegi autoritario honek ekarri dizkigu lehenago arazoak, eta orain ere halaxe izango da. Estilo bera da erraustegiarekin, AHTrekin, Pasaiako kanpo-kaiarekin e.a.

Kanpo-kaia eta Pasaiaren berrikuntza txantaia nazkagarri baten bidez lotzen dituzte gure agintariek, baina ozen esan behar da gizaseme hauek utzi dutela Pasaia dagoen zuloan erortzen; zergatik sinistu behar diogu egoera honetara ekarri digunari? Jaizkibel da pasaiataron territorio libre bakarra, eta hori ere kendu nahi digute. Pasaiaren, eta, batez ere, Antxoren egoera tamalgarriaren ondorioak pairatzen ditugu guk, baina horietako bat bera ere ez da hemen bizi, gure artean, gure kakaren artean. Nago Pasaia dela arnas hartzeko ia espaziorik gabe irauten duen herria, beste herri batzuen mendi magalen artean, eta, Antxoren kasuan, trenaren azpian ere. Auditz-Akularren egin nahi duten etxe andana ere hegoaldera dugun hasnarbide bakarra itoko du. Espazioa da behar duguna ororen gainetik, eta espazio ederrak, polittak, edertasunak eragin zuzena baitu gure eguneroko aldartean.

Hortxe dago gure progresoa, ez beste inon, ongizatea ez delako soilik ekonomikoa, are gutxiagio Pasaian. Ignorante hauek ulertuko dute inoiz, edo, akaso, badakite, eta horregatik botatzen dute kaka guztia hemen, beste batzuk ondo bizi ahal izateko. Nork galdetu digu gisako sakrifizioa egin nahi ote dugun? Pasaitarrok kondenatuta gaude aspaldi inguru beltz batean bizitzera beste batzuen mesede ekonomiko eta bitalaren menpe, eta honek ez du hobera egingo.

Pasaitar askori entzuten diot gauzak hobera doazela, gauzak aldatzen ari direla… Utikan! Disonantzia kognitiboaren adibide triste eta kategorikoa. Konturatu gaitezen behingoan gizaseme hauek aspaldi idatzi zutela gure kondena estrategikoa, betikotu egingo dena, eta kanpo-kaiak ez duela hau konponduko, alderantziz, okertu egingo duela sakonki.

EGUNERAKETA: Jaizkibel Bizirik taldeak, prentsa oharra kaleratu du, eta esan du inkesta teknikoki baliogabea dela, beste aukera batzuk aipatu ere ez dituelako egiten eta auziaren inguruan egin diren beste ikerketa batzuek aurkako emaitza eman dutelako.





No time for love

11 02 2008

notimeforlove.jpg

http://notimeforlove-istimeforpeace.blogspot.com/

Bide batez, hemen uzten det azken udal hauteskundeen atarian Oarsoaldeko Hitzan idatzi nuen zutabetxoa. Kuraiari kendu nion izenburua.

Udaberri azidoa

Udaberriak udal berria ekarriko du Pasaiara. Pozik nago, egia esanda, Pasaian ez ezik, Lezon, Oiartzunen eta Oreretan ere halaxe gertatuko delako, beste hainbat lekutan bezala. Izango dugu aukerarik beraz bakoitzari berea emateko, lotsagabeki gure botere politikoa lapurtu zuten horiek dagokien lekuan jartzeko. Badakit baldintza ezin okerragotan iritsi garela hautes-lehiara, eta ez dela borroka garbia izango, proportzio berean banatuta baitaude hauteskunde hauen eta lapurren kontzientziaren garbitasuna. Ez dut uste nahikoa indarrez sentiarazi diegunik lotsa publikoa, salbuespeneko demokrazia honen erasoei aurre egiten itota ibiliko ginelako seguruenik, edo ausazko prozesu demokratikotik gehiegi espero genuelako igual, baina ez nuke pentsatu nahi politikaren ikuspegi zerutiarrari eutsi egiten diogula oraindik, gertatzen ari dena ikusita. Nago askoz ere gehiago zorroztu beharko ditugula gure politikagintzaren tresnak, prozesuak eta pertsonak, gainera datorkigunari aurre egin nahi badiogu behintzat.

Loreen sasoi honetan, ordea, neguko lorea da gurea, udaberria ez baita leku guztietara iritsi. Ez leku guztietara ezta pertsona guztiengana ere, dena zerrenda batean hasi eta bukatzen dela ematen duelako: Ertzaintzaren zerrenda, PPren zerrenda, Auzitegi Nagusiaren zerrenda, udaletxerako zerrenda, atzoko manifestaziora joateko autobusaren zerrenda… Zerrenda amaigabea akaso, gure gatazka bezalakoa…

Udaberria zaharren eskutik datorkigu oraingoan, ANVren eskutik, ziztuan gaztetu zaigun arren. Ez zait arrotza egiten ANV. Aita ere ANVkoa nuen, kuota behintzat ordaintzen zuen, eta bere karneta etxetik ibiliko da seguruenik, auskalo non; hori da zerrendak ez egitearen arriskua, gero gauzak bere aldetik ibiltzen direla, inolako ordenarik gabe, libre. Kontatu didatenez, 1931ko hauteskundeetan ANVk irabazi zuen Antxon, eta orain ere halaxe gerta daiteke. Zeinek esango zigun? Arrazoi izango dute gero kristauek Jainkoaren bidezidorrak asmagaitzak direla esaten dutenean, legez kanpokoak ziren garaiko kontuak izango dira… Baina antxotarron inguruan ibiltzen diren estereotipoei ahaztu egiten zaie aipatzen gure izaeraren ezaugarri garrantzitsua: autoritatearen eta larderiaren kontrako kultura, erresistentziarako joera, soslai ideologiko argirik erakusten ez duen arren, oso nabarmena dena.

Baina hauteskundeak irabaztea ez da nahikoa, lehenengo urratsa baizik gauzak aldatzen laguntzeko udaletxeak ematen duen indarrarekin. Eta, egoera horretan ere, nahiko latz, gure kontura negozioa egin behar duten horiek gogor ari baitira gure eskualdea galbidera eramaten haien besaulkitan ez kabitzeko. Nork jarri dezake Pasaia norabide zuzenean?