Espainiarako autopista

11 10 2007

Ederra gola sartu diona PPk PSOEri berriz ere. Ikus dezagun.

Via gaztelumendi.org

Orain irakur ezazue berriz aurreko posta, eta askoz hobe ulertuko dituzue bai hau baita bestea ere.

Operazio hau magistrala iruditzen zait PPren partetik, eta PSOEkoek orpotik jarraitzea beste erremediorik ez dute izango. Guztiz hondoratuta daude Zapateroren taldeak azken asteotan egin dituen ahaleginak diskurtso propio baten arabera zentro politikoa hartzeko neurri sozialak bultzatuz eta Kataluniako errege-erreketak ia aipatu gabe pasatzen utziz.

PPko aholkulariek oso ondo dakite politika esparru sinbolikoan jokatzen den partida dela, ez arrazoiaren esparruan.

Hartara, PSOEk ez ezkerrera ez zentrora, Espainiara joan beharko du ahalik eta lasterren, Espainiako eta espainiarren ideologia kulturalak askoz ere errazago eta naturalago konektatzen duelako PPren komunikazio estrategiak ezartzen dituen parametroekin PSOEkoekin baino.

Raxoik “eguberritako” bideo horretan irakurtzen duen testua esku-liburuetakoa da, oso-oso ona helburuekiko eta xede-taldearekiko. Ezaugarri on guztiak betetzen ditu: sinplea da sintaxian, laburra, indartsua formulazio poetiko-erretorikoan (kirolarien bandera eta harrotasuna, hildako soldaduen bandera, atzerritarren errespetua…). Askatasuna eta demokrazia aipatzen ditu, eta horien mito fundazionala ere aipatzen du: 1978ko Konstituzioa. Gezur hutsa, jakina, ez soilik euskaldunen ikuspegitik, baina horrek indarra jartzen du aspektu ezin garrantzitsuagoan: jatortasuna. Denok jatorri berekoak gara, eta ez dugu bereiztasunik egiten, denok gara espainolak, zelebra dezagun hori bihar keinu xume baten bidez geure ingurukoekin, modu alaitsuan.

Garena modu asertibo eta ordenatu batean esaten du, eta ez du ezezko perpaus bat bera ere erabiltzen. Nazioa gara, eta harro gaude, harrokeriarik gabe.

Eskatu egiten du, ez du deialdirik egiten, kasu. Mugimendu defentsiboa da, oso inteligentea. Ez dago histeriaren beharrik Espainia defenditzeko. Ospakizuna destakatzen du, eta ez du defentsa hitza aipatzen, nahiz horixe den operazio guztiaren kakoa, hasieran esan gabe aditzera ematen duen moduan.

Rajoiren idazleak bazuen “paja negarti” bat egitea Espainiari eta bere sinboloei egiten ari zaizkion irainekin-eta, baina ez du egiten, komunikazio-helburua oso argi daukalako. Ez du jendearen gogoa piztu nahi, gaiztotu, jendearekin enpatatu nahi du. Ezin diot buruan dabilkidan ideiari eutsi: hemengo batzuek ikasi egin beharko lukete ikasgai hau… Baina gai hori beste egun baterako utziko dugu.

Copy-a oso zaindua dagoen arren, produkzioa ez zait hain ona iruditzen eta PPk aukera bat galdu du kolpe are latzagoa emateko PSOEri, iluminazioaren kontua gora-behera. PPren indar handietako bat hirietako gazte urbanoengan dago, eta horien botu-mugimenduak baldintzatu zuen 2004ko hauteskundeen emaitza. Gazte urbano horiek erakartzeko hobe zuen beste testuinguru bat aukeratzea, ez bulego klasiko hori. Horra akats nagusia: mezua asertiboa den arren, xuabea da formulazioan erretorikoan, baina bisualki eta sinbolikoki Espainiaren defentsa eternaleko estetikaren eskutik iritsi zaio jendeari, lehor. Eskenategi modernoago eta xuabego bat aukeratu izan balute, piper-potoa eta guzti, orduan bai borobila jokaldia, PSOEren esparru sinbolikoan bete-betean sartuko baitziren: modernitatean. Hartara, janzkera ere arindu liteke, aukeran. Zeren orain eta hemen, horixe baita faxisten erronka pertsuasibo eta estrategiko garrantzitsuena, alegia, badagoela modernoa eta espainola izatea aldi berean, espainola izatearen zentzu inperialistan diot, ez normalizatuan.

PSOEren arazoa, beraz, ez da ideologikoa, kulturala baizik, espainolek kontsideratu ere ez baitute egiten espainol izateko beste modurik, horixe baita espainol izateko modu “naturala”, betikoa, benetakoa. Eskerrak Espainian batzuk konturatu egiten direla (h)egiaz.





Propagandaren oinarriak

15 03 2007

1. Sinplikazioa eta etsai bakarraren oinarria.. Ideia bat eta bakarra hartu, sinbolo bat eta bakarra.

2. Kutsadura-metodoaren oinarria. Aurkari ezberdinak kategoria edo gizabanako bakar batean bildu. Aurkarien batuketa norbanakotua sortu behar da.

3. Transposizioaren oinarria. Aurkariari egotzi norberaren akatsak edo hutsuneak, eta erasoari erasoarekin erantzun. “Ezin badituzu berri txarrak ukatu, horiekiko arreta galaraziko duten beste batzuk asma itzazu.”

4. Desitxuraketa eta exagerazioaren oinarria. Edozein huskeria mehatxu larri bihurtu.

5. Herri-hizkeraren oinarria. “Propagandak herrikoia izan behar du, eta xede-taldearen inteligentzia txikieneko gizabanakoaren mailara ekarri behar da. Konbentzitu nahi den masa zenbat eta handiagoa, are txikiagoa egin behar den ahalegin mentala. Masen gaitasun rezeptiboa mugatua da, eta bere ulerkortasuna eskasa; gainera, erraz ahazten zaizkie gauzak.

6. Orkestratze oinarria. “Propagandak ideia kopuru txiki batera mugatu behar du, eta etengabe errepikatu behar dira; behin eta berriz aurkeztu behar dira ikuspegi ezberdinetatik, baina beti ere kontzeptu berean bat eginda. Ez pitzadurarik ez zalantzarik.” Hemendik dator hain ezaguna den esaera: “Gezur bat nahiko errepikatzen bada, egi bihurtzen da azkenerako.”

7. Berrikuntzaren oinarria. Etengabe igorri behar dira informazio eta argudio berriak, erritmo bizian, eta, horrela, aurkariak erantzun nahi duenerako, publikoak beste gai batzuetara jarrita egongo da. Aurkarien erantzunek ezin diote inoiz akusazioen maila gero eta handiagoari kontra egin.

8. Egianztaren oinarria. Argudioak eraiki iturri ezberdinetatik abiatuz, globo-zunda deritzen horien bidez edo zatikako informazioen bidez.

9. Isiltasunaren oinarria. Argudiorik ez daukagunean, auzia isildu; aukariari mesede egiten dioten auziak disimulatu. Horretarako kontraprogramatu ere egin behar dugu, gure sokako komunikabideen lagauntzaz.

10. Transfusioaren oinarria. Oro har, propagandak lan egiten du lehenagotik dagoen mami batetik abiatuta; izan daiteke mitologia nazional bat, edo izan daiteke gorroto nahiz aurreiritzi tradizionalen saski-naski bat. Kontua da argudioak zabaltzea joera primitiboengan eragina izango dutenak.

11. Ahobatekotasunaren oinarria. “Mundu guztiak” bezala pentsatzen duen jende asko konbentzitu, ahobatekotasun ustea sortuz.

Joseph Goebbels

Edozein antzekotasun errealitatearekin, kasualitate hutsa hotza da.