2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia (I)

Komunikazioa

Askotan galdetu didatelako kontatuko det nola egin genuen lan hori komunikazioari dagokionean, norbaiti zerbaiterako balioko zaion esperantzan. Niri behintzat zorra kitatzeko.

2005 urtean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren komunikazio-zuzendaria izan nintzen. “Briefinak” hau esaten zuen: “erdalgunera iritsi nahi dugu, batetik, eta BEC bete behar dugu, bestetik “. Lau hilabete eman nituen Bertsozale Elkartearen barne kulturaz jabetzen eta komunikazio plana osatzeko ikerketa egiten. Ekainean hasi ginen komunikazio-plana burutzen, unibertsitateko ikasketak bukatu ondoren. Lan “erraza” zen, baina bolumen handikoa. Azken batean Bertsozale Elkartearen eta bertsolarien lana oso onak ziren.

Briefinak eskatzen zigunari kontrabriefing moduko bat egin genion, eta halaxe finkatu genituen helburuak:

  1. Erdalgunera benetan iritsi (2001etik zetorren heburua)
  2. BEC bete
  3. Bertsolaritza reposizionatzen hasi

Garaiotan herri kulturaz eta kultura popularraz hausnartzen nenbilen, cultural studies (gazteleraz) delakoen haritik. Antropologia ikasten ari nintzenez, gai horiekin jolasten nuen, baita Ulf Hannerz, Verena Stolcke eta gisakoek proposatzen zizkidaten testuekin ere: interkulturalismoa, multikulturalismoa e.a. Patua.

Gainera, niretzako erraza zen xede-taldeak irudikatzea, nere herria Gipuzkoako “erdalgune euskaltzalea” delako (gisakorik onartzen bazait). Kontutan hartu behar da Belodromoko finaletan publikoaren %70 gipuzkoarra zela, eta horrek beldurra eragiten zuela Bertsozale Elkartean BEC betetzeari begira. Beraz, erdalgunez landa, euskalgunera ere iritsi behar ginen, haiek beteko baizituzten bertso-aretoak.

Estrategiari dagokionez, hasieratik argi ikusi genuen komunikazio-plana harreman publikoetan oinarritu behar zela, publizitaterako dirurik ez eta bertsolaritzak Interneten garapen eskasa zuelako.

Lehenengo arazoa: Bertsozale Elkarteak kudeatzen duen esparrua oso arrakastatsua da kopuruz eta kalitatez parametro guztietan, baina ez zeukan aliaturik inon, bertsozale trinkoen artean ez bazen. Erdalgunea helburu, aliatuak behar beharrezkoak ziren lanean hasi aurretik. Alegia, “hasi aurretik irabazi behar zen partida”. Non bilatu aliatuak horrelako egoera batean? Medioak eta kazetariak jarri genituen jo puntuan. Haiek gabe ez zegoen lortzerik gure helburu-sorta.

Baina euskalgintzan bezala kulturgintzan ere ohiko joera da politizazioa baztertu, sahiestu eta are deitoratzea ere. Ez da gaurko gaia, baina nabarmen esan behar dut ikuspegi hori guztiz idorra dela. Objektu sozial bat despolitizatzen dugunean, galdu egiten dugu objektu horrek komunitatearen bizimodua hobetzeko dituen doaien kudeaketa estrategikoa. Objektu hori futsgabetu egiten du, eta, finean, objektu sozial horren atzean dagoen giza-taldea gizartetik at uzten du. Zilegizko ikuspegia da, sarritan euskalgintzan entzuten den “komunitatearen” ideiarekin bat egiten duena, baina erabat desegokia zen gure kasuan, geure buruari jarri genizkion helburuen ikuspegitik. Hortaz, medioen eta kazetarien artean aliatuak lortzeko estrategia bertsolaritza politizatzea izan zen, batetik; eta kazetaritza politizatzea, bestetik. Hau da:

  1. Bertsolaritzaren errealitatea kopuruetan eta kalitatean komunikatu.
  2. Egoki komunikatu berstolaritzaren doaiak euskal herritarren bizimodua hobetzeko.
  3. Medioek eta kazetaritzak lan horretan egin zezaketen ekarpenaren ideia argi bat komunikatu, EHko testuinguruan, medio bakoitzaren errealitatetik abiatuta eta proposamen argi eta zehatzak eginda.

Izan ere, denok dakigu zein diren hemengo kolore guztietako kazetarien ajeak. Gauzak osoago kontatze aldera, esan dezadan arlo honetan egindako komunikazio-lanak “triangelutze“-ariketa klasikoa izan zela, baina hauteskunde edo borroka egoera batetik kanpo.

Despolitizazioa eta hiperideologizazioa, txanponaren bi aldeak dira. Harrigarria bada ere bat ere elkarlanik ez zegoen Radio Euskadirekin, ETB1en eta Euskadi Irratian saio bana izan arren. Audientzia taulek argi erakusten zuten Radio Euskadiren entzuleen %50 euskalduna zela. SER katean ere antzeko datuak. Hortaz, bete-betean hartzen genituen gure xede-taldeak horrela. Bai, audientzia-taulak zerbaiterako daude. Ezin dira hedabideak baztertu gazteleraz aritzen direlako, alegia gu bezalakoak ez direlako. Jendea dago hedabideen atzean, entzuleak. Alperrik hasiko naiz hemen esaten medioa mezua dela.

Zuetako bat baino gehiago kanpaina harekin harremanetan egongo zen, elkarteko kide gisa, kazetari gisa, bertsolari gisa edo auskalo nola. Testuan zerbait faltan hartzen baduzu, utz ezazu iruzkina beherago mesedez, nere memoriak zuloak izaten ditu-eta.

OHARRA: ni eta gu erabili ditut testuan, talde bat aritu zelako lanean komunikazioan: Joana Mendiburu, Zihara Enbeita, Iñaki Apalategi, Jon Martin, Julen Zelaieta, Lierni Altuna eta beste baten bat. Eta gure ondoan beti Andoni Otamendi, txapelketaren arduradun operatiboa. Txapelketaren taldea askoz ere zabalagoa zen, jakina, baina ezin denak aipatu.

7 thoughts on “2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia (I)

  1. Aupa Joseba!

    Argibidetxo bat baino ez, urte horietan Bertsozale Elkarteko Sustapen arloko arduradun nintzen aldetik, “Harrigarria bada ere batere elkarlanik ez zegoen Radio Euskadirekin” horretaz:

    2003ko udaberrian proposamen zehatz bat egin genion Radio Euskadiri, 2003-04 ikasturtean Graffitti saioan (kulturaren gaineko arratsaldeko irratsaioa) astean behin ordu laurdeneko tarte bat eskaintzeko bertsolaritzari; hilabete bakoitzeko aste bakoitzean bloke bat jorratuko genuen (historia, antzeko adierazpideak beste hizkuntza batzuetan, saio komentatua, eta bertsoa eta euskal kantutegia “loturak”), eta egingo zuen kazetaria ere bageneukan (Urtzi Urrutikoetxea). Bilboko RE-ren egoitzan batu ginen Jexux Murua eta biok orduko RE-ko zuzendariarekin. Edukazio handiz hartu gintuen, kafea eskainiz eta abar, baina orduan ez zegoen tartean txapelketa nagusirik, eta astebete geroago ezetz esan zigun.

    Igual kontrako bidea egin behar genuen (behera jo: kazetariengana), baina “gora” jotzea erabaki genuen, eta urte hartako ekainean Hitzetik Hortzerari buruz berba egiteko orduko ETBko zuzendariarekin batu ginenean, idatzizko zirriborro bat eroan genion bere goikoari, EITBko zuzendariari, eman ziezaion, komunikabide talde osoan bertsolaritza zelan landu genezakeen elkarrekin aztertzeko eskatuz. Disimulatu zuen, baina barrutik barrez lehertu zela iruditu zitzaidan niri. Geroko deiei largak eman zizkioten.

    Horiexek aurrekariak. Argitzeko besterik ez.

    Bestalde, dagoeneko esateko moduan gaudela uste dut: euskalgintzaren eta kulturgintzaren politizazioa badator; astiro, baina badator.

    Atsegin dut

    1. Uste det inoiz kontatu didazula hori Igor. Ongi ekarria dago, argia ematen duelako “materialen termo-dinamikaz”. Guk hasieran goikoengana jo genuen kasu guztietan: TVE, El Correo, EiTB, GARA e.a. Berria gelditu zitzaigun zintzilik, agenda arazoak medio… Hor partida bat jokatzen zen, oinarrizkoa, eta halaxe egin genuen, baina ez zen eraginkorra periodistikoki. Horretarako beste partida bat jokatu behar zen kasu bakoitzean. Goikoen eta behekoen arteko errespetu profesionala ezagutu nuen orduan, seguruenik goikoek gaia nola jorratu ez zekitelako… Hortaz, zegokionarengana jo genuen kasu bakoitzean. Radio Euskadiren kasuan, programazio buruarengana. Egia esanda harreman pertsonal oso jatorra eta profesionala atera zen handik, batez ere haien “hizkuntza” oso ondo menperatzen genuelako. Gauzak gehiago kontatze aldera, gaia ez zen zen inoiz bertsolaritza izan Igor; gaia irratigintza, Euskal Herria, kazetaritza, audientziak, Tele5, unibertsitatea eta abar izan ziren. Ofizioa, alegia. Uste det hor egon zela giltza kasu guztietan. Harrera ikaragarri ona egin ziguten leku guztietan. Oso harreman emankorra iruditu zitzaidan. Kanpaina hartan behin baino gehiagotan esan ziguten: “Kamio, lo que querais”. Eta halaxe izan zen. Arazoa zen, dena gure esku jarrita, guk sortu behar izan genituela formatoak, edukiak, egutegiak, protagonistak eta abar. Lagundu nahi eta nola ez zekitenez, gure esku jarri zuten. Txapelketak martxa hartu zuenean dena prest zegoen, eta orduan ezagutu nituen profesionalak (elkar)lan ikaragarri ona egiten. El Correoren kasua bitxia ian zen. Saio guztien kronika egitea proposatu genien, gazteleraz, eta ezetz esan ziguten. Ez genuen gaizki hartu, ulertzen genuen egoera. Bigarren saio bat egin genuen, eta ezetz esan ziguten berriz. Orduan ere ulergarria zen, El Correorekin ari ginen! Hirugarren saio bat egin genuen, eta kazetaria guk bilatu eta jarriko geniela esan genien. Eta baietz esan ziguten. Guk bilatu genuen kazetaria, eta haiek ordaindu. Bigarren faseko saio guztien kronika egin zuten, finala barne, gogoratuko zara. Honek ere balio du “materialen termo-dinamika” ikusteko. Gure egoeran konstruktiboak izatea beste aukerarik ez daukagu.

      Atsegin dut

      1. Bai. Arrazoia daukazu: hobe da jendeari bere premia bat aseko duzula erakustea, zure premia bat ase dezan eskatzea baino. Ari gara ikasten…

        Atsegin dut

  2. esan nahi nizuke imagina, irudia, kanpaina horrena zen alde bisualaren garrantzia aipatzea ahaztu duzula. gaztea nintzen ni, beraz agian horregatik oroitzen dut hain ondo zein inpaktua eragin zidaten grafikek!!
    “wow…-esan nuen-, hau bai espektakulu ona, zer da? bertsolaritza txapelketa?!?!?!?!?!?!?” pasada bat iruditu zitzaidan, itzela, gustoko izan nuen hasieratik eta printzipio bisualen irrikak beti barrua mugittu izan didanez (batek daki zergatik) nik uste dut horregatik erabaki nuela , NIRE INIZIATIBAZ, bertara joatea. grafikaren mailako txapelketa ote zen ikustera. diferentea behar zuen izan holako iragarpenaz jaialdiak…. eta hala izan zen, gozamen hutsa. baina bereziki poza sentitzen nuen, nindoan leku horrek gustoko imagena zuelako: modernoa, garaikidea, diferentea….poza horrexek eman zidan. beingoz egiten nuen horrek beste itxura bat zuelako, eta egiten nuena berez gauza bera zen!

    nik uste jazteko modua ere aldatu nuela, grafika horrekin. berriz diot, nerabezaro hutsean barneratua nenbilela. baina politta izan da honetaz oroitzea!!!
    🙂

    jakin nahi nuke hala ere bisualkeria horren jaiotzaren nondik norakoa, sekretua ez bada🙂

    egunon”!

    Atsegin dut

    1. Arrazoi osoa dezu Katalin, hitzik ere ez det esan, ta merezi du bai horrek aipamen bat. Eskerrik asko gaia ekartzeagatik. Irudi hori Tolosako Zut agentziak egin zuen, eta ederra da oso. Argazki on baten indarra du, ia zuri-beltzez, elegantea… Horregatik jo genuen estudioko argazkiak egitera, eta horregatik aldatu genituen ere bertsolarien poseak argazkietan, prentsaurrekoen antolaketa bisuala eta beste gauza asko. Lehenengo aldiz txapelketaren aurkezpena “gala” baten bidez egin zen, ez prentsaurreko baten bidez eta abar luze bat. Egia esanda xehetasun dezente gelditu zait kontatu gabe post hauetan, baina ezin nituen mugarik gabe luzatu, ta nonbait sartu behar labana.

      Atsegin dut

  3. Nere postekin loturak: Misión cumplida | neure (h)egitik

Share your thoughts

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s