2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia (II)

Komunikazioa
2005 bertsolari txapelketa nagusia

2005 bertsolari txapelketa nagusia

Gauza asko eman zituen kanpaina hark, eta seguruenik baten batek ihes egingo dit. Hala iruditzen bazaizue, esan iruzkinetan.

Barne mailan, Bertsozale Elkarteak ikasi zuen komunikazioa prentsa-bulego bat baino gehiago zela, batetik; bestetik, komunikazioaren indarraz jabetu zen. Tabernari bizkorrek dakiten bezala, ez da gehiago irabazten zerbitzari gutxiago jarrita, gehiago jarrita baizik.

2005eko txapelketa nagusia egiten ari zen bitartean, Eusko Jaurlaritzak inkesta soziologiko baten azken bloke osoa bertsolaritzari eta txapelketari dedikatu zizkion (kasualitatez!?). Ez daukat txostena ezta haren estekarik ere, barka. Hauek izan ziren ikerketaren emaitzak (memoriaz ari naiz): EDITATUA: Iruzkinetan dago dokumentuaren esteka, Igor Elortzak utzita.

  1. Euskaldunen %97ak %93K jarraitu zuen txapelketa.
  2. EAEko biztanle guztien %60ak %58k izan zuen txapelketaren berri.
  3. Bertsolaritza gehiago lotzen zen kultura popularrarekin tradizioarekin baino.

Nabarmena da, beraz, hiru datu horiek bete-betean bat egiten dutela kontrabriefinean definitu genituen helburuekin. Ez da ohikoa izaten kanpaina baten eraginkortasuna neurtzeko aukerarik izatea. Hortaz, kopuru onak lortu ziren eta bertsolaritzaren esanahi berriak gizarteratu ziren. Hemen dago benetako komunikazio-lana, esanahietan, pentsamendu-aldaketa, gizarte aldaketa delako. Jende gehiegi dago inguruotan kopuruen komunikazio huts eta sistematikoan, jokaera ezin defentsiboagoa dena. Eta defentsiba da, inondik ere, lekurik txarrena egoteko: ez dago irabazi estrategikorik inoiz. Egoera zailenetan ere ez duzu zertan defentsiban egon. Gainera, kopuruek ez dute arrazoirik ematen, metafora horrek ez du funtzionatzen atalase jakin batzuk gainditzen ez badira behintzat, eta hori oso testuinguru berezietan bakarrik gertatzen da.

Bertsolaritza kultura popularrarekin lotzea eta ez tradizioarekin sekulakoa da. Horrek ziurtatzen du bertsolaritzaren etorkizun positiboa. Ezin da ahaztu Bertsozale Elkartearen helburu estrategikoa “bertsolaritza geroratzea dela”. Bertsolaritzaz ari garenean bertsolariei buruz ere ari garenez, ulertu behar da bertsolarien gora-beherek pertsonai publiko bezala eragin zuzena dutela bertsolaritzaren pertzeptzio berri horretan. Zaila da ordea hori kudeatzen, bertsolari bakoitzaren askatasuna delako bere bizimoduaren antolaketa, baina garai luze batean erakutsi duten “bertsatilitatea” eta lortu duten statusa klabeak izan dira aspektu honetan. Lan asko eta ona egin dute.

Hiru emaitza horiekin batera, beste batzuk aipatu behar dira:

  • Saio guztietan asistentziak aurreikuspenak bikoiztu egin zituen. Askotan galdetu didate hori espero ote genuen, eta erantzuna baiezkoa da komunikazio-taldean geundenen aldetik. Gure lana antolatzailearen lana “izorratzea” zela esaten genion Andoni Otamendiri, alegia aretoak txiki uztea eta azken momentuan aldatzeko lanak ematea. Mingarria zen ordea jendea saiotik kanpo gelditzen ikustea. Finalean ere halaxe izan zen, kopuruak bikoiztu egin ziren.
  • Bertsozale Elkartearen diru irabaziak ere bikoiztu egin ziren.

Beste ondorio-mota batzuk ere egon ziren, baina horiek ez dira hain argi geratu, gerora nahiko landu ez direlako seguruenik. Hain zuzen ere, Bertsozale Elkarteak nahiago izaten du zuhurtziaz ibili, “aparraldien” beldur delako. Ez nator bat kontu honetan, baina ez da gaurko gaia.

  • Harremanetarako eta aliantzak egiteko esparru berria eta zabalagoa lortu zen.
  • Kulturgintzaren ustezko “merkatu mugak” zalantzan jarri ziren. Nere ikuspegian kulturak ez du mugarik ez merkatuari dagokionean ez beste inolako zentzutan. Kultura-adierazpide artistikoek ere ez, genero gisa adierazpide bakoitzari garai/leku bakoitzean dagozkionak alde batera utzita. Hau ideia konstante bat izan zen gure lanaren enfokean: mugarik ez aldez aurretik eta estrategiak landu.
  • Komunikabideekin “lotura” afektibo eta profesional sendoa lortu zen, inork gutxik aldez aurretik imajinatuko ez lukeen bezalakoa. Egin ziguten harrera eta egin zuten lana ikaragarri ona izan zen. Bereziki aipatu behar da El Correo, TVE eta El Paísen lana, orden horretan, egin ziguten arretagatik eta egin zuten lanagatik. Oraindik pena daukat El Correorekin egin genuen hanka sartzeagatik azkeneko momentuan, heldugabetasun kontu batengatik. Akats hark asko erakutsi zidan. Berriarekin ere hanka sartze tonto bat izan genuen BECen. Ez det gure ohiko medioen lana gutxietsi nahi, inondik ere.

Esan beharra dago, estrategiaren zatirik inportanteena martxan jarrita zegoenean, prentsa-bulego sendoa antolatu genuela xehetasunik txikienak ere zaintzen saiatzen zena. Kazetarien lana genero periodistikoen arabera antolatu genuen, txapelketaren lehiaketa-egutegiarekin gurutzatuta. Txapelketaren fase bakoitzaren araberako lan periodistikoa egiteko eskaintza egiten genien hedabideei, txapelketa kontakizun gisa hel zedin irakurleengana. Bulego horrek barne komunikazioa ere egiten zuen, nahiko modu sendoan, kontakizunaren ikuspegi horrekin.

Justiziaz esan behar da bertsolaritzaren jarraipena egin ohi duten medioen lana ere ikaragarri ona izan zela, baina horrek aipamen berezi bat behar du, medio horiek “etxekoak” izanik, poz-pozik zeudelako haien begien aurrean ia astebururo ikusten zutenarekin. “Militante” zoriontsuak zirela esan daiteke… (Lan) giro aparta zegoen.

Izan ere, 2005eko bertsolari txapelketa nagusia hiru hilabeteko energia kolektibo baten eztanda izan zen, eta herri baten taupada-edo sentitu zen (barka, ez naiz olerkikeria horien zale, baina…).

Bestetik, lurralde berean bizkar emanda bizi diren bi herrien arteko oinarrizko isuri komun bat gertatu zen, flash bat. Ikuspegi horrek gidatu zuen gure lana une oro, uste baikenuen bertsolaritzak baduela horretarako doairik. Argi ikusi zuten asmoa “erdalgunearen” medioek, eta laguntzeko prest agertu ziren.

Azken ohar bat: gauza handia da beldurra, asko laguntzen du helburuak lortzen. BEC ez betetzeko beldurrak eta nire lehen lan profesionala frakaso bat izateko beldurrak asko lagundu zidan/zigun.

2 thoughts on “2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia (II)

  1. Joseba:

    Nahiko oroimen ona duzula dirudi bai ; )

    Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen %58k eta euskaldunen %93k izan zuen BEC-eko finalaren berri. Horiek dira behintzat 2006ko martxoan Lehendakaritzaren 30. soziometroak eman zituen emaitzetako batzuk (landa-lana 2006ko otsailean egin zuten).

    Irakurri pdf-aren 73. orrialdetik aurrera (idazkiaren 69. orrialdetik aurrera):

    http://www1.euskadi.net/estudios_sociologicos/sociometros_e.apl

    Dena dela, argi dago ez zela kasualitatea izan soziometro horretan gai hori aztertzea, besteak beste, garai hartan Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduraduna Iñaki Martinez de Luna zelako…

    Atsegin dut

Share your thoughts

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s