prentsan agertu

Prentsan agertu (I)

Komunikazioa

Edo, nahi bada, “presentzia eduki“. Gizarte Aldaketaren alde ari diren erakunde, mugimendu nahiz gobernuek ez dute komunikazioa lantzen egin beharko luketen neurrian, eta ez diote ematen berez duen garrantzia. Gabezia hau oinarrizko ikuspegi oker baten ondorioa da.

Ikuspegi horren arabera, dena laburbiltzen da “prentsan agertzera”. Prentsa-bulegoari izena aldatu dioten arren, prentsan agertzea da helburu behinena, eta horretara jarrita daude ahalegin gehienak. Horregatik dituzte liskarrak hedabideekin, baita “etxeko” hedabideekin ere, agertzeko nahia aseezina delako: zenbat eta gehiago agertu, azkarrago lortuko dira helburuak. Propaganda hutsa. Helburuen definizio ahulaz eta komunikazio-helburuen definizio ezaz aurrerago hitz egingo dugu. Gainerako komunikazio prozesuak eta sistemak ere “propagandara” jarrita daude, mobilizazioak barne.

Urgentea da propaganda eta komunikazioaren arteko bereizketa egitea, eta horrek eskatzen dituen aldaketak burutzea kanpo nahiz barne mailan..

Eskema horretan ez dago tarterik txikiena ere komunikazioaz hitz egiteko, eta, ondorioz, erakunde horiek guztiak ezinean dabiltza. Asmo jatorrena ere itoko litzateke eskema horren azpian. Kazetariek eta “agitadore grafikoek” hartzen dute garrantzia eskema horretan jakina, kazetariak onem dakitelako zer egin behar den prentsa agertzeko. Baina garaia iritsi da esateko bikote horrek eman duela eman beharreko guztia, eta ez duela gehiago emango komunikazio-estrategien eta komunikazio-zuzendarien esanetara jartzen ez diren bitartean. Ezin dira nahastu autobusaren gidaria eta autobusaren ingeniaria.

Eskema honek galbidera eramaten ditu erakunde, mugimendu nahiz gobernu horiek, zeinahi dela haien indar “erreala”. Ondorioz, galtzaile atera ohi dira hedabideen atzean dauden botere ekonomiko-politikoen aurrean.

Honaino hipotesia, ondoko lerrootan azalpenak eta soluziobideak.

Esan bezala, mugimenduok hedabideen esparruan kokatu ohi dute “borroka”, eta, ondorioz, hedabideei leporatzen diete haien desgraziarik handienak, mugimenduok etengabe behar eta eskatzen dutelako hedabideen babesa herritarrengana iristeko.

Bai, borroka bat dago hedabideen esparruan, baina borroka ez da hedabideen aurka planteatu behar, baizik eta iritzi publikoa irabaztearen alde.

Mugimenduon eta herritarren arteko harremana mediatua dagoenez, medioena da euren helburuak ez lortzearen kulpa. Egoera honen aurrean erakunde, mugimendu eta gobernu horiek hedabideen manipulazioaren salaketa etengabekoa egiten dute, eta kazetaritzaren deontologia errespeta dadin eskatu eskuarki. Guztiarekin, hedabideen/kazetaritzaren barruan kokatzen dute komunikazioaren borroka eta arazoaren soluzioa. Harrigarria da: inork baino hobeto ezagutzen dute hedabideen boterearekiko morrontza, eta, hala ere, hedabide horiek menperatzen duten eremuan kokatzen dute komunikazioaren borrokaren zentroa. Areago, beren hedabide propioak sortzen dituzte esparru horretan borroka egiteko. Ez dago esan beharrik, borroka hori aldez aurretik dago galduta, horretara bakarrik mugatzen bada. “Don’t hate the media, be the media” ezaguna zuzena da, jakina, baina gizarte aldaketaren aldeko indarrek ezin dute horretara jarri bere indarra, ez baikaude 70eko hamarkadan.

Beraz, komunikazioari (iritzi publikoaren moldaketari) dagozkion lanak kazetaritzaren eremuan soilik planteatzea suizidio bat da, eta mugimenduon oinarri sozialak alienatu egiten ditu, esparru horretan beti galtzaile direlako: etengabeko zigor psikologiko baten azpian daude zure zaleak. Inozentziaren garaia pasa da, eta horretan segitzea arduragabekeria handia da.

Kazetaritza eta komunikazioa parekatzeko joera hori, gainera, beste aspektu baten ondorioa da: marketinarekiko eta publizitatearekiko mespretxua. Mespretxu hori logikoa dateke, marketinaren praktika deitoragarrien eraginez, baina kazetaritzaren praktika deitoragarriek ez dute gisako bazterketa eragin, eta kazetaritza-eredu jatorrak lantzera jo dute mugimenduok. Zergatik ez berdin jokatu marketinarekin?

Botere politiko-ekonomikoekiko morrontzapean iritzi publikoa moldatzen duten hedabideen nagusitasuna nabarmena da, eta estrukturala, salbuespenak salbuespen. Nagusitasun hori, ordea, gizarte aldaketa bilatzen duten mugimenduek ere emana da, hortxe kokatu baitute komunikazioaren borroka, komunikazioak eskaintzen dituen beste sistemak eta prozesuak bazterrean utzita. Batzuetan pentsatzen dut nagusitasun hori borrokatu nahi izaten dela beste nagusitasun baten bidez: mobilizatzen den jendearen kopuruaren bidez.

Gaurkoa bukatzeko, harrigarria da ikustea indar guztia “prentsan agertze” horretan jarrita ikustea, eta aldi berean zein gutxi zaintzen diren hori lortzeko prozesuak. Agertze hutsa nahikoa balitz bezala. Oro har, hedabideen gaineko teoria hipodermikoak dira nagusi mugimenduongan, eta hortxe dago gainditu beharreko lehenengo koska, besteak beste, mugimenduok direlako teoria hori ukatzen duen adibide praktikoa.

One thought on “Prentsan agertu (I)

Share your thoughts

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s