Hauteskunde Orokorrak 2011 (I)

Komunikazioa

Alderdi politikoen komunikazio lanaren iruzkin pare bat egitera nator gaur, nere lan esperrutik helduta, branding delakotik markagintzatik alegia.  Horretarako kontutan hartuko dut marka eta komunikazioaren arteko harremana, batetik; eta, bestetik, komunikazioa eta hauteskunde hauek gertatu diren abagunea. Hona eskema bat, hauteskunde kanpaina prestatzeko ere balio dezakeena, kontutan hartuta ez direla berdinak kanpaina politikoak (ideologikoak) eta botoak irabazteko kanpainak. Hau da, kanpainak ez dira egiten zureak irabazteko ezta zureak inoiz izango ez direnak irabazteko, baizik eta gainerakoak irabazteko. Satisfakzio ideologikoa eta estrategia bereiztu behar izaten dira, nortasuna eta irudia egoki kudeatuz.

Hasteko, hemen daukazu 2011ko hauteskunde orokorretarako alderdien spoten bilduma.

PSOE: Sinetsita nago PSOEk ez zituela hauteskunde hauek irabazi nahi. Alderdi hori estatu-aparatu bat besterik ez da, merkatuen aparatu bat, aspaldi. Alternantziaren logikapean mugitu da bete-betean. Horregatik aurkeztu dute Rubalcaba barne-hauteskundeak egin gabe: ez zuten etorkizuneko hautagai berri/gazte bat erre nahi egoera horretan. Etorkizunari itxoiteko esan diote. Hipotesi hau okerra balitz, hona azterketa posible bat: PSOE egoera ekonomikoaren erruduna da, borobil. Udal hauteskundeetako jipoia bero dago oraindik. Hautagaiaren irudia, ordea, ez da hain txarra. Areago, bere like maila, Raxoirena baino hobea da. Beraz, kanpainan PSOE gutxi, Rubalcaba asko. “Vota Rubalcaba” asko, “Vota PSOE gutxi” (lerro hauek idazten ari nintzela ikusi det lehenengo aldiz). Ongi. Plano motzetan PSOErik ez da agertzen. Karteletan gorri gutxi dago, bat ere ez, eta Rubalcabak ukabila itxita, aspirante lanetan. Aspirante? Gobernuan dago-eta! Bai, baina ez da gobernua, urrutiratu nahi du. Gobernua entregatu du? Jakina, bai, esan dut gorago. Mezuari dagokionez, bere jendea mobilizatzeko lana da “Pelea por lo que quieres” horren bidez. Raxoiren aurkako eztabaidan estrategia destruktiboa garatu zuen, irabazia hortik bakarrik zegoelako: bronka piska bat bere jendea mobilizatzeko. Ongi lehenengo hipotesian bagaude; gaizki hauteskundeak irabazi nahi badira. Jauregik ordea reframing estrategia bat garatu zuen: “hau gaizki egin dugu, bai, baina balore hauek eta beste hauek kontutan hartuta, hau eta hau gertatuko da guri botoa ematen ez badiguzu”. Reframing estrategia perfektuki burutua. Ongi. Jauregi, ordea, motz geratu zen autokritikan, baina txukun aritu zen tonoan, borroka egin zuen. Marketinaren 22 lege aldaezinak oso fresko kasu honetan: “akats bat entregatzen baduzu, jendeak puxtarri bat emango dizu”. EAEri dagokionez, PSE-PSOE zangotrabatua dago estrategikoki: bere botoemaileei bost axola zaie Espainia edo abertzaleak izorratzea ez den ezer. Bake prozesuak haustura ekarriko du PSEren hautesleen artean, akaso baita PSEn ere, eta hauteskunde autonomikoen aurrerapena orokorrak pasata.

PP: Espainian ez dira inoiz hauteskundeak irabazten, beste batek galtzen ditu. PPk akatsik ez egiteko lana egin du, paradoxikoa ematen duen arren. Alderdiaren kolore urdina nonahi, eta Raxoi presidente itxuran karteletan, lasai, konfiantzaren aita. “Sumate al cambio” hori ordea, arraro egiten zaio 45 urtetik gorako jendeari, “cambio = PSOE” delako horien gogoan. Gainera, aldaketa ezkerraren kapital sinbolikoaren parte da. Asmoa triangulatzea bazen, ustekabean harrapatu naute, horrek esan nahi baitu PSOE garaitu ez, PSOE hustu egin nahi dutela, eta, bide batean, M15ek bildutako hainbat jende bildu nahi dutela ere, M15en azpian sektore “ez ideologiko” franko baitago, faxisten xede-talde argia. Hau da nere hipotesia, eta ikasgai bat uzten dit: eskubiaren transformazio eta transmutazio gaitasuna uste baino handiagoa da, ezkerrarena baino askoz ere handiagoa. Ongi eskubikoak, gaizki ezkerrekoak, nortasuna eta irudia kudeatzeko beharraz konturatu eta praktikara eramaten dutelako. Bestela, markaren ikuspegitik, pentsa liteke PPren estrategia “kudeaketara” bildu beharko litzatekeela, “efikaziara”, ez “aldaketara”. Logikoagoa ematen du, a priori, baina aukera hau eta bestearen artean dagoen alde estrategikoa itzela da: askoz irabazi handiagoa dago bestean.

EAJ: Ez naiz sartuko “Euskadi puede” eta “Euskadiren alde” horien arteko “komunztadura” eskas horretan, arrazoiak arrazoi. Baina “Euskadi” hori gero eta latzagoa dela iruditzen zait, eta Urkulluk erakusten duen lotura afektiboa nortasun ikur horiekiko oso arriskutsua da. Bestela, EAJren noraeza monumentala da: hiruko pintza bat (sic) “salatzen” ari dira, posizio guztiz defentsiboa eta ia paranoikoa: denak ditugu aurka. Egoerak EAJ gainditu duela ematen du, batez ere bere markaren bihotza “kudeaketa” delako, eta ezin duelako inolako kudeaketarik saldu, Bizkaikoa salbu. EAJ krisian dago, beraz. Kasu: Gipuzkoarren %44 ez zen batere fidatzen edo piska bat fidatzen zen Gipuzkoako Diputazioarekin 2009ko irailean. %41 zerbait fido zen. Soilik %14 adierazten zuen konfiantza erakunde horrekiko. Konfiantzaren eskalan azkenaurrekoa zen GFA, alderdi politikoen aurretik! Gipuzkoarrek eskatzen zuten bertako politikak egitea beste balore batzuetan oinarrituta. Hortaz, sakoneko dibortzio bat dago, ez koiunturala, oker dabil beraz Egibar. Hortik atera zen Zure Herrian programa lotsagabea, Olano herriz herri jarrita. Bilduren emaitzak, beraz, ez dira soilik une politikoaren ondorio. Eskuzabaltasuna falta zaio EAJri bere marka gehiago ez desgastatzeko.

Amaiur: Zaila da inolako koherentziarik ikusten Amaiurren komunikazio lanean: izena, logoa, leloa, koloreak, irudiak, mezuak… Ulertzen det izena, ulertzen det logoa e.a. Baina ez det ulertzen konjuntoa. Hau da: ez dago marka ahalegin egituraturik. Egia esanda, pentsa liteke Amaiurrek ez duela komunikazio egokirik behar, zaldikatzen ari den olatuak energia ikaragarria dakarrelako, eta nahikoa du horrekin emaitza onak lortzeko. Olatu horrek, gainera, autonomikoetarainoko soka du, gutxienez. Energia horren parte bat “abertzaleen batasuna” da, bestea bakea, bestea askatasuna e.a. Eremu sinbolikoan elementu kritikoak denak. Ez da erraza komunikazioa egitea hain aukera zabala edukita eskura. Egoera horretan, PPri buruz esaten nuen horrek hemen ere balio du: ezer ez egitea estrategia ona da, hanka sartzeko aukerak gutxitu egiten direlako (ez dago ironiarik iruzkin horretan). Izan ere, eta honek denentzako balio du, jendea uste baino azkarragoa da egora ulertzen. Oro har, Amaiurren (ezker abertzalearen) gabeziak komunikazioan sekulakoak dira, ez da propagandatik pasatzen, eta propaganda hori ere eskasa da. “Spin” (hitzei buelta eman) saio kaskar batzuk egiten ditu bai, baina oso-oso ahulak. Hartara, kanpaina telebistan dago bete-betean, baina telebistan egiten den lana oso behetik doa, eta ez ditu bere kideak minimoki prestatzen telebistan aritzeko. Bestalde, sinesgaitza bada ere, egungo egoera berrian ere ezker abertzalea ez da gai ondo konpontzeko “condena usted la violencia” hori. Gauza bat oso nabarmena iruditzen zaidana da bere ebento guztien argiztapena okerra dela. Elkarrizketak-eta ulergaitzak dira, hiper-idelogikoak, ia-ia teorikoak. Orobat ezker abertzaleak ez daki norentzako hitz egiten duen, ez daki nortasuna eta irudia kudeatzen, edo ez daki bi aspektu horiek kudeatzean datzala komunikazioa. Oro har, ezker abertzaleak ez du serioegi hartzen bere komunikazioa.

Geroa Bai: Geroa Baik Amaiurren aurkako mugimendu bat definitu du, izenetik hasita, eta hor bere zuloa: ezin duzu jokatu besteak ezarri dizun jokalekuan. AEBko 2008ko hauteskundeetan Hillary Clintonek “esperientzia” jorratu zuen, Obamaren gaztetasuna azpimarratzeko; Obamak, ordea, “esperantza” landu zuen, herri oso bati itxaropena emateko eta aldaketaren beharra azpimarratzeko. Bada alderik. Geroa Bai eta Hamaika Bat, EAJk bidean uzten dituen zerraldoak dira. Bestela, esan behar dut legitimoa dela noski edozeinek kanpaina egitea, baina gero eta mikatzagoa egiten ari zait afektiboki Uxue Barkosen kanpaina, bere gaixotasuna kontutan hartuta. Pertsona (gaixo) bakar batek ez du alderdi bat egiten. “Espektakulu” itsusia da.

Guztira, PPrena da lan txukunena oraingoan. Markaren ikuspegitik ezustekoa eman didan arren, unearen ikuspegitik maixuki jokatu du: ez ditu soilik hauteskundeak irabazi nahi, PSOE hustu nahi du estrategikoki, eta hau marketing lezio bat da.

Interneti dagokionez, kanpaina honek ez du ezer onik ekarri. PSOE eta PP “twitterlari zonbien” bila aritu dira, eta PSOEren puntuen programak tostadorak-eta irabazteko zur eta lur utzi nau. Urrutiegi joan dira, baina horren azpian bada asmo onik: batzuk konturatu dira sare sozialak ez direla hedabideak, garrantzitsua ez dela “irakurle kopurua”, engagement delakoa lortzea baizik, alegia jendearekin konektatzea eta bat izatea haiekin, komunitate bat egitea. Beti Obama ahoan, baina ez du ematen ezer ikasi dutenik Obamak Interneten egiten duen lanarengandik.

Gauza dezente geldituko ziren esan gabe, seguruenik. Hala iruditzen bazaizu, utz ezazu zure iritzia iruzkinetan.

EDITATUA: Artikulu hau interesgarria iruditu zait Publicistas y comunicadores consideran obsoleto el actual modelo de campaña electoral.

7 thoughts on “Hauteskunde Orokorrak 2011 (I)

  1. Kaixo!

    Joan den astean erantzun hau bururatu zitzaidan; ez nuen bidali, astakeriak esatearen beldurrez. Beharbada horixe besterik ez dira izanen, baina tira. Hona hemen nire ekarpena/okerpena.

    Geroabaizale baten iruzkina, gehiago ideologiaren ikuspuntutik marketingaren ikuspuntutik baino (marketingaz ez baitakit deus ere).

    “Geroa Baik Amaiurren aurkako mugimendua definitu du, izenetik hasita”?

    Beharbada hori izanen da hartzaile batzuen ikuspuntua, baina hor bi hartzaile mota daude:

    EAEko abertzaleak:
    Ulertzekoa da ikuspuntu hori. EAEn EAJ eta Batasuna dira erreferentzia nagusiak, eta ez da Nabairen antzeko deus ere izan. Esanen nuke EAEn ulertu ere ez dela inoiz ulertu zer den Nabai, ezta begi onez ikusi ere: “abertzaleak eta ez abertzaleak elkarrekin? Eta zer da ‘vasquismo’ delako hori?”. Nafarroako zati handienean ez dago euskarazko hezkuntza publikorik (adibide bat besterik ez da), eta horregatik abertzale nafar askori, oraingoz, ez zaizkigu independentziak-eta asko inporta. Baina alferreko lana da EAEkoei azaltzea nolako hotza dagoen euskaldunentzat EAEtik kanpo.

    Nafarroako abertzaleak eta euskaltzaleak:
    Batzuek interpretazio hau egin dezakete: “Amaiurrek Geroa Bairen aurkako mugimendua definitu du, izenetik hasita”. Izan ere, lehenago zegoen Nafarroa Bai Amaiur baino. Aralarrek, hauteskunde hauetan, Nabaitik alde egin du eta ez die utzi Nafarroa Bai izena erabiltzea. Beraz, Geroa Bai erabili behar.
    Bestalde, zertarako sortu Amaiur? Aurretik ere bazen Bildu koalizioa, eta horren barnean zeuden Batasunaren ezker abertzalea, EA eta Alternatiba. Aralar lasai sar zitekeen barnean. Baina ez zen oso dotore ikusiko Aralarrek Nabai argi eta garbi uztea (Nabai utzi duten alderdi guztiek itxurak egin dituzte: “bota gaituzte”, etab.); beraz, beste koalizio bat sortzen da, gauza “berri eta ilusionagarri” bat, eta, nafarrak helburu, “Amaiur” izen sinbolikoa ematen zaio.

    Izan ere, Geroa Baik zerbaitetan asmatu badu izenean izan da. Oso kanpaina “barreiatua” egin du, ez du mezu nagusi argirik, egunero arlo desberdin baten inguruko mezua ematen du… Baina izena argia da: Geroa Bai = Nafarroa Bai gara. Eta laguntzen dion lema: Badugu geroa, bai = Nafarroa Bairen proiektuari eutsi nahi diogu; Batzarrek, EAk eta Aralarrek alde egin dute, baina guk eutsi nahi diogu. Izen hoberik bururatzen?

    Produktuak saltzearekin loturik, hona hemen nire usteak Geroa Bairen eta Nafarroa Bairen inguruan:

    – Aralarrek produktu zaila du saltzeko. Saldu behar digu maiatzeko hauteskundeetan egin zuena (Nabairi eutsi eta Batasunarekin ez elkartu) orain gaizki dagoela, eta orduan EAk egin zuena (Nabaitik atera eta Batasunarekin elkartu) orain ongi dagoela.
    Eta saldu behar digu orduan ongi jokatu zuela eta orain ere bai.
    “Geroa Baikoek jakinen dute zergatik ez diren Amaiurrera etorri”. Ba, beharbada, Nabai lehenagotik dagoelako eta azkeneko hauteskundeetan Bilduk baino emaitza hobeak lortu zituelako. Bestalde, Aralarren inbento bat da Nabai. Orain zaborretara bota behar da? Horretaz gain, non dago Aralar Amaiurren barnean? Sabino Cuadra da hautagai nagusia, eta Amaiurren barnean kasik ez zaie aditzen Aralarkoei.
    Azaroaren 20an ikusiko da zer moduz saldu duen produktua.

    – Hilabete batzuk atzera. EA joan den maiatzeko hauteskundeetan. Horiek ere produktu zaila zuten saltzeko. Erabakia eta hitzartua zuten Nabai uztea eta Batasunarekin elkartzea. Baina Nafarroako militanteek eta boto-emaileek ez zuten halakorik nahi, eta, gainera, Nabairen barnean, bereziki EAkoek miresten zuten Uxue Barkos (Batasunak inola ere onartzen ez zuena).
    Bazter guztiak nahasi zituzten eta beren kanporaketa bortxatu zuten.
    Emaitzak:
    EAEko abertzaleak konbentziturik (Nafarroako euskaltzaleen arteko giroa kakaztearen etekinak) = EAEko Bilduren mesedetan, eta EAEko Aralarren eta EAJren kaltetan.
    Nafarroako abertzaleak ez hain konbentziturik = boto-emaileen zati bat Bildura eraman zuten, baina beste bat ez. Bilduk ez zuen “tsunamirik” izan Nafarroan. Iruñean, bereziki, Bilduk emaitza kaskarrak.

    Bestalde, “espektakulu itsusiarena”-eta ez dut ulertzen, egiaz. Uxue Barkos indartsua dago, aurreko hauteskundeekin konparaturik. Buruan zapia izateak hain itxura txarra ematen al du? Konplexurik eza adieraz dezake = ileordea eraman nezakeen, baina ez dut nahi.

    Ea zer pasatzen den. Geroa Baik diputaturik lortzen ez badu, Nafarroa Bairen bukaera izan daiteke. Zuk jada “zerraldotzat” duzu. Horrek esan nahiko du hemendik 10-15 urtera beste zerbait sortuko dela Nafarroan –EA, Aralar eta Nafarroa Bai sortu diren bezala–, eta handik urte batzuetara, berriz ere bukaera emanen diotela EAEtik –EAri, Aralarri eta Nafarroa Bai-ri (?) eman dioten bezala, EAEn izan dituzten porroten ondorioz–. Eta beti berdin.

    Edo izan daiteke diputatua lortzea, eta dinamika zaharrak behingoz haustea.

    Atsegin dut

  2. Atzetik hasita Fermin, egia da deseroso nengoela Uxueri buruzko iritzia emateko garaian; sentimendu kontrajarriak nituen. Ni bere jarduera politikoaren alde nago, jakina, berak hala erabaki badu, baina bestalde pentsatzen nuen ez ote zen hobeto berarentzako etxean lasai egotea sendatzen eta abar. Atzo ikusi nuen telebistan indartsu eta pozik, ta emozionantea izan zen, baina nere barruan sentimendu kontrajarriak daude, besterik ez. Kanpainan agertu bai, noski, baina dena berak egin du, seguruenik besterik ez dagoelako… Hori ez zait oso serioa iruditzen herritar bezela, eman dezaketen zerbitzu publikoa oso mugatua dagoelako.

    Hain zuzen Uxue da Geroa Bai, nere ustez, ez dago gehiago. Hautagai oso ondo baloratua da hautesleen artean, eta hori inportantea da hauteskundeetan. Ideologikoki eta politikoki gauzak zailagoak dira. Urkulluk berea bezela aldarrikatu zuen Geroa Bairen emaitza, baina nola josten da hori “ezkerreko indar progresista” batekin? EAJ eskubia da EAEn eta ezkerra Nafarroan? Gezurretik gertu dago norbait hor.

    Izenari eta izanari dagokionez, nik argi daukat Geroa Bai antimugimendu bat dela, Amaiur frenatzeko, EAJren orbitako mugimendua. Zerraldo dela esaten dudanean horixe diot: ezin du gehiago definitu bere burua Nafarroan aldaketa eragiteko indar determinante gisa, Nafarroa Baik egiten zuen bezela, batez ere Amaiur ere hortxe dagoelako.

    Honaino komunikazioarekin edo markagintzarekin lotutako aspektuak Fermin. Hemendik aurrera kontu politikoagoetan sartu beharko nuke, baina ez da hori izaten nere joera blog honetan.

    Planteatzen duzun gaia ondo tajutzeko seguruenik Amaiurren komunikazioari buruzko iruzkina ere egin beharko nuke, baina uste det nahikoa argia dela artikuluan esaten dudana: ez dute komunikazioa serio hartzen markagintzaren ikuspegitik, ez dute estrategia elektoralik, ez dute mezu argirik, ez dute bere jendea elikatzen, ez dute triangulatzen eta abar. Zubigintza bada zure markaren bihotza, triangulazioa da zure estrategia. Amaiurrek gauza horiek denak ongi egin izan balitu, erne Fermin…😉 Librada ederra egin dezue…

    Honaino nire iritzia, ez dakit honekin erantzun dizudan Fermin. Zuk esan.

    Atsegin dut

    1. Bi kezka sortu zaizkit, azken post irakurri ondoren:
      Beraz, zure ustez, Nafarroan Amaiurrek hauteskundeak galdu ditu Geroa Bairen aurrean, komunikazioa gaizki garatu duelako? edo Geroa Baik ongi egin duelako?
      Triangulatzeaz hitz egiten duzunean, zertaz ari zara?

      Atsegin dut

      1. Kaixo Karloa. Ongi etorri (h)egira😉

        Esan nahi dudana da Amaiurren emaitzak askoz hobeak izan zitezkeela xede-taldeen eta mezuen selekzio egoki bat egin izan balu, baita mezu horien tonoa eta estiloa egoki kudeatu izan balitu. Emaitzak ez dira hauteskunde kanpainaren emaitza bakarrik jakina. Zentzu horretan ezker abertzaleak hobe du bere jardueraren rekarakterizazio sakon bat egitea, bere sokan gauden askori jasangaitza egiten baizaigu, ez baitet pentsatu nahi nolakoa gertatuko zaion beste batzuei. Askotan estrategia kontua ere ez da: jokaera “deportibo” eta errespetuzko minimo bat nahikoa izaten da “normal” agertzeko bizitza sozialean, areago ZUBIA denean zure markaren zentroa.

        Komunikazio politikoan triangulazioa esaten zaio zure aurkariaren terreno kulturalean (ideologikoan) sartzea eta bertako hainbat elementu baloratzea/kudeatzea/estimatzea han dagoen jendea zure terrenora ekarri ahal izateko, esker oneko “deboluzio” efekto baten bidez edo enpatiaren bidez. Hegemoniaren bila dabilen mugimendu batek ezinbetsekoa du hau.

        Geroa Baik librada ederra egin du nere ustez, batez ere Amaiurrek ez duelako bere komunikazioa ondo landu, ez soilik hauteskundeetan jakina (hau ezker abertzaleari dagokio gehiago).

        Bestalde, Geroa Baik erakutsi du nolako garrantzia daukan hautagaiak eta hautagaiaren kudeaketak.

        Atsegin dut

Share your thoughts

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s