Elkarrizketa Berrian sare sozialak direla-eta

Komunikazioa

Joseba Kamio elkarrizketa harmanBerriako Urtzi Urkizu kazetariak elkarrizketa egin dit, “Euskal Komunikazioa eta sare sozialak” sortaren barruan, eta gaurko alean eman dute «Kazetaritzaren urrezko aroan gaude, Interneti esker» izenburupean.

Ohi bezela, paperean ez da elkarrizketa osoa sartzen; beraz, nahi baduzu, hementxe daukazu bertsio osoa.

Nola joan zen duela egun batzuk martxan jarri zenuen kanpaina, Twitter euskaraz lortzeko helburu zuena?

Ondo. Twitterren gure berri izan dute bigarren aldiz, espektro zabaleko jendeak bere egin du kanpaina eta jendeak gogoz heldu dio. Denon artean bultzada bat eman diogu gaiari.

Twitterreko arduradunek zer pauso eman behar dute sare soziala euskaraz jartzeko?
Twitterrek hizkuntza batzuk dauzka itzulpen prozesuan, eta erabiltzaileek izena ematen dute itzulpenean laguntzeko. Hainbat euskaldunek eman dute izena lan hori egiteko, baina Twitterrek ez du orainidk euskara aintzat hartu.

Lander Arbelaitzek duela hilabete batzuk sinadura bilketa bat abiarazi zuen helburu horrekin. Kanpaina hori gehiago zabalduz gero helburua gertuago egon daiteke, ezta?
Hala da, bai. Gainera Ibai Garcia, lehen Google eta orain Mozillan lan egiten duen euskalduna, Twittereko product manager Thomas Arend-ekin elkartuko da Gabonak pasata, eta gaia mahai gainean izango dutela esan du Ibaik Twitterren. Ia zer ateratzen den hortik.

Marketin gaietan lanean ari zarenez, nola ikusten duzu gaur egun sare sozialetan marketina egiteko dauden formak?
Masa gizarteak marketina pentsatzeko eta egiteko modu batera ohitu gaitu, non markak saiatzen diren jendearengan eragiten hedabide eta publizitate masibo, disruptibo eta errepikakorraren bidez, audientzia handien bila eta gure memoriaren bila. Baina eskema honek ez du funtzionatzen Interneten, hor audientzia masiborik ez dagoelako, nitxoak besterik ez, nortasun eta balio kultural zehatzak konpartitzen dituzten taldeak, “nazio digitalak”, tribuak. Oraindik ez dugu hau ulertu, eta eskema zaharra aplikatzen dugu, “zaleak”, lagunak eta jarraitzaileak “audientzia” bezala tratatzen, eta egoera berriak ematen dituen  aukerak aprobetxatu gabe.

Enpresa edo elkarte batentzat zein da modu eraginkorrena sare sozialetan bere helburuak lortzeko?
Hasteko, sare sozialetan egiten den lana enpresaren marketing eta komunikazio estrategiarekin lerrokatu behar da, eta zehazki Interneterako zedarritu dugun marketing estrategiarekin. Hortik aurrera, praktikan, edukiak planifikatuko dituen komunikazio-plana behar da, markaren gainean arituko dena. Marka non dagoen deskubritu behar da horretarako, marka ez baitago beti leku berean. Guggenheim-en marka eta Berriaren marka ez daude leku berean, esaterako. Hortik aurrera, komunitate jakin baten aitzindari izan behar duzu, hura etengabe elikatu behar duzu, eta bere kideekin konektatzeko abilezia izan behar duzu, interakzio emankor eta erakargarri baten bidez. Sare sozialetan egiten den lana enpresaren CRM estrategian kokatu behar da batetik, eta bestetik, harreman publikoen estrategian, ospe digitala kudeatze aldera. Gakoa, beraz, interakzioa da, elkarrizketa, esperientzia emankor eta atsegin bat, eta horretarako eduki propioak sortu eta besteenak hobetsi behar dira, nazio horren unibertso tematiko, kultural, sinboliko, eta praktikoa rekreatuz. Horregatik da hain garrantzitsua transparentzia. Esan liteke transparentzia dela marketing berria, markarekiko konfiantza, seguritatea eta benekotasuna ekartzen dituelako. Jendea ez da tontoa eta marka batekin harremanetan sartzen denean, badaki markak zer nahi duen. Hari hori baliatu behar da, ordea, baloreekiko errespetuaren exijentzia hori konfiantza sortzeko eta lotura afektibo bat lortzeko aukera baitira.

Euskal komunikabideek sare sozialen aurrean duten jarrera nola baloratzen duzu?
Oro har, euskal hedabideek berri-jarioak abiatu dituzte, baina ez dute marketinik egiten oraindik. Arazoa sakonean, zera da: paperak dirua ematen du, bi aldiz saltzen delako, lehenbizi anuntzianteari eta gero irakurleari, “baina sarekoak negozioa izorratzen ari zaizkigu” pentsatzera jotzen dugu. Kalte bezala interpretatzen da, eta kaltea minimizatzera jarrita dago jende gehiena, ez hainbeste egoera hori baliatzera. Gainera, hedabideek eta kazetari batzuek ez dute estatus jakin bat galdu nahi, eta orduan “kazetaritza onaren” defentsan ateratzen dira, Internet zera nahasi eta fragmentatua dela esaten. Pureta batzuk dira. Nik neuk ezagutu dut egunkari bateko edizio digitaleko arduraduna sareen beharra ukatzen eta mespretxatzen. Izan ere, ezin dira nahastu kazetaritza-enpresen ajeak eta kazetaritzarenak berarenak. Kazetaritzaren urrezko aroan gaude, Interneti esker. Kazetaritza berriak formatu berriak asmatu ditu, eta hedabide klasikoek legamitzen zuten botere-harremanen hesia hautsi du, betikoen “agenda setting” boterea hautsita. Interneti esker betiko kazetarien sakoneko kazetaria ezagutzen ari gara, kazetari berriak ezagutzen ari gara eta kazetaritzaren funtzio soziala berritzen ari da.

Zure blogeko post batean planteatzen zenuen ea egunkariek Interneten noiz jarriko duten martxan zaleen zokoa? Zer da zehatz mehatz planteatzen duzuna?
Lagun bat daukat Berrian lanean, eta hura zirikatzeko idatzi nuen posta. Berriak papereko irakurleak saritzen ditu harpidedunaren txokoaren bidez, eta hori marketing taktika egokia da fidelizazioari begira, baina ez ditu sareko jarraitzaileak saritzen, eta hor aukera bat ikusten nuen nik. Ez daukat proposamen zehatzik. Ikuspegi interesgarria zela iritzi nion eta halaxe bota nuen, eztabaidarako-edo. Askotan horretarako erabiltzen dut bloga, pentsatzeko, pentsarazteko, ideiak ordenatzeko, beste iritzi batzuk ezagutzeko…

Blogetan idazten diren artikuluak gaur egun errazago zabaltzen dira sare sozialen bitartez. Zer hausnarketa egiten duzu harreman horren gainean?
Harreman perfektua da. Edukiak ehizatu eta konpartitzea da jende askoren zaletasun handiena une honetan, eta horrek zoriontsu egiten du jendea. Praktika horren bidez meritokrazia bat osatzen joaten da, eta jendea horren parte sentitzen da.  Gauzak konpartitzeak berak zoriontsu egiten gaituela azpimarratu nahiko nuke, kooperazioa eta meritokrazia konbinatzen duen eredu antzeko batean. Baina, gainera, beste gauza ikaragarri esanguratsua gertatu da: aukera eman diguten unean, gure gizatasuna lotsarik eta beldurrik gabe adieraztera jo dugu Interneten, irrika ia askatzaile batek bultzatuta. Ikusi Facebook, ikusi YouTube, ikusi blogak. Gure biografiak, sentimenduak, minak eta nahiak kanporatu ditugu, eta horrek uholdea eragin du Interneten. Horrek efektu askatzaile bikoitza ekarri du: emozionala batetik eta politikoa bestetik. Botereak ohiko hedabideen bidez helarazten dizkigun edukien kontraprogramazioa egiten ari garela ematen du, guk geuk guretzako sortutako edukiekin, eta ez botereak gure gogoan ezarri nahi dituen edukiekin.

Euskarak sare sozialetan duen presentzia gero eta handiagoa da. Euskal komunikabideek zer bide hartu beharko lukete euskal internautak harrapatzeko?
Beste edozein komunikabidek egin behar duena. Lehenik eta behin marka non dagoen deskubritu behar da. Akaso marka ez dago informazioan, informazioaren produktu kategorian lider aldaketa bat gertatzen ari delako aspaldi honetan… Marka eta negozioa batera birpentsatzea aholkatzen diet. Bestela, produktu informatiboa ere ukitu behar da, sakoneko arazoa baitago produktuan: irratia, telebista eta egunkariak berri “zaharren” refritoak dira, eta urrun daude gugandik; horregatik jotzen dute gero eta gehiago amarillismora gu harrapatzeko, baita informatiboetan ere! Edukiak, genero periodistikoak, titulatzeko formak e.a birpentsatu behar dira. Ondoren helburuak zehaztu behar dira eta estrategia digitala zehaztu, markaren eta CRMaren ikuspegitik. Komunikazio planak edukiak antolatu behar ditu, eta ekipoa eta abilezia zehatzak behar dira. Ekipoaren ideia azpimarratuko nuke.

Facebook eta Twitterrez gain, Google+ jaio da eta beste sare sozial berezituago batzuk daude. Nola ikusten dituzu horiek?
Iruditzen zait nahaste-borraste handiegia dagoela, eta gai honek desenfokatu egiten duela benetako gaia marketinaren ikuspegitik. Sareak sare, gure lana da gure komunikazio-sistema, enpresa-estrategia, marka, produktuak eta komunikazioa lerrokatu eta ordenatzea. Alde horretatik, galtzaile ateratzen dira webgune korporatiboa eta e-maila, baina kontutan hartu behar da hor dagoela dirua, ez sareetan. Hau da, sare sozialak enpresaren edo elkartearen CRM sisteman integratu behar dira.

Atez atekoa bezalako gizarte gaietan informazioa eta ekimenak sare sozialen bidez zabaltzeaz zer diozu?
Atez atekoa produktu kategoria berria da, eta sare sozialek lagundu dezakete ekimenaren nondik norakoa ezagutzera ematen eta abiatzeko babes-talde bat osatzen, baina ezagutzera emateko modu eraginkorrena ohiko hedabideak dira. Kasu horretan sarea oso erabilgarria da lehen esan duguna egiteko: komunitatea sortu eta komunitate hori izatea zure markaren eramailea. Bestalde, SAT edo BAZ bezala ere erabili daiteke, intzidentziak jasotzeko, zalantzak argitzeko e.a.

5 thoughts on “Elkarrizketa Berrian sare sozialak direla-eta

  1. Interesgarria oso. Zalantza asko izan ditut kazetaritza tradizionala eta 2.0ren bidez egiten denaren artean desberdintasunak aztertzeko orduan. Interneti esker kazetaritzaren urrezko aroan gaudela diozu eta kazetaritzaren funtzio soziala berritzen ari dela gainera. Bide horretan ikusten dut nire burua gero eta gehiago. Baina txip aldaketarako oraindik zeozer falta dela uste dut.

    Atsegin dut

    1. Kazetaritza tradizionala hilda zegoen sare sozialak agertu aurretik ere. Erredakzioen rutinizazioa bildurgarria zen eta pipiak janda zegoen boterearekiko menpekotasunaren aldetik. 2.0 delakoak haize freskoa besterik ez du ekarri kazetaritzara. Zure zalantzei dagokienez, Kung Fu-k esango lukeen bezela: “aldaketa zugan dago, ene matxinsalto txikia”😉

      Atsegin dut

Share your thoughts

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s