Twitter Euskaraz: ondorioak eta ajeak

Komunikazioa

twitter euskaraz

Jakingo duzue zerbitzua euskaratzeko aukera ireki zuela atzo Twitterrek. Egun bat nahikoa izan da itzulpena burutzeko eta laster izango dugu interface-a euskaraz.

(H)egiak Twitter euskaratzeko kanpaina bota zuenean, aitortu behar det beroaldi baten ondorioa izan zela, ikasleei komunikazio-eskolak ematen sortu zena. Izan ere, komunikazioan testugintzaren (copywriting) garrantziaz aritu nintzen klasean, latza izaten baita sarritan “irudi batek mila hitz baino gehiago balio du” axiomari naguzitzea. Eta halaxe topatu nuen neure burua twitter euskaratzearen aldeko kanpaina bat egiten, nahi gabe.

Ez nuen inondik inora espero kanpainak izan zuen oihartzuna, eta seguruenik ez zen hala izango aldez aurretik #twittereuskaraz kanpaina zabaldu izan ez balitz act.ly-ren bidez. Aitortu behar det, gainera, gerora konturatu nintzela aurreko kanpaina horrekin eta damutu ere egin zitzaidala ez nuelako ekimena komunitatearekin konpartitu. Okerrena, ordea, gero etorri zen: kanpainak eskuetatik ihes egin zidan guztiz. Beroaldia pasa zenean eta ikusi nuenean metxa piztu egin zela, larritzen hasi nintzen hasieran, eta aztoratzen bukaeran, irratitik-eta deitzen hasi zirenean.

Beraz, copy-gintzan zegoen nere asmoa, batetik, eta euskalgintzaren komunikazioaren inguruko kezkak, bestetik, blog honetan ohikoak direnak: hiperideologizazioa, teokrazia, e.a.

Hauxe izan zen erabili nuen copy-a, gero ondorioak:

1. Harritzekoa: kanpaina bota eta minutu erdira norbaitek copya euskaratu egin zuen. Esanguratsua. Hor hasi zen kanpaina bere bidea egiten, nere kontrolpetik urrun, egun sare sozialetan edozein markari gertatzen zaion gisara. Kontrola kimera hutsa da egungo markentzako.

2. #Twittereuskaraz kanpainari nolabaiteko erasoa egingo balitzaio bezala erreakzionatu zuten batzuek, edo halaxe iruditu zitzaidan niri behintzat, #basquetwitter traola boikoteatuz. Honek gehiago larritu ninduen, noski, kontrola gero eta lausoagoa zelako eta gauza arraro hauek gertatzen hasi zirelako. Esan gabe doa: oso urruti nengoen ni holako kontuetaz, baina laster konturatu eta larritu ninduen horrek. Mezua utzi nuen Facebookeko taldean, bazpaere, gaia kokatzen, baina ez nuen erantzunik izan.

3. Media tradizionalak “We love u. Please do love us back” edo “Maite zaitugu, maita gaitzazu” zatiari heldu zion, baina sarean arrakasta gehiago izan zuen “Help us meet the future” zatiak. Zergatik?

4. Copyak ikuspegi eta estrategia bat biltzen zuen: bortizkeriarik gabeko asertibitatea Twitterreko taldeari begira eta konexio emozionala komunitateari begira. Eta, jakina, ingelesez bota zen kanpaina, enpatia kontu soil batengatik. Uste dut copyak esplikatzen duela kanpainaren nahigabeko arrakasta. Zer iruditzen zaizu zuri?

5. Twittereuskaraz kanpaina ez bezala, hemen ez zen Act.ly bezalako tresnarik erabili. Berriz diot: gehiegi pentsatu gabeko kanpaina beroaldia zen! Baina hemendik ondorio bat atera daitekeela uste dut: gizatasunaren araberakoa da Interneten egiten den lanaren arrakasta. Hau da, tresnak aldi berean izan daitezke soluzio eta arazo. “He firmado la petición…” esamoldea robotak idatzi du, ez Andonik ezta Mertxek ere, eta dagoeneko nik ez diet jada kasurik egiten. Tresnak tresna.

6. Umiltasuna behar dugu. Eta eskuzabaltasuna. Interneten eta euskalgintzan dena izan da irabazi lehenengo kolpean. Askotan kontatu det Bertsozale Elkartean lortu genituen gauza batzuk hirugarren “kanpainaren” ostean lortu genituela, eta horrek ez gintuela eraman beste horiek etsaia zirela pentsatzera. Hartara, kontatuko dizuet, gauzak kontatzen hasita: hirugarren saioan lortu genuela, burugogorkeria pertsonal baten ostean, Berria egunkaria Txapelketa Nagusiko babesle izatea! Zur? To! Eta hirugarren saio batean lortu genuela El Correok saioak gazteleraz kubritzen hastea, guk jarri eta haiek ordaintzen zuten kazetari baten bidez. Eta, bukatzeko, bigarren saio bat behar izan genuela, GARA ere gurera ekartzeko. Teokraziak denbora gehiago ematen du besteak epaitzen lanean baino, kasu. Horiek denak ez ziren gure etsaiak, aliatuak baizik. Besterik gabe, lan bat zegoen egiteko zeuden lekuetatik guk nahi genuen lekura ekartzeko. Zergatik? Bada komunitate bati begira ari ginelako, helburu jakin batzuekin, eta komunitate horrengana iristeko aukera ematen zigutelako horiek denak, dirurik ezean, ikerketak gero erakutsi zuen bezala. Ez genion erreparatzen urliaren edo sendiaren joera ideologikoari edo auskalo zein beste konturi, jendeari baizik. Utzidazue esaten: Euskal Herriari.

7. Nik ez nuke inoiz esango “Twitterrek men egitea erabaki zuela“. Edo “garaipena” dela lortutakoa. Ikuspegi arrotza da hori neretzako testuinguru zehatz honetan. Etsaia hartzen da mendean, baina nik ez daukat inolako arrazoirik Twitter etsaitzat hartzeko. Gainera, hau garaipena izango balitz, non daude ospakizunak? Lorpena da, bai, ez ordea etsaiaren aurkako borroka latz baten osteko “garaipena”. Ikuspegi hori ez da zuzena, eta, gainera, ez da emankorra egun euskalgintzak egin behar duen lanaren aldetik, “munduan egoteko” modu ankerra ekartzen duelako, antipatiko, motza… Aliantzak oztopatzen ditu eta etxekoak “hooliganizatzen”. Besteek men egitea gustatzen al zaigu edo besteen fede-konbertsioarekin orgasmatzen gara?

8. “Merkatua garelako eman digute” horrek ere kezkatu egiten nau. Zer gara ba gu EDOZEIN enpresarentzat? Eta zenbat enpresa inguruan…? Kontu hutsala benetan. Argiak berak ere ez al gaitu merkatutzat hartzen? Eta ez dago horretan bekaturik nere aldetik.

9. Nik ez dakit zein diren etorkizuneko erronkak. Lan oso-oso txikia egin izan det nik arlo honetan: GreatNews RSS programa bat itzuli nuen oso-osorik, Skype itzultzen lagundu nuen, Facebooken zeozer, Yammerren piska bat… Baina jasangaitza iruditzen zait lortutakoa gutxiestea software librearen harimuturra hizpide hartuta. Komunitateari errespeto minimo bat ere zor zaio, eta egin duena merezimenduz txalotu eta horri tartetxo bat eman, BAINArik gabe. Ezin da komunitatea erabili kanpainaren zenbakiak harrotzeko bakarrik.

10. Aurrekoarekin lotuta euskararen aldeko kanpainen alde ludikoa aipatu nahiko nuke, berriz, Berri onak euskalgintzan postaren hari beretik. Ez al genuke zeozer egin behar hau dena rentabilizatzeko? Egiturarik ez daukagunez, komunitatearen aldartearen araberakoa da hori, eta hementxe kontua arestiko kontuak rematatzeko: zein da bada gure komunitatean bultzatzen ditugun baloreak? Zein bultzatzen dugun aldartea, emandako lata latzaren ondoren hain poz gutxi adierazi eta hain esker txarreko izateko? Twitterri eskatu diogu zerbitzua euskaratzeko, egin egiten du, eta gero  hankapetik txiza egiten diogu. Ez al da askoz aukera hobea Twitterren jarrera txukun hau reforzatzea eta refuerzo horri ahalik eta bisibilitate handiena ematea beste batzuek gure komunitatearen kutsagarritasuna senti dezaten? Akaso .eus prozesuan laguntzeko?

2 thoughts on “Twitter Euskaraz: ondorioak eta ajeak

Share your thoughts

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s