Gogoeta-ontziak eta Komunikazioa

Komunikazioa

e-services-think-tank.jpg

Dagoeneko ez badakizu, Think Tank edo gogoeta-ontziek eragin garrantzitsua dute AEBko nahiz Europako politikangintzan, zer esanik ez Hego Amerikan. Taldeon kezka nagusietako bat komunikazioa izaten da, komunikazio politikoa, komunikazioak rol garrantzitsua jokatzen duelako dominazio-sistema iraunarazteko bi dimentsio ezberdinetan:

  1. Epe luzean, erreprodukzio ideologikoa da kezka nagusia, sistema ekonomikoa eta soziopolitikoaren arteko ibilbideak paraleloak izan daitezen, betiere konkordantzia kulturala zainduz. Alde horretatik, produktu kulturalen ekoizpenari erreparatzen zaio (liburuak, telebista saioak, zinea, arkitektura, museoak, musika, e.a.), komunikazio politikoari berari baino gehiago. Boteredunek nahiz boterea eskuratu nahi dutenek, beti behar dute jarduera kultural bizi bat bere burua legitimatzeko eta bere egitasmo politiko-ekonomikoa burutu ahal izateko.
  2. Epe motzean, komunikazio politikoa da kezka nagusia, bere hiru dimentsiotan: hauteskundeak irabazteko komunikazioa, gobernuen komunikazioa eta oposizioaren komunikazioa.

Azken garaiotan George Lakoff izan dugu hizpide askotxok. Lakoff-en lanari esker topatu omen dute AEBko demokratek erreplikanoen ohiko nagusitasuna gainditzeko bidea, eta haren lana ezagutzea ezinbestekoa da egun mundu guztian gertatzen ari dena ulertzeko, komunikazio politikoaren arloan.

Ordea, jende gehienak ez daki Lakoffen lana beroaldi baten emaitza dela, hainbestetan gertatzen den bezala. Gizona nazka-nazka eginda zegoen errepublikanoen nagusitasuna eta demokraten zabarkeriaren aurrean. Izan ere, errepublikanoak hamarkada pare bat zeramaten beren komunikazioa zorrozteko gogo ontziak antolatzen eta, hain zuzen, horien ondorioz nagusitzen ziren.

Zein dira ordea gogo ontzi horiek? Zer diote? Ohi bezala, kontserbadoreak oso diskretoak dira, baina izen pare bat ezagutzea behintzat komeni da, kontserbadoreen lana ezagutzea Lakoffena ezagutzea bezain interesgarria baita, edo akaso gehiago (hori da nere kasua), horrek autonomia ematen digulako gure esparruan bertan borrokatu behar ditugun komunikazio-lerroak indargabetzeko, Lakoffen errezetak itsu-itsuan jarraitu gabe. Kontutan izan behar da Alderdi Popularra edo EAJren komunikazio-lerroak AEBko eta Alemaniako gogo ontzi horien gidalerroen seme-alabak direla, harreman estua baitago horien guztien artean.

Zehazki esanda, bi pertsonen lana jarraitzea gomendatuko nuke. Lehen maila batean, Lakoffen aurkari zuzena-edo izan litekeena, Frank Luntz. Luntz da AEBko errepublikanoen Obama aurreko nagusitasunaren garuna. Bere lanaren ardatza framing  delakoa da.

Bestea, askoz ere maila sakonagoan, Niklas Luhmann daukagu. Autore honen lana interesgarria da, autopoiesis-aren kontzeptua biologiatik sistema sozialetara ekarri zuelako, batetik;  eta bestetik, Talcott Parsons-en ikasle eta jarraitzailea izan zelako hasieran, gero haren lanaren kritika egin zuen arren.

Alderdi interesgarria dela iruditzen zait niri, nere ustez Euskal Herriko ezkerreko abertzaletasunak zein euskaltzaletasunak “herriari” buruz darabilten ikuspegia oso gertu dagoelako Parsons-en ikuspegitik, alegia gizarte modernoak ekarri duen “komunitate galduaren” ikuspegi nostalgikotik. Ikuspegi hori, nere ustez, kultur ideologia oker eta antzu batera eman ditu ezkerreko abertzaleak zein euskaltzaleak, eta hipotesi batean, hori izan daiteke bi taldeon egungo ezintasun politikoen oinarria. Datorren post batean honi buruz arituko gara.

 

 

One thought on “Gogoeta-ontziak eta Komunikazioa

Share your thoughts

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s