Oharrak 30 hilabete eta gero

mundu bira
14494765_10154778552422784_2303556588155658575_n.jpg

Bogotáko Gernika Parkea, Euskal Etxearen aurrean

Bi urte eta erdi joan dira etxetik alde egin nuenetik. Esaten dute gazte garaiko bidaiak ikasteko egiten direla, heldu garaikoak berriz, esperientziak izateko. Bien arteko nahasketa bat izaten ari da nire kasuan. Noiz uzten zaio ikasteari bada?

Esperientziak eta sentimenduak gertukoentzat gordetzeko joera daukat, Facebooken bastante biluzten naizen arren, baina denbora honetan guztian buruan bueltaka ibili ditudan gaiak ekarri nahi ditut gaur.

Generoa. Asian eman nuen bidaiaren lehenengo partea eta han gaia rekurrentea da: familiaren/emakumearen rola babes sozialik gabeko gizarteetan, prostituzioa, sexua, transexualitatea, edertasuna, arrazakeria, erlijioa eta, oro har, gai horien guztien inpaktua kulturan, bereziki generoan.

Adi, emakumeen edertasuna eta ingelesez cute edo panpina bezalakoa izateko grinak sekulako indarra du. Perfekzioaren miresnena. Eta egiazki Japonian eta bereziki Korean halako neskak ikusten dira kalean, errealitatea eta fantasiaren arteko ez-leku batean bezala.

Tailandiak eta Indiak beren sistema legalen barruan onartu dute “hirugarren sexua”, Europan hori pentsatezina den garaian, Alemaniaren iazko urrats txikia kenduta.

Kulturaren atzetik doa legea hemen ere, noski, eta hori da gehien interesatzen zaidana. Egoera oso ezberdinak ikusi ditut Asia osoan, hain ezberdinak non eskertu egiten den generoa bezalako kontzeptu orokorra eskura izatea, egoera horiek guztiek egiazki gizon/emakumea eskema zartatu egiten dutelako.

Ezaguna da Tailandiako ladyboy-en kasua, pre-op eta post-op, baina ez da hain ezaguna tomboy-en kasua. Horiek ere oso ugariak dira. Bartzelonako neska batek esaten zidan ezin zuela juerga egin Bangkoken, neska pila joaten zitzaizkiolako ligatzera. Hong Kongen tomboy bat ikusi nuen metroan ahots ezberdina erabiltzen zuena bere amorantearekin hitz egiten zuenean (mutila) eta bere amarekin hitzegiten zuenean (neska) guztion aurrean. Bide batez, Hong Kong/Guanzhou oso gay friendly topatu nituen, Mexiko DF bezala. Bikote homosexual asko ikusten da kaletik muxuka edo eskutik helduta. Kontua da kulturak inolako arazorik gabe bideratzen dituela kasu horiek denak.

Bestalde, harrituta gelditu nintzen Txinako bikoteek erakusten zuten jarrera jostari eta alaitsuarekin, sanoarekin (?); Hego Amerikan guztiz aurkakoa.

Zentzu horretan iruditzen zait segurtasuna kalean faktore kritikoa dela, gizonek oso jarrera babeslea erakusten baitute Hego Amerikan, eta ezaguna da segurtasunak beti dakarrela prezio bat ordaindu beharra babestuaren aldetik.

Urbanismoa. Abiatu aurretik gero eta leku gehiago hartzen ari zen nire baitan, antropologia urbanoa, udal komunikazioa eta inguruan nituen arkitektoekin izaten nituen elkarrizketen ondorioz. Lehen intuizio zena, uste osoa da orain: urbanismoaren inpaktoa ongizate kolektiboan beste edozein aspekturen gainetik dago. Arkitekturak aho zabalik utzi nau, batez ere Asian. Batzuetan, arkitektura nortasun nazionalaren erdian ikusi dut, Tana Torajan bezala (Sulawesi, Indonesia).

Urbanismoa pentagrama bat bezala ikusten dut (barkatuko didate urbanistek):

  • espazioaren antolaketa (funtzionala)
  • edertasuna +artea
  • txukuntasuna
  • segurtasuna
  • kalitatea/nahikotasuna (ostentaziorik ez)

Eta pentagrama horren emaitza kalitatezko herritartasuna izan liteke administrazioak ezaugarri jakin batzuk beteko balitu (gardentasuna, eraginkortasuna eta komunikazioa).

Hizkuntza. Tailandiako hegoaldean tailandieraz ikasten dute haurrek, baina alfabeto arabiarrarekin, nortasun tailandiarra eta musulmana elkarlotu eta lurralde gehiago ez galtzeko. Indonesian Bahasa Indonesia sortu dute oso denbora gutxian 17.000 uharteetan sakabanatuta bizi diren 250 milloi biztanle estatu bereko herritar senti daitezen. Horretarako, egin zitekeen hizkuntzarik errezena sortu dute gramatikaren aldetik, gramatika batasun nazionalaren oztopo izan ez dadin. Bangladeshko independentzia hizkuntzaren eskutik etorri zen, haren izenean altxatu eta hil baitziren Indiako gobernuaren aurka. Japonian gero eta gutxiago ikasten da ingelesa. Bide batez, japoniarrek hiru alfabeto ezberdin erabiltzen dituzte, inolako lotsarik gabe. Txinatarrek harreman bisuala daukate hizkuntzarekin, alfabetoa eta tipografiaren bidez, eta horrek inpaktu zuzena dauka nortasun kolektiboan, nazionalean. Plazaz plaza ibiltzen dira olerkiak idazten brotxa handi bat eta urarekin.

Merkataritza. Ekonomia eta politika ez dira zerrenda honetan agertzen, besterik gabe gai klasikoak direlako nire baitan, baina merkataritza “deskubrimendu” handia izan da. Pitokeria bat irudituko zaizue agian, baina hala izan da, hala merkataritza handia nola txikiaren kasuan.

Halako edertasun bat ikusten dut produktuen nazioarteko trukean, baita produktuen arteko lehian ere. Sekulako aberastasuna da: baliabideen eta ezaguzatren transferentzia ia mugagabea da.

Bestalde, merkataritzak nazio zapalduen biziraupenean daukan inpaktuari ere erreparatu diot, horrek goitik behera aldatzen baitu nazio zapalduen egoera. Batzuk bazterrean dauden bitartean, beste batzuk egoera “ona” daukate, merkataritza garatu eta finantza-sistema propioak garatu dituztelako, gehienetan kreditu-kooperatiben bidez (Hego Amerikan ikusi dut hau nabarmen).

Hala ere, nago merkataritza globalak eskatzen dituen baliabide diplomatikoak betegaitzak direla gure aldetik ohiko arauak jarraituz gero. Alde horretatik, iruditzen zait EHko enpresek baliabide formatibo-organizatibo berezi eta ezberdin bat behar dutela behar horri erantzuteko, gure arrakasta ekonomikoa merkataritza horren baitakoa delako, batetik, eta askatasun nazioanalren baldintza delako, bestetik.

Bestalde, merkataritza txikiak ere eman dit zer pentsatua. Asiako hego-mendebaldean, azokak espazio publikoa okupatzen du, modu inbasiboan askotan. Kalea azoka bat besterik ez da. Gaueko azokak ikaragarri biziak dira, tenperatura jeisten denean.

Mexikon, aldiz, kaleko merkataritza kontrolpean jarri dute, eta Mexiko hizpide hartuta, uste dut ez dudala inoiz ikusi DFko merkataritzaren aniztasuna eta kalitatea. Denda tradizionalak eta modernoak topatu daitezke, sarritan auzoka antolatuta eta espezializazio maila ikaragarriarekin. Ugaritasunaren aldetik India izan daiteke kasurik aipagarriena, bestela.

Animaliak eta natura. Ez naiz inoiz naturarengandik hain gertu sentitu. Natura esaten dudanean animaliak, paisaiak eta etniak/arrazak ditut buruan. Lurra leku magikoa da, zoragarria.

Bizpahiru aldiz egon naiz negar egiteko zorian paisaia baten aurrean: Kalapathar (Everesteko Beheko kanpalekua), Mustang eskualde (Annapurnako zirkuituan), Mongoliako ezereza-paradisua, Huayhuash (Peru), Patagonia osoa…

Ur azpian, aldiz, Sipadan (Borneo), Papua (Indonesia) eta Galapagos uharteak (Ekuador) auzitan jarri dute gizaki gisa naturaz gozatzeko dudan gaitasuna: nere baitatik ateratzeko zorian egon naiz hiru leku horietan, kabitu ezinik, hiperbentilatzen, histeria puntu batean.

Esplotazioa. Une oro hor dago. Hong Kongen sentitu nuen gizakia produkzio unitate bat besterik ez dela eta jendeari izenak jartzen zaizkiola produkzio unitateen arteko nahasketa saihesteko.

Singapur urrezko kaiola bat iruditu zitzaidan, perfekzioaren bila dabilen aristokrazia baten esperimentua. Ongizateak ez du ezertarako behar demokrazia, batez ere zenbakiak onak direnean ekonomian, hezkuntzan, osasunean, inklusioan, ea. Urbanismoari buruz arestian esan duguna, hemen ere kabitzen da.

Kasu, EHn hartzen diren erabaki asko Singapurretik harttzen dira eta jendearen erantzun ideologikoa, politikoa eta elektorala ere antzekoa dela iruditzen zait.

Inork ez du, hartara, kultura faltan hartuko zenbakiak onak badira, ezta hizkuntza ere, disfuntzionala gertatzen ez bada. Hau da, hizkuntzari bide emango zaio soilik disfuntzionala/oztopo bilakatzen bada zenbaki onak lortzeko.

Euskal Herria. Herrialde azpigaratuak hizpide hartzen ditugunean, ekonomiaz ari gara batez ere, eta saihetsetik heltzen diogu alde politikoari: ustelkeria, demokrazia ahulak, ea. Ordea, Hego Amerikan ibili naizenean etengabe etorri zait burura Euskal Herria herrialde azpigaratua dela alde politikotik ikusita, XXI. mendean gaudelako eta oraindik orain ez dugulako independentzia erdietsi.

Komunikazioa. Publizitate globala oso txarra da, batez ere monotematikoa delako: emakumea da publizitatearen protagonista, objektu eta xede-taldea. Argentinako eta, maila batean, Kolonbiako kasua kenduta, ez dago besterik: emakume eder eta zoriontsuak familia giroan (emakume independiente arrakastatsuaren bariantea ere sendoa da). Harritu nau gizona anekdotikoa dela, emakumea protagonista den kontakizunen apaingarri estetikoa edo umoristikoa (bufoia), salbuespenak salbuespen.

Segurtasuna. Hitz egin dut lehen ere segurtasunari buruz, baina atal berezia behar duela uste dut. Segurtasunaren zentzu jakin bat komentatu nahi dut, lau elementu hauek osatzen dutena eta Japonian ikasitakoa laburbildu nahi duena:

  • Kalitatea
  • Konfiantza
  • Adeitasuna
  • Zintzotasuna

Berdin dio Hilton Hotelean egon edo auzoko kale kantoiko denda txikian egon gaueko hamarretan, zerbitzuaren kalitatea ezinhobea da: bezero bezela daukazun atentzioa herritar eta herrikide gisa dagokizuna da. Ondokoarengan daukazun konfiantza osoa da, bere onena emango du eta ez dizu huts egingo, lapurtuko edo tranpa egingo. Esnea, gagardoa edo txanpua egiten dugu eskura daukagun kalitate onenarekin, bestela ez dugu egiten.

P.S. Beste ohar batzuk ere egingo nituzke, baina nahiko honekin. Intruso bat bezela sentitzen naiz arlo horietan guztietan sartuta, ez bainaiz gehienatan inoiz aritu. Gainera, ezagutza arloak oso bereizita daude eta etengabe borrokan aritu naiz horrekin. Diziplina arteko loturak enfoke jakin batetik egin ditut, ideiak antolatu eta zerbait ikasi ahal izateko: ongizatea eta herritartasuna.

Share your thoughts

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s