Gogoeta-ontziak eta Komunikazioa

Komunikazioa

e-services-think-tank.jpg

Dagoeneko ez badakizu, Think Tank edo gogoeta-ontziek eragin garrantzitsua dute AEBko nahiz Europako politikangintzan, zer esanik ez Hego Amerikan. Taldeon kezka nagusietako bat komunikazioa izaten da, komunikazio politikoa, komunikazioak rol garrantzitsua jokatzen duelako dominazio-sistema iraunarazteko bi dimentsio ezberdinetan:

  1. Epe luzean, erreprodukzio ideologikoa da kezka nagusia, sistema ekonomikoa eta soziopolitikoaren arteko ibilbideak paraleloak izan daitezen, betiere konkordantzia kulturala zainduz. Alde horretatik, produktu kulturalen ekoizpenari erreparatzen zaio (liburuak, telebista saioak, zinea, arkitektura, museoak, musika, e.a.), komunikazio politikoari berari baino gehiago. Boteredunek nahiz boterea eskuratu nahi dutenek, beti behar dute jarduera kultural bizi bat bere burua legitimatzeko eta bere egitasmo politiko-ekonomikoa burutu ahal izateko.
  2. Epe motzean, komunikazio politikoa da kezka nagusia, bere hiru dimentsiotan: hauteskundeak irabazteko komunikazioa, gobernuen komunikazioa eta oposizioaren komunikazioa.

Azken garaiotan George Lakoff izan dugu hizpide askotxok. Lakoff-en lanari esker topatu omen dute AEBko demokratek erreplikanoen ohiko nagusitasuna gainditzeko bidea, eta haren lana ezagutzea ezinbestekoa da egun mundu guztian gertatzen ari dena ulertzeko, komunikazio politikoaren arloan.

Ordea, jende gehienak ez daki Lakoffen lana beroaldi baten emaitza dela, hainbestetan gertatzen den bezala. Gizona nazka-nazka eginda zegoen errepublikanoen nagusitasuna eta demokraten zabarkeriaren aurrean. Izan ere, errepublikanoak hamarkada pare bat zeramaten beren komunikazioa zorrozteko gogo ontziak antolatzen eta, hain zuzen, horien ondorioz nagusitzen ziren.

Zein dira ordea gogo ontzi horiek? Zer diote? Ohi bezala, kontserbadoreak oso diskretoak dira, baina izen pare bat ezagutzea behintzat komeni da, kontserbadoreen lana ezagutzea Lakoffena ezagutzea bezain interesgarria baita, edo akaso gehiago (hori da nere kasua), horrek autonomia ematen digulako gure esparruan bertan borrokatu behar ditugun komunikazio-lerroak indargabetzeko, Lakoffen errezetak itsu-itsuan jarraitu gabe. Kontutan izan behar da Alderdi Popularra edo EAJren komunikazio-lerroak AEBko eta Alemaniako gogo ontzi horien gidalerroen seme-alabak direla, harreman estua baitago horien guztien artean.

Zehazki esanda, bi pertsonen lana jarraitzea gomendatuko nuke. Lehen maila batean, Lakoffen aurkari zuzena-edo izan litekeena, Frank Luntz. Luntz da AEBko errepublikanoen Obama aurreko nagusitasunaren garuna. Bere lanaren ardatza framing  delakoa da.

Bestea, askoz ere maila sakonagoan, Niklas Luhmann daukagu. Autore honen lana interesgarria da, autopoiesis-aren kontzeptua biologiatik sistema sozialetara ekarri zuelako, batetik;  eta bestetik, Talcott Parsons-en ikasle eta jarraitzailea izan zelako hasieran, gero haren lanaren kritika egin zuen arren.

Alderdi interesgarria dela iruditzen zait niri, nere ustez Euskal Herriko ezkerreko abertzaletasunak zein euskaltzaletasunak “herriari” buruz darabilten ikuspegia oso gertu dagoelako Parsons-en ikuspegitik, alegia gizarte modernoak ekarri duen “komunitate galduaren” ikuspegi nostalgikotik. Ikuspegi hori, nere ustez, kultur ideologia oker eta antzu batera eman ditu ezkerreko abertzaleak zein euskaltzaleak, eta hipotesi batean, hori izan daiteke bi taldeon egungo ezintasun politikoen oinarria. Datorren post batean honi buruz arituko gara.

 

 

Hauteskunde Orokorrak 2011 (I)

Komunikazioa

Alderdi politikoen komunikazio lanaren iruzkin pare bat egitera nator gaur, nere lan esperrutik helduta, branding delakotik markagintzatik alegia.  Horretarako kontutan hartuko dut marka eta komunikazioaren arteko harremana, batetik; eta, bestetik, komunikazioa eta hauteskunde hauek gertatu diren abagunea. Hona eskema bat, hauteskunde kanpaina prestatzeko ere balio dezakeena, kontutan hartuta ez direla berdinak kanpaina politikoak (ideologikoak) eta botoak irabazteko kanpainak. Hau da, kanpainak ez dira egiten zureak irabazteko ezta zureak inoiz izango ez direnak irabazteko, baizik eta gainerakoak irabazteko. Satisfakzio ideologikoa eta estrategia bereiztu behar izaten dira, nortasuna eta irudia egoki kudeatuz.

Hauteskundeak III: diskurtso onak egiteko aholkuak

Komunikazioa

Hirugarren atal hau egitea oso erraza izan da, lehenagotik idatzita baitzegoen blog honetan bertan. Komenigarria iruditu zait bildumaren parte izatea. Ted Sorensen: komunikazio aholkuak diskurtso onak egiteko. Post hori 2009koa da, artean Sorensen bizi zela, baina 2010eko urrian zendu zen. Berea da “do not ask what your country can do for you, ask what you can do for your country” ospetsua.

Hauteskundeak II: Kanpaina Prestatzeko 15 Aholku

Komunikazioa

Hauteskunde kanpaina hasia dago, aspaldi gainera, azken hauteskundeak bukatu ziren egunean bertan hasi ziren, hain zuzen. Hemen daukazu lanean hasteko errezeta bat.

  1. Hauteskundeak ez dira irabazten edo galtzen kanpaina ofizialaren 15 egunetan. Oraindik 5 hilabete falta dira, ez utzi ezer bukaerarako.
  2. Kanpaina ez da egiten botoa ematen ez dutenentzako, ezta botoa erabakita dutenentzako (zure botoemaleak barne). Kanpaina egiten da botoa eman eta pertsuadigarriak direnentzako. Zein dira horiek?
  3. Ikerketa behar duzu, aukeran, koalitatiboa eta koantitatiboa. Aholku bat: egin lehenbizi koalitatiboa eta utzi iezaiozu berari koantitatiboa gidatzen. Iritzia da aztertu behar duzuna. Zure hautagaiaren inguruko ikerketa ere behar duzu, baita zure aurkariarena ere.
  4. Ez ezazu “bero” jokatu, utzi ikerketari berea ematen, eta ondo ordenatu zure ideiak. Pasioak ez du balio metodorik gabe.
  5. Gai bat eta bakarra jorratu behar duzu, akaso bi (hiru gehienera jota, baina atentzioaren mugan egongo zara eta hobe duzu horraino ez joatea). Hauteskundeak ez dira gabonak: ez idatzi zerrenda luzerik Olentzerori pentsatuta baten bat eroriko zaizula. Gai bakar hori metafora afektibo baten bidez adierazi beharko duzu aukera bat izan nahi baduzu. Ez egin indarrik irabazirik ez dagoen lekuan. Alegia, mezua definitu behar duzu, baita komunikazioa eta diskurtsoa ere.
  6. Diziplina handia behar duzu, eta alderdia ere diziplinatu beharko duzu. Ezin duzu alderdiaren indarra alperrik galdu, eta, gainera, ezin duzu alderdia bere horretan utzi agenda propio bat garatzen.
  7. Denborak kudeatu behar dituzu, eta agenda markatu.
  8. Baliabideak kudeatu behar dituzu: dirua, pertsonak… Gauzak definituta daudenean utzi bakoitzari bere lana egiten.
  9. Ebentoak eta girak kudeatu behar dituzu.
  10. Komunikazioa definitu behar duzu: spotak, kuñak, kartelak, esku orriak, internet e.a.
  11. Hautagaia aukeratu behar duzu, eta gainerako guztiak horren baitan kudeatu. Kontua ez da munduko hautagai onena aukeratzea, ondoan duen aurkaria baina hobea baizik. Bertsolaritzan bezala, batak bestea egiten du, batak bestearekiko jokatzen du, baina bakar batek irabazten du. Lotsa piska bat baldin badaukazu zure hautagaia elebiduna izango da, jakina.
  12. Kanpainaren animoa, estiloa eta tonoa definitu behar dituzu. Ba al da “aldeketarako grina”? Alkatea bazara eta aldaketarako grinarik ez badago, nahiko lasai ibili zaitezke, baina ez  ezazu inoiz zure aurkaria gutxietsi, eta prest egon zaitez erreakzionatzeko edo kanpaina guztia rekonfiguratzeko.
  13. Zure aurkariaren borrokarako grina makurrarazi behar duzu. Bai, bai, ondo irakurri duzu.
  14. Komunikazioa lekutu egin behar duzu, baita udal hauteskundeetan ere.
  15. Komunikazioa ez da prentsa, eta prentsa-bulegoa eta komunikazio-zuzendaritza bi gauza eta bi ekipo ezberdin izan behar dute. Komunikazioak, politikan edo negozioetan, zuzendaritza funtzioa betetzen du, prentsa-bulegoak ordea, ez.

Interneten rola 2008ko AEBko hauteskundeetan

Komunikazioa

pulitzer saria 2008 Obama euripean

The Internet’s role in campaign 2008 txosten interesgarria kaleratu berri du Pew Internetek.

Txostenaren arabera lehenengo aldiz gehiago izan ziren Internetera jo zutenak hauteskundeei buruzko informazioa hartzera, jo ez zutenak baino. Internauten %74ak erabili zuen sarea kanpainari buruzko informazioa hartzeko, AEBko helduen %55a, alegia.

Txostenak beste datu batzuk ere ematen ditu:

  • Ia 5 erabiltzaileetatik 1ek (%18) iruzkinak, ideiak edo galderak sareratu zituen blog, sare sozial edo fororen batean.
  • Internauten %45ak kanpainako spoten bat ikusi zuen Interneten.
  • 3tik 1ek eduki politikoren bat birbidali zion beste norbaiti. Helduenen artean asko ugaldu zen eduki politikoak partekatzeko joera.
  • Gazteak gero eta gehiago inplikatzen dira eztabaida politikoan sare sozialetan. Erabiltzaileen %83ak perfila dauka sare sozialen batean, eta hauen artetik bi herenek ekintza politikoren batean parte hartu zuten sare sozialen bidez.
  • Adi, hauteskunde-lanetan aritzen zaretenak: Internetek egunkariak berdindu ditu eta irratiak bikoiztu ditu hauteskundeei buruzko informazio-iturri gisa.
  • Hautesleak mugitzen ari dira, eta ihes egiten diete ikuspunturik gabeko webguneei; hobetsi egiten dituzte beren ikuspegi politikoekin bat egiten dituztenak.

Via comunicación electoral

Politika 2.0

Komunikazioa

AEBko hauteskundeekin gora eta behera gabiltzan honetan, iazko ekainaren 12an GARAk argitaratu zidan artikulu batekin gogoratu naiz, Politika 2.0 izenburuarekin. Iratxe Esnaolak beste artikulu batean aipatzen zituen hainbat alderdi jorratzen zituen, hauteskundeak 2.0. Artikulua hona ekartzea erabaki det, hemen inon baino hobeto egongo delakoan. Egunotan, gainera, KDD baten berri izan det feisbuk-en, Politika 2.0 izenarekin, eta joango ez naizen arren, hemen uzten dizuet berari buruzko informazioa. Bloga ere badute.

Hona artikulua:

Iratxe Esnaolaren artikulua hizpide hartuta (GARA, 07.05.23), hainbat burutazio plazaratu nahi dut 2.0 teknologia eta politikagintzari dagokienez, bertan egiten zen deskribapenaz harago. Teknologiak, eta batez ere, Komunikazioaren eta Informazioaren Teknologiek (KIT), antsietatea sorrarazten diete alderdi politikoei. Informazio-iturriak biderkatu direnez, zailagoa da orain informazioaren kontrola. Azken batean, orain arte medioen kontsumitzaileak izatea beste erremediorik ez genuen; orain, ordea, gutako edozein izan daiteke medio. Informazioaren masa-jario bertikalak bide eman dio elkarrizketa zabalari; eta horrek eragina izango du ohiko medioetan ere, hauen gatekeeper funtzioa auzitan dagoelako erabat. Horregatik, hedabide klasikoen kazetaritza-ereduak mugitu egin behar du informazioaren monopoliotik elkarrizketa horren moderatzaile eta galbahe lanetara, elkarrizketa horren edukiak eta aktoreak esanguratsuagoak eta sinesgarriagoak direlako. Komunikazioaren egitura aldatzen ari den honetan, herritarren eta sistema politikoaren arteko harremana aldatzen ari da, eta alderdi politikoak oso motel dabiltza oraindik. «Webgunea behar dugu» diote, batez ere gauzak okertzen zaizkienean, Internetek kutsadura magikoaren botereak bere baitan bilduko balitu bezala: nola internetek sekulako indarra duen gaur egungo jendartean, webguneak botere transferentzia bideratuko du gugana, eta voilà, gu ere indartsu izango gara.

Internet: antolakundearen komunikazio-sistemaren bihotza? KITak zuzen-zuzenean daude lotuta antolakundeen komunikazio estrategikoaren beharrizanetara, eta, horregatik, «webgunea» egiteko orduan, hauxe da agertzen den lehenengo galdera: zer esango diogu jendeari webgunean? Galdera horrek antolakunde bat baino gehiago eraman du nortasun-krisira, gure antolakundeek denbora gehiegi eman dutelako beren publiko ezberdinekin inolako komunikazio jatorrik garatu gabe, lau hitz-joko estandarizatu egiteko ez bada. Hauxe da alderdi politikoen egoera ere, eta horrek eragin zuzena du sistema-politikoaren nolakotasunean eta herritarrok sistema-politikoaz dugun pertzeptzioan. Hortaz, KITak ez dira ez moda ezta teknologia kontua ere, estrategia kontua baizik: une honetan edozein antolakunderen komunikazio-sistemaren bihotza Interneten dago. KITak, beraz, helburu jakin batzuen barnean kontsideratu eta ezarri behar dira, komunikazio helburuen barnean, hain zuzen ere. Baina horretarako premisa bat bete behar da: komunikatu nahi izatea. Eta, kasu, ez da webgune kontu hutsa. «The Cluetrain Manifesto» delakoaren lehenengo sententziak ongi adierazten duenez, «merkatuak elkarrizketak dira».

Alderdiek komunitateak sortu behar dituzte. Alderdiek erabaki egin behar dute nola parte hartuko duten elkarrizketan: webgune baten bidez, komunitate baten bidez (Harley Davidson) edo sare sozial baten bidez (mySpace). Zalantzarik ez daukat puntu honetan: alderdiok komunitateak sortu behar dituzte, gu jakin bati nortasuna, leialtasuna eta taldekidetza-sentimendua emateko. Informazioaren kontrolari muzin egin behar diote alderdiek, eta mugatu behar dute eragina izaten saiatzera. Beste kontu bat da komunitatea sortua izatea eta berau baliatzen ez jakitea, PNVri gertatzen ari zaion bezala, seguruenik komunitatearen kontrol ezak sorrrarazten dion antsietatearengatik. Egun, zoritxarrez, alderdi batzuen zuzendaritza-estiloak «kaxa beltza»ren paradigma betetzen du: inork ez daki zertan ari diren eta zertarako, eta, gainera, inork ez du jakin behar, horrek arriskua ekartzen duelako… Askotan agertzen dira medioetan, baina ez dute ezer kontatzen, eta jendea pixkanaka telebista itzaltzen ari da: gazteen %70ak internet erabiltzen du informatuta egoteko. Ez du balio gero abstentzioa dela-eta kexu agertzea. Entzuteko ordua heldu da, aldebikotasuna, enpatia eta konfiantza lantzeko ordua. Alderdirik ausartuko al litzateke bere zuzendaritzaren bilerak grabatu eta «YouTube»-n erakustera?

Aspektu ideologikoak eta estrategikoak: ez nahastu. 2.0 teknologien aldeko hautua, beraz, bi hausnarbide ezberdinetatik egin daiteke: batean, aspektu ideologikoak nagusitzen dira, eta, ondorioz, lehenetsi egiten da parte-hartzea, kontsideratzen delako hori dela jendarte-eredu osasuntsu bati dagokiona. Oinarri ideologikoen errebelazioa da, nortasun oso bat definitzen duena, baita posizionamendu estrategiko oso bat ere; bestean, bigarren hausnarbidean, nagusitu egiten da zuzendaritza- eta kudeaketa-estilo eraginkor bat, eta uste da 2.0 teknologiak askoz ere eraginkorragoak izango direla antolakundearen helburuak betetzeko. Bi ikuspegiok legitimoak dira, nire ustez. Horrenbestez, aspektu ideologikoak eta estrategikoak bereiztea komeni zaigu. Batzuetan 2.0 teknologietara jotzen dugu inolako beharrik ez dagoenean, modaren modaz; eta, beste batzuetan, ahaztu egiten zaigu komunikazioaren baldintza modu eraginkor batean komunikatzea dela, eta horrek aldebikotasuna eskatzen duela. Gure alderdia eta gure publiko ezberdinen arteko elkar ulertze mailarik gorena eskuratzea da helburua, eta, horretarako, entzun egin beharra dago, input kualitatibo oso aberatsa delako. Softwaregintza soziala, beraz, harreman publikoen esparruan dago bete-betean.

Politikariek ez dituzte edukiak sortzen. Edukietan dago gakoa, edukietan eta erabiltzailearen erabilera-esperientzia emankorrean. Edukiek erakartzen dute internauta, eduki esanguratsuek. Edukiak interesgarriak izan behar du informazioaren kalitatearen aldetik, baina aspektu emozionalek ere badute garrantzia. Testua oraindik nagusi den arren, Internet ikus-entzunezkoetara jotzen ari da gero eta gehiago, eta, ondorioz, edukiek ikuspegi multimedia landu beharko lukete. Edukiek, bestalde, sinesgarritasun minimoa behar dute. Web 2.0 delakoa jarrera ere bada, konpartitzeko eta elkarrizketa batean aritzeko borondatea erakusten duena. Elkarrizketa horretan, estekatzea da elkarrizketa gai batetik bestera eramateko modua, eta inork ez zaitu estekatuko eduki esanguratsurik eta sinesgarririk ekoizten ez baduzu. Beraz, 2.0 teknologiek ezaugarri jakin bat exijitzen digute erabiltzaileoi emankor izango badira: komunikatzeko grina. Ostera, politikariek ez dute edukirik sortzen, salbuespenak gorabehera, eta kontuz ibili behar dute epe motzeko errentagarritasun-ikuspegiekin, min handia egin baitiezaiokete edozeinen sinesgarritasunari… Baina edukien auziarekin batera erabilera-esperientziarena dago. Ezin da ulertu Interneten arrakasta esperientzia emankorren ikuspegitik at. Interneten eduki gogoangarriak aurkitu eta haien berri ematea lagunei nahiz komunitate globalei, «YouTube» edo «Zabaldu» kasu, esperientzia asegarri eta gogoangarria da internautarentzat, komunitatearen barruan estatus jakin bat lortzeko bidea delako. Garrantzitsuena ez da edukia bera, edukiarekin «trafikatzeko» irrika eta esperientzia baizik. Saria ez da ekonomikoa, kasu bakan batzuk kenduta, baizik eta emozionala, meritokrazia bat ezartzen baita komunitatearen baitan. Eta, kasu, meritokrazia bedeinkatu horrek dinamizatzen du komunitatea, bestela jai; gehienok begiratu besterik ez dugu egiten (%80).

Internet ez da makina bat, gu gara internet. Pantailaren bestaldean jendea dago, pertsonak, zer edo zer gogoangarria entzun-irakurri-ikusteko gogoz daudenak. 2.0 teknologien ezaugarririk garrantzitsuena horixe bera da: pertsonak hurbildu dituzte; pertsonen arteko interakzioa ikaragarri bultzatu dute. Ez da kasualitatea softwaregintza soziala merkatuko liderra izatea edukiak kudeatzeko sistemen alorrean, blogak kasu, jakin badakigulako harreman estu-estua dagoela teknologia eta ideologiaren artean. ‘Software for social change’ delakoak komunitateetako kideen arteko harremanak eta informazio nahiz esperientzia trukaketak ahalbidetzen ditu, komunikazio horizontal eta kooperatiboak abantailak ematen baitizkigu herritarroi, liberalismoaren jario bertikal eta hipotesi indibidualisten aurrean. Inteligentzia kolektiboaren dimentsio berria?