Ez dakigu zer egin gure herriarekin

bidaia,Komunikazioa

Hilabete atzera Chajul herrian eman nuen eguna, Guatemalako Ixil triangeluan, mendialdean [mapa], Chichicastenangoko azoka ospetsutik pasa ondoren. Mayen kultura ongien gordetzen duen eskualdea omen da.

Ez da turista asko pasatzen handik, egun hartan ni bakarrik, jakinminez eta kamara eskuan. Holaxe nenbilen ni, jostari eta zelatari, plazatik pasa nintzen arte. Gizon talde bat zegoen banku batean eserita, udaletxearen parean.

– Where are you from? Galdetu zidan taldeko ausartenak.

– Soy vasco, nik.

– Vasco de Gamma.

– Vasco del País Vasco.

– Habla español, hark.

– Y muy bien además, nik. Qué remedio nos queda.

– «Los vascos son de Barcelona, quieren la independencia», lagunei begira.

– Más o menos…

– Y qué le trae por aquí?

– Curiosidad, me gusta aprender de los demás.

– Y qué le parece Chajul?

Egia esan nion, bihotz-bihotzez. Hasita zeuden etxe tradizionalak botatzen eta porlanezko txabola “modernoak” egiten, tradizionalen ondoan ezin itsusiagoak. Alde batera, euskal baserriaren antza daukate etxe tradizionalek: egurra, teila gorria, parebat xuriak, ea. Berriak, porlana luzitu gabe eta txapazko teilatu triste eta herdoildua. Hori batetik. Gero zaborra, nonahi. Pena zela.

“Y usted qué haría?” galdetu zidan bapatean. «Mire este grupo de gente es el consejo; este señor es el alcalde, por eso lleva ese chaleco, es el traje tradicional», esplikatu zuen.

Eta horrela, nere soluzioen zerrenda egin nion, ekonomiaz, hizkuntzaz, paisaiaz, kulturaz, zaborraz, e.a., aditu baten gisara, nere ohiko geiengandik oso urruti. Adi entzun zioten nire espitxari, eta hori guztia GKEen laguntzarekin egin zezaketela ere esan nien, baliabideak eta jendea lortze aldera. “Hori ez” esan zuen alkateak, hitza lehendabiziko aldiz hartuta. “GKEek gezurra besterik ez dute esaten”, blaust.

«La verdad, no sabemos qué hacer con nuestro pueblo. Si usted nos pudiera ayudar, sería muy bueno. ¿Dónde se aloja?». Eta segidan, bizpahiru egunez gelditzeko gonbita egin zidaten, gauza horietaz guztiez lasai hitz egiteko eta ikusteko nondik jo zezaketen.

Buruan dabilkit esaldiak oraindik.

*Guk egin ez duguna besteei eskatzeko kopeta behar da gero, adobezko kopeta.

2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia (II)

Komunikazioa
2005 bertsolari txapelketa nagusia

2005 bertsolari txapelketa nagusia

Gauza asko eman zituen kanpaina hark, eta seguruenik baten batek ihes egingo dit. Hala iruditzen bazaizue, esan iruzkinetan.

Barne mailan, Bertsozale Elkarteak ikasi zuen komunikazioa prentsa-bulego bat baino gehiago zela, batetik; bestetik, komunikazioaren indarraz jabetu zen. Tabernari bizkorrek dakiten bezala, ez da gehiago irabazten zerbitzari gutxiago jarrita, gehiago jarrita baizik.

2005eko txapelketa nagusia egiten ari zen bitartean, Eusko Jaurlaritzak inkesta soziologiko baten azken bloke osoa bertsolaritzari eta txapelketari dedikatu zizkion (kasualitatez!?). Ez daukat txostena ezta haren estekarik ere, barka. Hauek izan ziren ikerketaren emaitzak (memoriaz ari naiz): EDITATUA: Iruzkinetan dago dokumentuaren esteka, Igor Elortzak utzita.

  1. Euskaldunen %97ak %93K jarraitu zuen txapelketa.
  2. EAEko biztanle guztien %60ak %58k izan zuen txapelketaren berri.
  3. Bertsolaritza gehiago lotzen zen kultura popularrarekin tradizioarekin baino.

Nabarmena da, beraz, hiru datu horiek bete-betean bat egiten dutela kontrabriefinean definitu genituen helburuekin. Ez da ohikoa izaten kanpaina baten eraginkortasuna neurtzeko aukerarik izatea. Hortaz, kopuru onak lortu ziren eta bertsolaritzaren esanahi berriak gizarteratu ziren. Hemen dago benetako komunikazio-lana, esanahietan, pentsamendu-aldaketa, gizarte aldaketa delako. Jende gehiegi dago inguruotan kopuruen komunikazio huts eta sistematikoan, jokaera ezin defentsiboagoa dena. Eta defentsiba da, inondik ere, lekurik txarrena egoteko: ez dago irabazi estrategikorik inoiz. Egoera zailenetan ere ez duzu zertan defentsiban egon. Gainera, kopuruek ez dute arrazoirik ematen, metafora horrek ez du funtzionatzen atalase jakin batzuk gainditzen ez badira behintzat, eta hori oso testuinguru berezietan bakarrik gertatzen da.

Bertsolaritza kultura popularrarekin lotzea eta ez tradizioarekin sekulakoa da. Horrek ziurtatzen du bertsolaritzaren etorkizun positiboa. Ezin da ahaztu Bertsozale Elkartearen helburu estrategikoa “bertsolaritza geroratzea dela”. Bertsolaritzaz ari garenean bertsolariei buruz ere ari garenez, ulertu behar da bertsolarien gora-beherek pertsonai publiko bezala eragin zuzena dutela bertsolaritzaren pertzeptzio berri horretan. Zaila da ordea hori kudeatzen, bertsolari bakoitzaren askatasuna delako bere bizimoduaren antolaketa, baina garai luze batean erakutsi duten “bertsatilitatea” eta lortu duten statusa klabeak izan dira aspektu honetan. Lan asko eta ona egin dute.

Hiru emaitza horiekin batera, beste batzuk aipatu behar dira:

  • Saio guztietan asistentziak aurreikuspenak bikoiztu egin zituen. Askotan galdetu didate hori espero ote genuen, eta erantzuna baiezkoa da komunikazio-taldean geundenen aldetik. Gure lana antolatzailearen lana “izorratzea” zela esaten genion Andoni Otamendiri, alegia aretoak txiki uztea eta azken momentuan aldatzeko lanak ematea. Mingarria zen ordea jendea saiotik kanpo gelditzen ikustea. Finalean ere halaxe izan zen, kopuruak bikoiztu egin ziren.
  • Bertsozale Elkartearen diru irabaziak ere bikoiztu egin ziren.

Beste ondorio-mota batzuk ere egon ziren, baina horiek ez dira hain argi geratu, gerora nahiko landu ez direlako seguruenik. Hain zuzen ere, Bertsozale Elkarteak nahiago izaten du zuhurtziaz ibili, “aparraldien” beldur delako. Ez nator bat kontu honetan, baina ez da gaurko gaia.

  • Harremanetarako eta aliantzak egiteko esparru berria eta zabalagoa lortu zen.
  • Kulturgintzaren ustezko “merkatu mugak” zalantzan jarri ziren. Nere ikuspegian kulturak ez du mugarik ez merkatuari dagokionean ez beste inolako zentzutan. Kultura-adierazpide artistikoek ere ez, genero gisa adierazpide bakoitzari garai/leku bakoitzean dagozkionak alde batera utzita. Hau ideia konstante bat izan zen gure lanaren enfokean: mugarik ez aldez aurretik eta estrategiak landu.
  • Komunikabideekin “lotura” afektibo eta profesional sendoa lortu zen, inork gutxik aldez aurretik imajinatuko ez lukeen bezalakoa. Egin ziguten harrera eta egin zuten lana ikaragarri ona izan zen. Bereziki aipatu behar da El Correo, TVE eta El Paísen lana, orden horretan, egin ziguten arretagatik eta egin zuten lanagatik. Oraindik pena daukat El Correorekin egin genuen hanka sartzeagatik azkeneko momentuan, heldugabetasun kontu batengatik. Akats hark asko erakutsi zidan. Berriarekin ere hanka sartze tonto bat izan genuen BECen. Ez det gure ohiko medioen lana gutxietsi nahi, inondik ere.

Esan beharra dago, estrategiaren zatirik inportanteena martxan jarrita zegoenean, prentsa-bulego sendoa antolatu genuela xehetasunik txikienak ere zaintzen saiatzen zena. Kazetarien lana genero periodistikoen arabera antolatu genuen, txapelketaren lehiaketa-egutegiarekin gurutzatuta. Txapelketaren fase bakoitzaren araberako lan periodistikoa egiteko eskaintza egiten genien hedabideei, txapelketa kontakizun gisa hel zedin irakurleengana. Bulego horrek barne komunikazioa ere egiten zuen, nahiko modu sendoan, kontakizunaren ikuspegi horrekin.

Justiziaz esan behar da bertsolaritzaren jarraipena egin ohi duten medioen lana ere ikaragarri ona izan zela, baina horrek aipamen berezi bat behar du, medio horiek “etxekoak” izanik, poz-pozik zeudelako haien begien aurrean ia astebururo ikusten zutenarekin. “Militante” zoriontsuak zirela esan daiteke… (Lan) giro aparta zegoen.

Izan ere, 2005eko bertsolari txapelketa nagusia hiru hilabeteko energia kolektibo baten eztanda izan zen, eta herri baten taupada-edo sentitu zen (barka, ez naiz olerkikeria horien zale, baina…).

Bestetik, lurralde berean bizkar emanda bizi diren bi herrien arteko oinarrizko isuri komun bat gertatu zen, flash bat. Ikuspegi horrek gidatu zuen gure lana une oro, uste baikenuen bertsolaritzak baduela horretarako doairik. Argi ikusi zuten asmoa “erdalgunearen” medioek, eta laguntzeko prest agertu ziren.

Azken ohar bat: gauza handia da beldurra, asko laguntzen du helburuak lortzen. BEC ez betetzeko beldurrak eta nire lehen lan profesionala frakaso bat izateko beldurrak asko lagundu zidan/zigun.

2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia (I)

Komunikazioa

Askotan galdetu didatelako kontatuko det nola egin genuen lan hori komunikazioari dagokionean, norbaiti zerbaiterako balioko zaion esperantzan. Niri behintzat zorra kitatzeko.

2005 urtean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren komunikazio-zuzendaria izan nintzen. “Briefinak” hau esaten zuen: “erdalgunera iritsi nahi dugu, batetik, eta BEC bete behar dugu, bestetik “. Lau hilabete eman nituen Bertsozale Elkartearen barne kulturaz jabetzen eta komunikazio plana osatzeko ikerketa egiten. Ekainean hasi ginen komunikazio-plana burutzen, unibertsitateko ikasketak bukatu ondoren. Lan “erraza” zen, baina bolumen handikoa. Azken batean Bertsozale Elkartearen eta bertsolarien lana oso onak ziren.

Briefinak eskatzen zigunari kontrabriefing moduko bat egin genion, eta halaxe finkatu genituen helburuak:

  1. Erdalgunera benetan iritsi (2001etik zetorren heburua)
  2. BEC bete
  3. Bertsolaritza reposizionatzen hasi

Garaiotan herri kulturaz eta kultura popularraz hausnartzen nenbilen, cultural studies (gazteleraz) delakoen haritik. Antropologia ikasten ari nintzenez, gai horiekin jolasten nuen, baita Ulf Hannerz, Verena Stolcke eta gisakoek proposatzen zizkidaten testuekin ere: interkulturalismoa, multikulturalismoa e.a. Patua.

Gainera, niretzako erraza zen xede-taldeak irudikatzea, nere herria Gipuzkoako “erdalgune euskaltzalea” delako (gisakorik onartzen bazait). Kontutan hartu behar da Belodromoko finaletan publikoaren %70 gipuzkoarra zela, eta horrek beldurra eragiten zuela Bertsozale Elkartean BEC betetzeari begira. Beraz, erdalgunez landa, euskalgunera ere iritsi behar ginen, haiek beteko baizituzten bertso-aretoak.

Estrategiari dagokionez, hasieratik argi ikusi genuen komunikazio-plana harreman publikoetan oinarritu behar zela, publizitaterako dirurik ez eta bertsolaritzak Interneten garapen eskasa zuelako.

Lehenengo arazoa: Bertsozale Elkarteak kudeatzen duen esparrua oso arrakastatsua da kopuruz eta kalitatez parametro guztietan, baina ez zeukan aliaturik inon, bertsozale trinkoen artean ez bazen. Erdalgunea helburu, aliatuak behar beharrezkoak ziren lanean hasi aurretik. Alegia, “hasi aurretik irabazi behar zen partida”. Non bilatu aliatuak horrelako egoera batean? Medioak eta kazetariak jarri genituen jo puntuan. Haiek gabe ez zegoen lortzerik gure helburu-sorta.

Baina euskalgintzan bezala kulturgintzan ere ohiko joera da politizazioa baztertu, sahiestu eta are deitoratzea ere. Ez da gaurko gaia, baina nabarmen esan behar dut ikuspegi hori guztiz idorra dela. Objektu sozial bat despolitizatzen dugunean, galdu egiten dugu objektu horrek komunitatearen bizimodua hobetzeko dituen doaien kudeaketa estrategikoa. Objektu hori futsgabetu egiten du, eta, finean, objektu sozial horren atzean dagoen giza-taldea gizartetik at uzten du. Zilegizko ikuspegia da, sarritan euskalgintzan entzuten den “komunitatearen” ideiarekin bat egiten duena, baina erabat desegokia zen gure kasuan, geure buruari jarri genizkion helburuen ikuspegitik. Hortaz, medioen eta kazetarien artean aliatuak lortzeko estrategia bertsolaritza politizatzea izan zen, batetik; eta kazetaritza politizatzea, bestetik. Hau da:

  1. Bertsolaritzaren errealitatea kopuruetan eta kalitatean komunikatu.
  2. Egoki komunikatu berstolaritzaren doaiak euskal herritarren bizimodua hobetzeko.
  3. Medioek eta kazetaritzak lan horretan egin zezaketen ekarpenaren ideia argi bat komunikatu, EHko testuinguruan, medio bakoitzaren errealitatetik abiatuta eta proposamen argi eta zehatzak eginda.

Izan ere, denok dakigu zein diren hemengo kolore guztietako kazetarien ajeak. Gauzak osoago kontatze aldera, esan dezadan arlo honetan egindako komunikazio-lanak “triangelutze“-ariketa klasikoa izan zela, baina hauteskunde edo borroka egoera batetik kanpo.

Despolitizazioa eta hiperideologizazioa, txanponaren bi aldeak dira. Harrigarria bada ere bat ere elkarlanik ez zegoen Radio Euskadirekin, ETB1en eta Euskadi Irratian saio bana izan arren. Audientzia taulek argi erakusten zuten Radio Euskadiren entzuleen %50 euskalduna zela. SER katean ere antzeko datuak. Hortaz, bete-betean hartzen genituen gure xede-taldeak horrela. Bai, audientzia-taulak zerbaiterako daude. Ezin dira hedabideak baztertu gazteleraz aritzen direlako, alegia gu bezalakoak ez direlako. Jendea dago hedabideen atzean, entzuleak. Alperrik hasiko naiz hemen esaten medioa mezua dela.

Zuetako bat baino gehiago kanpaina harekin harremanetan egongo zen, elkarteko kide gisa, kazetari gisa, bertsolari gisa edo auskalo nola. Testuan zerbait faltan hartzen baduzu, utz ezazu iruzkina beherago mesedez, nere memoriak zuloak izaten ditu-eta.

OHARRA: ni eta gu erabili ditut testuan, talde bat aritu zelako lanean komunikazioan: Joana Mendiburu, Zihara Enbeita, Iñaki Apalategi, Jon Martin, Julen Zelaieta, Lierni Altuna eta beste baten bat. Eta gure ondoan beti Andoni Otamendi, txapelketaren arduradun operatiboa. Txapelketaren taldea askoz ere zabalagoa zen, jakina, baina ezin denak aipatu.

Txapeldun berriak bere lehenengo deklarazio instituzionala egin du: euskaratik eta euskaraz. Ordezkatze osoa gertatu da gaur, ta garai berria dator. Zorionak emakume guztiei. Teknologia berriei esker gure gizatasuna adierazteko inoiz baino aukera gehiago daukagun honetan, Maialenek irabaztea ikaragarrizko zoriona da. Txapeldun garaikidea da. Zorionak Maialen.

Komunikazioa

Imagen 1

Some people told me I was too serious in this pic. For them it was also strange to see me wearing a shirt. For them and for the rest of you, just a few words.

This pic was taken to ilustrate an interview in a newspaper. You all know newspapers don’t say the truth. If you want to become true in a newspaper you have to false yourself. Otherwise you become a stranger. We live in a time where people accepts lies and liers but not strangers. Show must go on (see Guy Debord), but that’s the point: if you want to change things, you have to get a grip, and you can do this only if you can be in and out of this “meaning system” at the same time. How can you manage? Just learning the basics of war: camouflage, dissemble and surprise.

Komunikazioa

Michael Wesch: gure gizatasuna beldurrik edo antsietaterik gabe bizitzeko askatasuna dugu orain

Komunikazioa

Ostiralean juerga egin nuen Oreretan. AEKren txoznan boletoak jarrita zeuzkaten salgai (zer ez duten asmatuko hauek gure diruarengandik bereizteko!), eta, zoriona, boleto sariduna egokitu zitzaidan: besarkada bat! Inguruko guztiak besarkada ematen hasi zitzaizkidanean Free Hugs kanpainarekin gogoratu nintzen.

Kanpaina horrek erakusten duen gizatasuna da hunkitzen nauena, eta YouTuben bidez hedatu izana ez da nolanahiko kontua, YouTube, Internet 2.o esaten zaion hori guztia bezala, UGC edo erabiltzaileak sortutako edukiak egiten duelako, batez ere. Hartzaile izatetik esatari izateko aukera eman digutenean, zer egin dugu? Gure barrua erakutsi! Eta heroi anonimoak nonahi sortzen hasi dira, benekotasunaren bila, nortasunaren bila. Inori ezer/inor inporta ez zitzaion garaitik, edozer gauza axolagarri egingo zaigun garaira igarotzen ari omen baikara, eta horretarako edozein bide erabiltzeko prest gaude. Ezin det bideoaren musika aipatu gabe utzi: Sick Puppies taldea da, eta kantaren izena All The Same.

Pazientzia badaukazu ondoko bideoa ikusteko, uste det Interneti buruz eta teknologiari buruz daukazun ikuspegia aldatu egingo zaizula (akaso gizakiari buruz ere bai). Berriki kontatzen nuen nola jende askorentzako Facebook-en eta antzekoetan txorakeriak besterik ez direla entzuten/ikusten: “ze inporta zait neri non egon zaren oporretan?” aurpegiratzen dizute. Bada bideo horretan ematen den ideia baten sendotasunak harritu nau, eta apartekoa iruditu zait: “gure gizatasuna beldurrik edo antsietaterik gabe bizitzeko askatasuna dugu orain”.

Teknologiak eta medioek ez gaituzte urruntzen edo isolatzen, beste modu batean harremantzeko aukera ematen digute, eta batzuetan urrun sentiarazten bagaituzte ere, harremana inoiz baino sakonagoa da askotan.

Eta zergatik da hau dena garrantzitsua?

  • Pertsonen arteko harremana eta komunikazioa ez dagoelako gutxi batzuen esku
  • Ez delako norabide bakarrekoa
  • Ez delako masarentzako sortua, baizik eta komunitateak komunitatearentzako
  • Ekintza kolektiboaren abiapuntua delako gizabanakotik hasita
  • Gure burua ezagutzen dugulako besteen bidez
  • Inoiz baino errazagoa delako komunitateak sortzea

Gogoratu Clay Shirky.

EGUNERAKETA: Mikel Arbeloak Facebooken egindako iruzkin bati esker, El caparazón-en ikusi det badagoela Michael Wesch-en hitzaldiaren powerpointa ere. Hemen uzten dizuet. Gainera, lerro hauek idazterakoan atzean gelditu zitzaidan alderdi bat ere gogorarazi dit Dreig-ek, lanabesei buruzkoa. Lanabesak ez dira neutroak, askotan esaten den bezala pistola bat edo telebista adibide jarrita. Lanabesek moldatu egiten dute gizakia bere horretan, erabileraren kontua gora-behera. Kuriosoa egin zait bi puntutan bat egin dugula, izenburuan eta hiriaren aipamena egiten dugunean gaia testuinguratzeko.