Komunikazioa eta etika

Herrigintza,Komunikazioa

FullSizeRender.jpg

Kolonbian nagoen honetan, aspaldi buruan dabilkidan gai bati buruz idazteko bultzada eman didate urriaren 2an FARCen eta Kolonbiako gobernuaren arteko bake akordioaren  gaineko erreferendumaren kanpainek: komunikazioa eta etika.

FARCen eta Kolonbiako gobernuaren arteko akordioaren aldeko nahiz aurkako kanpainak lehia bizian ari dira sare sozialetan: txio bat bi minutuko. Sekulako indarra jartzen ari dira, bi aldeek ondo baitakite asko dagoela jokoan. Honaino igualtsu ari dira bi aldeak.

Edukia eta tonoari dagokionez, ordea, oso diferenteak dira. Baiezkoaren aldeko kanpaina muga etikoen barruan dagoela esango nuke; ezezkoaren aldekoak, ostera, muga etiko guztiak hautsi ditu, nere ustez.

Euskal Herrian ere badauzkagu muga etikoak hausten dituzten kanpainak, adibidez:

Hiru kanpainen artean antzekotasun handiak daude:

  • Gezurra (atez ateko herrietan saguak daude nonahi)
  • Egiantza
  • Nahasmena (euskara askatasunean)
  • Tono bortitza

Atez atesoren kasuan erasoak eta mehatxuak ere izan ziren Lezon, Pasaian, Hernanin, Usurbilen, e.a.

Nere ikuspegitik, kontrobertsia sozial bat gauza positiboa da komunitate jakin batek aurrera egingo badu. Eta kontrobertsia horretan lanean ari diren taldeek bere onena eman behar dute gauzak bere aldera eramateko, baina horrek ez du esan nahi gizartea psikologikoki erotu arte tenkatu behar denik. Hori da Kolonbian ikusten ari garena eta Gipuzkoan ikusi genuena, esaterako.

Espektakulu politikoari buruzko postean esaten genuen bezala, komunikazioan aritzen garenok muga etiko batzuen barruan burutu behar dugu gure lana, gure erantzukizun sozialaren parte delako. Inozokeria izan daiteke batzuen ustez, kontutan hartuta inguruan ikusten dena, baina nere aldetik behintzat ez det inoiz muga horiek gainditzeko beharrik izan neronen edo nere bezeroen helburuak betetzeko, ez eta beste aldeak muga etikoak hautsi dituenean ere.

Arduragabekeria galanta iruditzen zait gizartea lehertzeraino probokatzea arrazoi faltsuen eta nagusitasun mediatikoaren bidez, eta hauxe denez gure eguneroko ogia aldaketa sozialaren alde ari diren taldeen kasuan, taldeok ohi baino prestakuntza handiagoa behar dute gisako xafla zamatsua gainetik kendu, gauzak bere alde jarri eta gainera ekarpen jator bat egiteko dagokion gizarteari. Hori egin ezean bi aukera bakarrik gelditzen zaizkie taldeoi:

  • amore eman
  • ahitu arte protesta egin bidaideak lehenago edo beranduago frustratzeraino
  • komunikazio-estrategia antietikoak jorratu, gizartea modurik itsusienean polarizatuz

Zein da zure aukera?

Propagandaren oinarriak

Komunikazioa

1. Sinplikazioa eta etsai bakarraren oinarria.. Ideia bat eta bakarra hartu, sinbolo bat eta bakarra.

2. Kutsadura-metodoaren oinarria. Aurkari ezberdinak kategoria edo gizabanako bakar batean bildu. Aurkarien batuketa norbanakotua sortu behar da.

3. Transposizioaren oinarria. Aurkariari egotzi norberaren akatsak edo hutsuneak, eta erasoari erasoarekin erantzun. “Ezin badituzu berri txarrak ukatu, horiekiko arreta galaraziko duten beste batzuk asma itzazu.”

4. Desitxuraketa eta exagerazioaren oinarria. Edozein huskeria mehatxu larri bihurtu.

5. Herri-hizkeraren oinarria. “Propagandak herrikoia izan behar du, eta xede-taldearen inteligentzia txikieneko gizabanakoaren mailara ekarri behar da. Konbentzitu nahi den masa zenbat eta handiagoa, are txikiagoa egin behar den ahalegin mentala. Masen gaitasun rezeptiboa mugatua da, eta bere ulerkortasuna eskasa; gainera, erraz ahazten zaizkie gauzak.

6. Orkestratze oinarria. “Propagandak ideia kopuru txiki batera mugatu behar du, eta etengabe errepikatu behar dira; behin eta berriz aurkeztu behar dira ikuspegi ezberdinetatik, baina beti ere kontzeptu berean bat eginda. Ez pitzadurarik ez zalantzarik.” Hemendik dator hain ezaguna den esaera: “Gezur bat nahiko errepikatzen bada, egi bihurtzen da azkenerako.”

7. Berrikuntzaren oinarria. Etengabe igorri behar dira informazio eta argudio berriak, erritmo bizian, eta, horrela, aurkariak erantzun nahi duenerako, publikoak beste gai batzuetara jarrita egongo da. Aurkarien erantzunek ezin diote inoiz akusazioen maila gero eta handiagoari kontra egin.

8. Egianztaren oinarria. Argudioak eraiki iturri ezberdinetatik abiatuz, globo-zunda deritzen horien bidez edo zatikako informazioen bidez.

9. Isiltasunaren oinarria. Argudiorik ez daukagunean, auzia isildu; aukariari mesede egiten dioten auziak disimulatu. Horretarako kontraprogramatu ere egin behar dugu, gure sokako komunikabideen lagauntzaz.

10. Transfusioaren oinarria. Oro har, propagandak lan egiten du lehenagotik dagoen mami batetik abiatuta; izan daiteke mitologia nazional bat, edo izan daiteke gorroto nahiz aurreiritzi tradizionalen saski-naski bat. Kontua da argudioak zabaltzea joera primitiboengan eragina izango dutenak.

11. Ahobatekotasunaren oinarria. “Mundu guztiak” bezala pentsatzen duen jende asko konbentzitu, ahobatekotasun ustea sortuz.

Joseph Goebbels

Edozein antzekotasun errealitatearekin, kasualitate hutsa hotza da.